Anari kantariaren lan berria

Gotzon Uribe

anari

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

4 urte igaro dira bere aurreko diska plazaratu zenetik eta 14 lehen lana argitaratu zuenetik. Euskal kantagintzak eman duen ahotsik pertsonalenetarikoa berriz bueltatzen da.

Urriaren amaierarako izango dugu esku artean Anari azkoitiarraren disko berria eta zuzenean ikusteko aukera azarotik aurrera. "Irla izan" izenburupean plazaratuko da diskoa Bidehuts zigiluaren eskutik. Bidehuts aurretik Metak zigiluan aritutako Asier Zuluetak eta beste zenbait lagunek sorturiko ekimena da, besteak beste, Inoren Ero Ni eta Gora Japón taldeen diskoak plazaratu dituzte.

38 urteko kantariak bere disko berria Andoaingo Garate estudioan grabatu du Kaki Arkarazo eta Karlo Osinaga teknikarien laguntzarekin. Estreineko diskoa plazaratu zuenetik bere ibilbidea jorratzen joan da Anari, abesti sarkor, emankor, esanguratsu eta barruko indar handia azaltzen dutenak izan dira bere ezaugarri nagusiak, musika eta letra batera ezin hobeto uztartuta eraman izan dituela beti.

Iluntasuna, gordinatasuna eta emozioa izan dira bere abestiak ezagutarazteko eta deskribatzerako orduan erabili diren adjetiboak. "Habiak" bere bigarren diskoarekin kantari sendo baten aurrean aurkitu ginen, estreineko lanarekin alderatuz hemen bai testuen zein musikaren indarra ezberdina zen, sendoagoa, osatuagoa. Gerora, 2005ean "Zebra" lana agertu zen, libre eta emankor. Besteak beste Audience taldeko lagunek parte hartu zuten bertan.

Orain, disko berrian aurreko lanetatik hartutako ezaugarri ezberdinak izango ditugu entzungai, bai piano doinuak bai gitarren zorroztasuna ere. Musikari talde berdinak jarraitzen du, Borja (gitarra), Drake (baxua) eta Mikel Abrego (bateria). Diskoa osatzen duten letrak berak idatzi ditu eta diskoari tituloa emanten dion "Irla izan" metafora gisa ulertu behar dugu.

"Bizi momentuaren metafora bat da. Beti bilatzen dut kontzeptu bati loturiko ideia, eta kasu honetan irla izan da. Irla da zugandik beste denera dagoen distantzia, eta beste denetik zugana dagoen distantzia, eta ez dute zertan distantzia bera izan".

 

Gotzon Uribe

2009, Iraila 01