Kemen Lertxundi. Kostaldetik datozen abestiak

Gotzon Uribe
kemen

Itoiz, Delirium Tremens, Piztiak edo Zubipeko Swing besteak beste. Badira zenbait talde kostaldetik atera direnak. Mutriku, Ondarroa eta Lekeitio artean musikarako sormena ez da inoiz falta izan. Garai bateko kontuak alde batera utzita belaunaldi berriek ere badaukate kantugintzarako grina. Kostaldetik datorkigun azken adibiderik garbiena Kemen Lertxundi ondarrutarra dugu.

Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik, "Galdutako zubixak" lanarekin ezagutu genuen olerkari eta musikaria. Orain kantariaren bigarren lana plazaratu da, "Begi berriak atzo gaueko irudientzat" izenburupean.

Kemen Lertxundik folka, popa eta kantautoregile eremuak nahastu ditu bere lan berrian. Aurreko diskoarekin alderatuz aurrerapausu bat eman du kantari gazteak. Tradiziodun kantagintzari heldu arren -bere eraginetan Dylan edo Cohen somatzen ditugu- doinu elektrikoek ere badute lekua bere lanean.

Aurreko diskoarekin eman zen ezagutzera eta nolabaiteko sona lortu ere gure herri txiki honetan. Lertxundik bere musika eta abestiak sortzen dituen arren ez du karrera profesionalaren abentura bakarrik egiteko asmorik. Atzetik "lagun bikainak" dituela aipatzen du, "kantuak gorpuztu edo jantzi egiten dituztenak". Horien artean: Aitor Agirre (bateria), Joseba Zabaleta (baxua), Oier Ponce (pianoa eta teklista) eta Lizar Gojenola (gitarra elektrikoa) azaltzen dira. Gainera, adiskideak ez dira ondarrutarraren bidelagun bakarrak. Hala nola, eta esan bezala Bob Dylan, Ruper Ordorika, Anari eta Itoitz gustoko dituenak, badute orain Kemen Lertxundiren abestiekin disfrutatzeko aukera.

 

 

 

 

Gotzon Uribe

2009, Azaroa 16