"Pintxatu" Fermin Muguruzarekin

Gotzon Uribe

pintxatuFermin Muguruza ez da geldirik egoteko jaioa. Beti ditu proiektuak esku artean artista irundarrak eta "Checkpoint Rock" filmean zuzendaritza eta promozio lanetan jardun eta birnahasketaz osatutako diskoa salgai jarri ondoren, orain, sukaldaritza eta musika uztartuko dituen disko-liburua aurkeztu du: "Pintxatu".

Talka Records bere diskoetxeak argitaratuko du eta Fermin Muguruzak Edorta Lamo sukaldari eta DJarekin batera burutu duen egitasmo berritzaile eta ausarta dugu honakoa. Musika sukaldaritzan inspirazio iturri izan daitekeela erakusten digu lan berezi honek.

 

Disko-liburuan musikari hauen guztien abestietan oinarritutako pintxoen errezetak topa ditzakegu: Zion Train, Make & P3Z, Chalart 58, Mungo´s HIFI, Kamikaze, Daddy Jeff, Euskal Tropela, Makala, Rude, Domesticjazzcollective, Rob Smith, Safaa Arapiyat, Fermin Muguruza, Elphomega, Rasca y Pica & Tom Tom Makuts, Krak in DUB, Selector Matanzas, Rude & BAD Sound System, Sorkun eta Etienne Larsen. Gainera, Alex Iturraldek pintxoei argazkiak atera dizkie eta David Navascues diseinatzaileak proposamen bakoitzaren indar kreatiboa isladatzen duten ilustrazioak sortu ditu.

"Pintxatu" bi plater mota elkartzearen emaitza da: jateko platerek eta musika pintxatzeko platerek talka. Talka horren emaitza da 19 pintxoren errezetak (euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez), ilustrazioak eta argazkiak jasotzen dituen 100 orrialdeko kolorezko liburua eta inspirazio iturri gisa erabilitako 19 abestiak biltzen dituen CDa.

 

Gotzon Uribe

2010, Urtarrila 20