Dantza Baltza

Gotzon Uribe

jimmy_bidaurreta

Gaztelupeko Hotsak zigiluak 2007an 12 urte bete zituen. Hau ospatzeko bilduma berezi bat plazaratu zuen, hots, "Dantza Baltza" zigilu berri baten sorrera. 2008aren atarian groove, tekno, elektronika eta erremixen mundura lehen hurbilketa egitea nahi izan zuten. Horretan serio aritzeko asmoz Jimmy Bidaurreta musikari donostiarraren esku jarri zuten zigilu berria, garai haretan "Hotsak Dantzan" izenburupean Gaztelupeko Hotsak zigiluko kantu aukeratuen lehen bilduma kaleratu zuten.

Jimmy Bidaurreta (Donostia, 1971) ohiko izena da Euskal Herrian jazz, funk, musika elektronikoa edota latinoarekin loturik azken hamarkadan sortu diren proiektuetan. Pianista eta teklatu jotzaile gisa ezagutu eta nabarmendu bada ere (Argot, Tumbaíto, Sonora Candela, Javi Pez Orchestra, Acid Gazz, Makala Band, Grog eta Ortophonk taldeetan aritua da, besteak beste), bere ibilbideak beste hainbat adar ere baditu: zinema eta antzerkirako musika konposatu du, ekoizpen lanak egin ditu beste artista batzuentzat, eta gaur egun Gasteiz Big Bandeko zuzendaria da. Jardun oparo horretan beste urrats bat egin du Bidaurretak, eta world music edo musika etnikoaren esparrura hurbildu da bere bakarkako lehen lanarekin: "Cosmonaut Camel. An ethnictronic trip World".

Orain, eta nobedade moduan, "Hotsak Dantzan II" bilduma plazaratu dute, lehenengo bilduma zenari jarraipena emateko asmoz. Bilduma sailaren aurreneko single honetan euskal musikaren historiako irudi bikainenetako bi biltzen dira, Luis Mariano eta Jexux Guridi, hain zuzen. Euren ibilbidean ezin ahantzizko gai bik irudi retro-ciber-loungea hartzen dute Dantza Baltzaren ikuspegitik moldatuak.

Honekin batera Gasteiz Big Bandak ere bere ekarpena egiten du. Generoaren klasikoak jotzen 12 urte eman ostean eta hainbat musika molderekin flirtean ibili eta esperimentatu eta gero, Gasteiz Big Band taldeak berea duen estiloa ondu du. Big Band taldeek berezko duten izpiritua, izpiritu dantzagarria, jostakina, islatzen du talde honek gure garaiko koordenatuetan, non taldearen berezko kolorea oinarri elektroniko, scratcghing, rap, perkusio latino eta beste batzuekin nahasten den.

Bi lanak binilozko euskarrian azaltzen zaizkigu Txarly Brown diseinatzailearen irudi ederrez lagunduta.

 

Gotzon Uribe

2010, Otsaila 22