FossaSat pikosatelite librea

Gorka Julio

2019, Maiatza 06
Arloa: Sarean

Gizakiok, teknologiaren garapenean izugarrizko aurrerapenak egin baditugu ere, horietako batzuk pertsona gutxi batzuen eskuetan daude.

FossaSat pikosatelitea

Imajinatu orain, espazioa, azken muga dirudien hori eta herritarron eskuetan egon daitekeen teknologia uztartzea. Ba horixe da FossaSat, hardware libre satelitea orbitara bidali nahi dutenen helburua.

Gizakiok, teknologiaren garapenean izugarrizko aurrerapenak egin baditugu ere, horietako batzuk pertsona gutxi batzuen eskuetan daude. Imajinatu orain, espazioa, azken muga dirudien hori eta herritarron eskuetan egon daitekeen teknologia uztartzea. Ba horixe da FossaSat, hardware libre satelitea orbitara bidali nahi dutenen helburua.

Software librea ezagunagoa da, baina hardware librea ez hainbeste. Hardware librea, diseinua publikoki eskuragarri duen gailu elektroniko edo hardwarea da, edozein pertsonak aztertu, aldatu, banatu, eraiki eta saldu ahal izateko moduan, bai diseinua bera zein diseinu horretan oinarritutako hardwarea. Hardwarearen iturria, sortzeko erabili den diseinua, eraldatu ahal den formatu egokian -fitxategietan- eskuragarri egon behar du eta idealki, erraz eskuratu daitezkeen osagai eta materialak, prozesu estandarizatuak, azpiegitura irekiak, murrizketa gabeko edukiak eta kode irekidun diseinu tresnak erabiltzen ditu, gizabanakoen hardwarea sortu eta erabiltzeko gaitasuna maximizatzeko.

Hardware libre esperientzia gero eta gehiago dago, ezagunenak Arduino edo Raspberry Pi proiektuak izan dira, baina orain Fossa Systems-ek salto bat eman eta munduko satelite txikienetako bat garatu nahi du. Helburua, telekomunikazioak demokratizatzea eta hardware espaziala eskuragarri jartzea da, oso txikiak diren pikosatelite horiek erabiliz. Beraien lehen satelitea, FossaSat-1, aurten orbitan jarri nahi dute eta Gauzen Interneterako lehen sare globala sortzeko eta horrela milioika pertsonari espazioko telekomunikazioetan sarbidea eman nahi diote.

Elkarte gisa beren helburu nagusia pikosateliteak garatu eta orbitara jaurtitzea da, gazte ingeniari eta zientifiko berrien belaunaldi berri bat inspiratuz, teknologia aeroespazialerako sarbidea zabalduz eta garapen eta merkaturatze kostua murriztuz. Sistema berri honi esker, milaka ikasle edo pertsona interesatuk komunikazio globalak eskuratu ahal izango dituzte. Lurreko azpiegiturarik gabeko lehen telekomunikazio sare globala ere sortu nahi dute bidean. Sarera edozein pertsona edo monitorizazio-sentsore konektatzek, nahikoa izango omen da 5 EUR baino gutxiagoko hartzaile bat. Sateliteak 5x5x5zm bakarrik izango ditu eta 250g-ko pisua, baina beste ezaugarri hauek ere izango ditu:

  • Eguzki panel zabalgarriak

    Galio artseniurozko TrisolX zelula fotoelektrikoak.

    • LoRa Transtzeptorea

      Komunikazio orokor libreak egiteko aukera, azken IoT teknologiarekin bateragarriak diren potentzia baxuko RF moduluak erabiliz.

      • Teknologia Berritzailea

        Teknologia aeroespazialean azkena, prozesatze erredundanterako sistema bikoitza. Beraiek diseinatua eta fabrikatua.

        • Softwarea

          Beraiek garatutako softwarea, Arduino IDEa erabiliz, ikasleentzako programazio-prozesua errazteko.

          FossaSat kode ireki eta libreko etikarekin garatzen ari da. Proiektu honetan parte hartzen duten hardware eta softwareari buruzko informazio zehatzagoa aurki dezakezu hemen. Dirua ere biltzen saiatzen ari dira gofundme plataformaren bidez, orbitaratzen hori posible egin ahal izateko. Bestela ere informazio gehiago aurkituko duzue beren blogean edota @FossaSys Twitter kontuan.