Bizkaiko Bertso Txapelketaren erritmoan

Bizkaiko Bertsolari txapelketak egin du aurtengo ibilbiderik gehiena baina final handiaren atarian final aurrekoen hiru saioek zer eman duten ikusi dugu.

Lehen finalaurrekoa Berrizko Olakueta frontoian izen zen. 550 entzule inguru bertso gosez eta bertsolariak nor bere helburuak ongi markatuta agertu ziren. Kantuan, Aitor Etxebarriazarraga Gabiola, Eneko Abasolo Txabarri Abarkas, Gorka Pagonabarraga Agorria, Iruri Altzerreka Martinez, Koldo Gezuraga Seijido eta Xabat Galletebeitia Abaroa. Xabat Galletebeitiak irabazi zuen bertso saioa eta finaleko aukerekin geratu ziren Gorka Pagonabarraga eta Aitor Etxebarriazarraga ere.

Bigarren finalaurrekoan ere bostehun lagunetik gora bildu ziren Santurtziko Serantes kultur aretoan. Kantuan,, Aitor Bizkarra Ruiz, Bittor Altube Sarrionandia, Jone Uria Albizuri, Mikel Goiriena Larrazabal, Txaber Altube Sarrionandia eta Unai Mendiburu Valor. Jone Uriak egin zuen lehenengo. Alde nabarmenarekin irabazi zuen Uriak, oro har eta lehen finalaurrekoa baino apalxeagoa izan zen bigarrena puntuaketen erakutsi bezala.

Hirugarren eta azken finalerdirako aukera guztiak eta kiniela guztiak zabalik zeuden. Aste bete lehenago sarrera guztiak salduta Lemoako frontoiak itxura ederra zeukan. Kantuan, Aissa Intxausti Aburruza, Ibai Amillategi Omaetxebarria, Nerea Ibarzabal Salegi, Oihana Bartra Arenas eta Onintza Enbeita Maguregi. Azken saio honetatik lau sailkatu dira final handirako eta horrek saioaren maila ona irudikatzen du. Adibide moduan Nerea Ibarzabalek kartzelako lanean botatako azken bertsoa hau. Gero eta gehiagotan egiten duzu. Inork ikusi barik egiten ahalegintzen zara zihoen gaiak eta horrela borobildu zuen Nereak:

Gustura astindu arren

feminismoan banderak

aldiro bahitzen nau ni

barrualdeko gose grebak

murriztuaz zoriontsu

bilakatzeko aukerak

autoestimua ebakiz

zorroztasunaren segak

berriz mahaira itzuli naiz

bajatuta eskailerak

eta amak zer zelan zaude?

arraro esan dit berak

eskatu nahiko nioke

salbazio posible bat

arren sartu atzamarrak

eta aterazkidazu berbak

Beraz, abenduaren 16an Miribillan Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti izango dira kantuan.

Zortzi finalista, zortzi ibilbide

Aissa Intxausti Aburruza (1996 Lekeitio)

Lekeitioko eskola publikoan hasi zen bertsotan, bertsolaritza klaseak ematera joaten baitzitzaien. Ikuskizun ezberdinetan parte hartu du: Urpekakariak, Alpistegia, Hor Konpon Mari Anton eta Pretresku bertso-antzerkiak egin dituzte. 2022tik Bizkaiko Bertsozale Elkarteko Zuzendaritza kidea da. Egun, udal bateko kontu-hartzaile lanetan dabil. Bere lehen finala du aurtengoa.

Aitor Etxebarriazarraga Gabiola (1993 Gernika-Lumo)

Fisikaria eta irakaslea. Donostian bizi da eta Lilibertso Bertso eskolako kidea da. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 2018an parte hartu zuen lehenengoz eta 2021ean finalista izan zen.

Oihana Bartra Arenas (1994 Bilbo)

Bilboko Santutxuko Bertso Eskolan hasi zen bertsotan. Irakasle eta itzultzaile jarduten du gaur egun

Gorka Pagonabarraga Agorria (2000 Durango)

2018ko Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelduna izan zen; u. Bizkaiko Bertsolari Txapelketan 2018an parte hartu zuen lehenengoz eta 2021ean finalista izan zen.

Onintza Enbeita Maguregi (1979 Muxika)

2006an iritsi zen lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera. Eskualdeko txapela irabazi zuen urte hartan eta harrezkero izan diren final guztietara sailkatu da Bizkaian. 2018an Bizkaiko Txapeldun izan zen. 2005, 2009, 2013, 2017 eta 2022ko Euskal Herriko txapelketan parte hartu du.

Jone Uria Albizuri (1990 Getxo)

Matematikan doktore da eta irakasle gisa lanean ari da Euskal Herriko Unibertsitatean.  2008an hartu zuen parte lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara iritsiz eta gerora finaletan aritu da, 2010, 2012, 2014, 2016, 2018an eta 2021ean. Azkenekoan, buruz burukoan kantatu zuen. 2009, 2013, 2017 eta 2022ko urteetako Bertsolari Txapelketa Nagusietan ere aritu da.

Xabat Galletebeitia Abaroa (1986 Lekeitio)

Farmazialaria ikasketaz, Bigarren Hezkuntzako irakaslea da lanbidez. Bizkaiko Txapelketan finalista izan da 2014an, 2016an, 2018an eta 2021ean. 2016an buruz-burukoan kantatu eta txapeldunorde izan zen. Txapelketa Nagusian parte hartu du 2017. urtean eta 2022an.

Nerea Ibarzabal Salegi (1994 Markina-Xemein)

Kazetaria da ikasketaz. Bertsolaritzaz gain, bestelako diziplinetan ere aritua: prentsako kolaboratzaile, gidoilari, irratiko esatari, idazle…2016an Bizkaiko Txapelketako finalista izan zen eta Txapelketa Nagusira sailkatu zen handik. 2018an ere finalista izan zen, eta 2021ean Bizkaiko Txapelduna. 2022ko Euskal Herriko Txapelketan finalista izan zen.

Nafarroako finala ate joka

Abenduren 2an izango da azken ekitaldi hori, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, 17:00etan hasita. Zortzi bertsolari iritsi dira azken geltokira: Eneko Lazkoz Martinez, Joanes Illarregi Marzol, Josu Sanjurjo Altzuri, Julio Soto Ezkurdia, Saats Karasatorre Martinez, Saioa Alkaiza Guallar,  Sarai Robles Vitas eta Xabat Illarregi Marzol. Horien artean izango da 2023ko txapelduna.

Iñaki Iturriotz

2023, Azaroa 27
Arloa: Bertsoleku