Betagarri disko berriarekin datoz

Gotzon Uribe

betagarri
Betagarri talde gasteiztarrak datorren urriaren 29an izango du kalean "Bizitzari txistuka" izenburuko disko berria, Elkar argitaletxearen eskutik, azken lana ("Hamaika Gara", Oihuka 2006) kaleratu zutenetik hiru urte betetzen direnean.

"Bizitzari txistuka" izenburupean, Betagarrik 14 abesti bildu ditu lan berrian. Hamasei urte pasatu dira talde hau bere lehen kontzertuak ematen hasi zenetik. Tronpeta, saxofoi eta tronboien laguntzaz, reggae eta ska musika jotzen dute, rock eta punk doinuekin nahastuz. Gizarte gatazkak, Euskal Herriko egoera, maitasuna eta edonork izan ditzakeen kezkak dituzte mintzagai euren abestietan. 2006an futbolaren estetikarekin atera zuten euren azken diskoa: "Hamaika gara". Disko berria Azkarateko Katarain estudioan grabatu dute, Nafarroan.

Betagarriren hastapenak 1993. urtean kokatu behar ditugu. Urte hartan beraien lehenengo maketa izango zenari forma eman behar zioten abestiak prestatzen hasi ziren. Izenburu eta azal moduan, hasiberrien "L" bakarra erabiliz, Kasete moduan beraien kabuz kaleratutako lan horren 1500 ale inguru saldu zituzten, kontutan hartuta gehienak tabernetan banatu zituztela. Urteak geroago CD euskarrian berrargitaratua izan da. Bateria, baxua, bi kitarra, tronpeta, saxofoia eta tronboiaz osaturiko behinbetiko formazioa izango zena profilatu ondoren, bi urte eman zituzten hainbat jaialditan beraien zuzenekoa aurkezten, eta azkenean, 1997. urtean "Betagarri" izeneko beraien lehenengo diskoa kaleratu zuten Mil A Gritos diskoetxe gasteiztarraren eskutik. Beraiekin ere argitaratu zuten bigarren diskoa, "Arren Erro Zarra" izena zuena.

Disketxez aldatu zuten 1.999. urtean, Esan Ozenkirekin, jadanik 15.000 aletik gora saldu dituen "80/00" diskoa kaleratzeko. Bertan euskal musika taldeen hogei bertsio grabatu zituzten. Esan Ozenkiren desagerpenarekin, eta beraiekin "Freaky Festa" diskoa ere kaleratu ostean, hurrengo disketxea Metak izan zen, non aurreko diskoaren abestiak bernahasten zituen "Remix" argitaratu zuten. Baita ere "Arnasa Hartu" eta "Zuzenena", Katalunian zuzenean grabaturikoa, eta kontzertua eta taldeari buruzko dokumentala jaszotzen dituen DVD batekin batera aurkeztu zutena. 2005. urtean Jaro disketxe alemaniarrak taldearen disko guztien abestiez osaturiko bilduma bat argitaratu zuen Alemania, Austria eta Herberetan. Izenburua, "Basque Fire". Azkenengo diskoa "Hamaika Gara" izan da, 2006ko azaroan Oihuka disketxearekin kaleratutakoa.

Betagarrik orotara saldutako diskoen kopurua 50.000tik gorakoa da, kontutan hartu gabe disko bereziak edo eta beste taldeekin batera osatutako bildumak. Adibidez "Altres Cançons de Nadal", 2005eko azaroan Global disketxeak argitaratua, non Betagarrik katalaneraz abesturiko kanta agertzen den, edo baita ere "Hatortxu Rock" DVDa. Bertan dozena erdi kanta jotzen dituzte jatorrizko abeslariekin batera (Barricada, Piperrak, Huajolotes...). Agerraldiei dagokionez, 14 urte luze hauetan 700 kontzertu inguru eskeini dituzte.

 

 

Gotzon Uribe

2009, Urria 22