Solarpunka

Gorka Julio

2019, Abendua 26
Arloa: Sarean

Hamarkada bukatzear dagoela, edozein hondamendi sinesgarriago egiten zaigu etorkizun positibo bat baino. 

Aldaketa klimatikoak, ekaitz solarrak, lurrikarak... fenomeno naturalez gain, gizakiak sortzen dituen arazo larriak, desorekak, gerrak... etorkizun distopikoetan pentsatzeko besterik ez dute balio. Netflix eta streaming plataformetako serie gehienak distopikoak dira eta pertsonaia nagusiak zapalduak, zonbiak, banpiroak, eta egoerak katastrofikoak, apokaliptikoak edota guztiz beltzak dira. Aldiz, bada fenomeno berri bat zientzia fikzioan: Solarpunka. Genero berri honek, Cyberpunkaren ondorengo izenda badaiteke ere, etorkizun positibo bat markatzen digu. Energia berriztagarriak, komunitate lana, jasangarritasuna ditu oinarrian. Lan horietan agertzen den etorkizunean gizakiok era positiboan eragin dezakegu, ez soilik negatiboan.

Solarpunkaren lehen ideiak 2008koak dira; urte horretan, «Republic of the Bees» izeneko blog batek argitaratu zuen argitalpenean «De Steampunk a Solarpunk». Argitalpena solarpunka Steampunken inspiratutako literatur genero bat bezala kontzeptualizatzen hasten da.

2012an, lehen solarpunk antologia, «Solarpunk: Histórias ecológicas e fantásticas em um mundo sustentável», Brasilen kaleratu zuten; ingeleserako itzulpena, berriz, 2018an kaleratu zuten.

Solarpunkera jarraitzaile gehiago erakarri zituen 2014ko maiatzean, Olivia Louisek Tumblr mezu bat argitaratu zuenean, solarpunk estetika ezartzen hasi zena. 2014ko irailean argitaratu zen «Solarpunk: notes toward a manifesto». Egileak, Adam Flynnek, Olivia Louisen argitalpena inspirazio iturri izan zela aitortu zuen orduan.

2019ko urrian, a «Solarpunk Manifesto» lanean, pertsona askok idatzitako solarpunkari buruzko ideien berregokitze sortzailea argitaratu zen, The Solarpunk Community izenarekin sinatua.

solarpunk bandera

Solarpunkaren aurrekari zuzenak beraz, steampunka eta cyberpunka dira. Steampunkak ukronia bat proposatzen du eta lurruna duen mundu bat irudikatzen du gaurko elektrizitate tradizionalaren ordez, solarpunkak energia iturri berriztagarriak energia iturri nagusi bezala irudikatzen dituen bitartean. Cyberpunkak teknologia aurreratuekin irudikatzen ditu etorkizunak, askotan gizateriarekiko estimu falta erakusten dutenak. Bai cyberpunkak, baita solarpunkak ere, potentzialak irudikatzen dituzte orainarekiko kezken ikuspegitik, baina cyberpunkak gauzak gaizki nola atera daitezkeen azpimarratzen duen bitartean, solarpunkak gauzak nola hobetu daitezkeen irudikatzen du.

Batetik, energia kudeaketa eta naturarekiko harremanetan eraikitako etxebizitzak ageri dira. Forma biologikoetan inspiratutako diseinuak, argiak, osasuntsuak. Beste alde batetik, punk hitza ere agertzen da: grina, errebeldia, ausardia, utopia... adierazteko. Hayao Miyazakiren Castle In The Sky filma izan daiteke ikus-entzunezkoen alorrean joera honen erakusgarrietako bat.

Hauek Solarpunk manifestu horretan jasotzen diren puntuak euskarara ekarriak. Solarpunka, etorkizunaren ikuspegi bat da, probokazio gogoetatsu bat, bizitzeko modu bat eta etorkizun hori lortzeko proposamen errealisten multzo bat aldi berean.

  1. Solarpunk-ak gara baikortasuna kendu digutelako, eta berreskuratzen saiatzen ari gara.

  2. Solarpunk-ak gara, beste aukera bakarrak ukazioa edo etsipena direlako.

  3. Bere muinean, solarpunka gizadiak lor dezakeen onena irudikatzen duen etorkizunaren ikuspegia da: eskasiaren ondorengo mundua, hierarkiaren ondorengoa eta kapitalismoaren ondorengoa, non gizateria naturaren parte gisa ikusten den eta energia garbiek erregai fosilak ordezkatzen dituzten.

  4. Solarpunkeko «punkak« matxinadarekin, kontrakulturarekin, post-kapitalismoarekin, dekolonialismoarekin eta gogo biziarekin du zerikusia. Gero eta kezkarragiago den ohiko bidea ez den beste norabide batean joatearekin du zerikusia.

  5. Solarpunka mugimendu bat zein genero bat da: ez du soilik istorioekin zerikusia, baita horiek gauzatzeko moduarekin ere.

  6. Solarpunkak taktika ugari hartzen ditu: ez dago solarpunk egiteko modu egokirik. Izan ere, mundu osoko hainbat komunitatek izena eta ideiak hartu eta autoeratutako nitxoak eraikitzen dituzte.

  7. Solarpunkak perspektiba berri baliotsu bat, paradigma bat eta hiztegi bat ematen dizkigu, etorkizun posible bat deskribatzeko. Retrofuturismoa besarkatu beharrean, etorkizunari begiratzen dio erabat solarpunkak. Ez etorkizun alternatibo bati, baizik eta etorkizun posible bati.

  8. Gure futurismoa ez da ziberpunkarena bezalako nihilista, eta steampunkaren joera potentzialki erreakzionarioak saihesten ditu: inozentziarekin, sorkuntzarekin, independentziarekin eta komunitatearekin du zerikusia.

  9. Solarpunkak ingurumenaren iraunkortasuna eta justizia soziala nabarmentzen ditu.

  10. Solarpunkak oraintxe bertan gure bizitzarik zoragarriena egiteko moduak aurkitzearekin du zerikusia, baita atzetik datozen belaunaldiena ere.

  11. Gure etorkizunak lehendik daukaguna berrerabiltzea dakar, eta, behar izanez gero, eraldatzea, beste erabilera bat emateko. Imajinatu "hiri adimendunak" baztertzea herritartasun adimendunaren mesedetan.

  12. Solarpunkak politikak eta zientzia fikzioak bata bestean izan duten eragin historikoa aitortzen du.

  13. Solarpunkak zientzia fikzioa denbora-pasa soil gisa ez ezik, aktibismo modu gisa ere onartzen du.

  14. Solarpunkak hilzorian dagoen lur baten agertokien, aberatsen eta pobreen arteko arrakala gaindiezinaren eta korporazioek kontrolatutako jendarte baten aurka egin nahi du. Ez ehunka urtetan, oraintxe bertan baizik.

  15. Solarpunkak gazteriaren ekile kulturarekin du zerikusia, tokian tokiko soluzio eta sare energetikoekin, funtzionatzen duten sistema autonomoak sortzeko moduekin. Mundua maitatzearekin du zerikusia.

  16. Solarpunk kulturak barne hartzen ditu kultura, erlijio, trebetasun, sexu, genero eta sexu identitate guztiak.

  17. Solarpunka tolerantzia hutsa ez ezik, erruki eta onarpen osoagoa ere besarkatzen duen bilakaera soziala lortzen duen gizateriaren ideia da.

  18. Solarpunkaren estetika bisuala irekia da eta eboluzionatuz doa. Une honetan, honako hauek nahasten dira:

    1. Bela nabigazioa eta 1800. urteko mugaren mitoaren estiloko bizimodua (baina bizikleta gehiagorekin).

    2. Lehendik dagoen azpiegituraren berrerabilpen sortzailea (batzuetan post-apokaliptikoa, batzuetan garaikide-arraroa).

    3. Teknologia egokia.

    4. Art Nouveau.

    5. Hayao Miyazaki.

    6. Jugaad estiloko berrikuntzak mendebaldekoak ez diren herrialdeetatik.

    7. Teknologia altuko backend-ak , emaitza erraz eta dotoreekin.

  19. Solarpunkaren ingurune eraikiak hirigintza berriaren edo oinezkoentzat pentsatutako printzipioetan eta ingurumenaren iraunkortasunean inspiratuta daude.

  20. Solarpunkak, modu sortzailean eraikitako giro bat sortzen du, besteak beste, eguzki irabazia teknologia ezberdinak erabiliz aprobetxatzeko. Autosufizientzia eta bizitza sustatzea da helburua, muga naturalen barruan.

  21. Solarpunkean gure planetaren suntsipen geldoa geldiarazteko ia berandu gelditu gara. Zientzia zentzuz erabiltzen ikasi dugu, gure planetaren parte gisa gure bizi-baldintzak hobetzeko. Jada ez gara nagusi gorenak. Zaintzaileak gara. Lorezainak gara.

  22. Solarpunka:

    1. Anitza da.deviant

    2. Espiritualtasuna eta zientzia elkarrekin egoteko lekua du.

    3. Ederra da.

    4. Oraintxe gerta daiteke.

Amaitzeko, genero honek eta sortzeko dauden beste joera batzuek ez-etorkizun baten aurrean esperantza proiektatzen dute. Behar beharrezkoak dira, hondamendi bezala aurkezten zaigun etorkizunaren aurrean ezin delako ezer egin, egin edo ez iritsiko den zerbait baita bestela.

Irudia: https://www.deviantart.com/astral-requin/art/Solar-Ascension-808565337