Belako taldearen “Plastic Drama” lan berria

Gotzon Uribe

2020, Maiatza 24
Arloa: Barri music

Hasiera batean maiatzaren 8an plazaratu behar zen Mungiako taldearen disko berriak abuztuaren 28an ikusiko du argia.

“Plastic Drama” izenburua eramango du eta orain arte egin duten lanik osatuena da. Ibilbide oparoa izaten ari den talde gaztea dugu Belako. Disko berri bakoitzarekin aurrerapausu bat eman dute bai sormen aldetik zein estiloari dagokionez.

Nazioarteko hainbat lekutan aritu ondoren, urte eta erdi eman du taldeak abesti berriak prestatzen beraien ibilbideko hirugarren diskoa izango dena burutzeko. Belako rekords zigilupean eta BMG Internationalen lizentziapean argitaratuko dute “Plastic Drama”.

Gogoetara daraman diskoa da berez lan berria, aldarrikapenez betea eta garaikidea. Bost abesti jarri dituzte entzungai beraien euskarri digitaletan eta argi somatzen da taldeak azken urteetan ahabideratutako estiloa gailentzen dela. Distortsioa, melodia biziak, ahots sarkorrak eta gorputza astintzeko gai diren kantuak. Anbizioz beteak nazioartean du jarria taldeak jo muga. Euskal Herriaz gain AEBatuetan eta Ingalaterra moduko lekuetan garatu nahi dute beraien ibilbidea eta horretako prest daude.

Covid-19 gaixotasunaren ondorioz hainbat aurkezpen kontzertue geratu zaizkie bertan behera eta honen arira beraien entzuleekiko harremana arintzeko “auto-zinema” bira txiki bat antolatzea erabaki dute. Horrela Madril, Denia eta Getxoko auto-zinemetan arituko dira “Plastic Drama Autotour” izenburua daramaten emanaldi hauetan. Bertara automobilean, bizikletan zein garraio publikoan joateko aukera izango da eta taldeak abesti berriez gain aurreko diskoetako kantuak ere joko dituzte. Kamioi mugikor baten gainean arituko dira eta ikusentzunezko muntaia berezi bat izango dute lagun. Esperientzia honi lotuta Koldo Serra zine zuzendariak dokumental bat grabatuko du.