"Taxirik ez” Jabier Muguruzarentzat

Gotzon Uribe

jabier_muguruza"Taxirik ez" Jabier Muguruzak duela 15 urte martxan jarritako obra horren hamargarren atala dugu. Orduan hasi zen kantari moduan eta orduko "Boza barruan"(gitarra, kontrabaxua eta akordeoia, ahotsaren lagun) jada harriduraz eta miresmenez hartua izan zen, bai kritika bai musikarien aldetik.

Urte hauetan zehar, haren diskoak jasotzen jarraitu dugu, beti ere kontzeptu guztiz pertsonala islatzen dutenak: intimista, dotorea, sentibera, lasaia... maila bikaineko testuetatik abiatuta.

Denboran zehar nola mantendu ote den halako apostu ausarta, zeinak jazz giroa, testu poetikoak, eta doinu zorrotzak konbinatzen dituen, hizkuntza minorizatu batean abestuak? Ez da erraz ulertzen, baina 94tik Jabierren lana babesten duen gutxiengo gero eta handiagoa arrakasta horren bermea da, dudarik gabe.

"Taxirik ez" dio oraingoan tituluak, eta egia da lehen entzunalditik egiaztatzen dugula obra honetan ez dagoela taxirik kaxkarkeria itogarrira daramanik, ezta konformismora edota gaur egungo bihotz-gogortasun basatira daramanik ere.

Bai musika atalean bai testuetan irundarrak ohikoak izan ditu berriz lagun. Musikari dagokionez, Txema Garcés (baxua eta moldaketak), Angel Unzu (gitarra akustikoa), David Gómez (bateria), Mireia Otzerinjauregi (ahotsa) eta Roberto Yaben (gitarra elektrikoa) aritu dira. Testuetan, Iñaki Irazu, Harkaitz Cano, Bernardo Atxaga, Gerardo Markuleta, José Luis Padrón eta Iban Zaldua.

Muguruza anaien artean nagusiena den Jabierren hamargarren diskoa da honakoa, jostalaria eta argitsua, aitaren heriotzak markaturiko "Konplizeak" haren ondotik datorkiguna.

 

Gotzon Uribe

2009, Urria 22