Beñat Irasuegi Ibarra - "Ekonomia sozialaren eredua eskoletara hurbildu nahi dugu"

Beñat Irasuegi Ibarra, Talaios kooperatibako langile eta bazkidea da. Kooperatibismoan formazioa ematen du eta enpresa proiektu kooperatibo berri eta kontsolidatuei estrategi kooperatiboan laguntzen die. Educkoop proiektuaren koordinazioan eta edukien lanketan aritu da azken urtean, mugazgaindiko ikuspegia eta kooperatibismoarena txertatzeko asmoz.

Zertan datza Educkoop proiektua? Zer da landu nahi dena?

Proiektu hau sortu zen ekonomia soziala eta kooperatibismoa Euskal Herrian zabaltzen gabiltzan eragile desberdinen artean, batez ere, mugaz gaindiko eragileen artean, Talaios Kooperatiba eta Antic Pays Basque. Hor ari gara duela urte batzuetatik Ipar eta Hego Euskal Herrian harreman horiek lantzen, ikusten genuelako bazegoela arlo bat landu gabe eskoletan, ekonomia soziala edo ekonomiarekin lotutakoa. Horrela, proiektuaren helburua da mugaz gaindi ekonomia soziala edo ekonomia iraunkorra eskoletara hurbiltzea. Gainera, proiektu hau, ikuspegi esperimental batetik ari gara lantzen.

Zer dute edo zer eskaintzen dute, bada, proiektu sozial edo iraunkorrek, hezkuntza zentroetan landu nahi izateko?

Normalean, ikusi duguna da, Euskal Herrian ekonomia egiteko beste modu bat oso zabaldua baldin badago ere, eskoletan, ekonomia azaltzen denean, edo enpresa kontzeptua azaltzen denean, orokorrean jotzen da hegemonikoa den modu batera: ekonomia eta enpresa da irabazi asmoarekin egiten den aktibitate bat. Ez da inoiz lantzen lurralde desberdinetan pertsonek dituzten beharrekin lotuta edo lurraldeak dituen gaitasunekin lotuta. Guk erakutsi nahi duguna da ekonomiaren ikuspegia zabalagoa izan daitekeela eta enpresa ereduak anitzak izan daitezkeela, hau da, denek ez dutela irabazi asmoa aurretik jartzen, baizik eta beste helburu batzuekin ere egiten dela ekonomia. Hemen sartu daitezke enpresa batean lan egiten duten langileen ongizatea, ingurugiroaren zaintza edo lurralde batean behar bat baldin badago, horri aktibitate ekonomiko batekin erantzutea.

Zergatik landu arlo hauek gazteenekin?

Askotan, ekonomiaren edo enpresaren eremuan, gazteak baztertuta uzten direlako. Normalean, ikasketa prozesua amaitu ondoren hasten da pertsona bat ekonomia edo enpresa arloetan pentsatzen, bai lana behar duelako edo bestelako gauzak egin nahi dituelako. Uste dugu, benetako ikuspegi zabal hori izateko, hezkuntza prozesuan ere horrelako kontzeptuak sartu behar direla. Gainera, sartu behar da, beste gaietan bezala, ikuspegi kritikoz ahal bada eta ahalik eta aukera gehien emanez ikasten ari denari, ahal bada behintzat.

Hor hutsune bat ikusi genuen, eta proiektu hau oso xumea da hutsune horri erantzuteko, baina helburua ere bada hutsune horretan esperientziak eta beharrak antzematea.

Nolako harrera izan du proiektuak ikasleen artean?

Orokorrean ez daude ohituta horrelako kontzeptuetara. Lehen aurretik esan dut, ekonomia eta enpresa arloak eredu hegemonikotik jasotzen dituzte, bai eskolatik baina baita gizartetik ere, ikuspegi kapitalista gailentzen delako. Orduan, alde batetik, zerbait arrotza bezala ikusten da hasieran. Baina esperientziekin eta adibideekin jokatzen hastean, eta tailerretan ikasleekin gai honi buruz hitz egitean, pixkanaka ikusten da hurbilpen bat dagoela eta ikasle guztiek dutela esperientziarenbat ekonomiarekin edo enpresarekin, bere familian edo inguruan badagoelako esperientzia bat edo bere egunerokoan ere ikusten dituztelako esperientzia desberdinak. Orduan, oso tailer motzak izanda ere, ikusten dena da gaia mahai gainean jartzen bada, hurbilpen bat eta interes bat badagoela. Gero interes hori handiago egiteko edo gehiago sakontzeko, beste mota bateko lanketa beharko litzateke, baina hori aurreragorako.

Etorkizunera begira jarrita, nolako gizartea irudikatzen duzu arlo honetan? Aldaketarik egongo dela uste duzu?

Niri iruditzen zait aldaketa bat jada badagoela gizartean eta laneratze munduan. Alde batetik, prekarizazioa handiagoa da gaur egun garai batean baino. Lehen, gauza konkretu batzuk ikasten bazenitun, horrek lan batera eta posizio sozial batera eramaten zintuen eta, hori, modu batera, puskatu da. Ikasketek ez zaituzte posizio sozial bat ziurtatzen.

Ikasleek gai hauek ezagutzea, eta lanerako orduan autonomia edo proiektugintza beraien aukeretan sartzea, interesgarria izan daiteke, laneratzeko momentuan beraien lurraldean proiektu eraldatzaileak edo iraunkorrak egiteko aukera ikusten badituzte, egin ahal izateko. Hori ez da prozesu erraz bat, baina iruditzen zaigu errazagoa izango dela hori eskolan jaso baduzu, hau da, laneratze modu kooperatiboa, lurraldeari lotuta, ingurugiroa errespetatuz... hori guztia aurretik ezagututa, errazagoa izango dela uste dugu.

Gaur egun ikusten duguna da kriston arrakala dagoela norberari lanak eskaintzen dionaren eta benetan egin nahiko lukeenaren artean. Guk nahi duguna da jendeak lanetik ere bere bizitzetan egin nahi duen hori egiteko aukera izatea eta, espero dugu, etorkizunean aukera horiek zabaltzea. Hori da guk nahiko genukeena. Ez da kontu erraza, baina landu behar da. Askotan, kooperatibismotik esan izan da, hezkuntza oinarrizkoa dela gero lana modu autogestionatuan egin ahal izateko. Ba hau piezatxo bat besterik ez da, gustura egiten ari garena.

Mattin Solis

2024, Urtarrila 22
Arloa: Berba Bi