Mastodon.eus sare sozial berria

Gorka Julio

2018, Abendua 17
Arloa: Sarean

Mastodon.eus euskararen eta euskal kulturaren komunitatearentzat sortutako Mastodon sare sozialeko euskarazko instantzia da. Sare sozial globalen parean, software libreko tresna batek aukera berriak ireki dizkigu.

Nahi duenak, bere instantzia propioa sor dezake, eta, aldi berean, beste batzuekin komunikatu. Orain, euskarazko nodo berri bat daukagu gurean.

Ez dago bakarrik. Gertu mastodon.jalgi.eus eta orokorragoa mastodon.social beste instantzia edo komunitate batzuk ere badaude. Federazioari esker, berdin du zein instantziatik egon, beste erabiltzaileak jarraitu daitezkeela horrela. Bi milioi erabiltzaile inguru biltzen dira, fedibertso, federazioan oinarritutako sare sozial hauetan.

Izen arraro asko aipatu ditugu dagoeneko, goazen horietako batzuk argitzea. Informazio zehatzagoa kaixo.mastodon.eus webgunean topa badezakezue ere, hemen horren laburpentxo bat.

  • Federazioa: Federazioa deszentralizazio mota bat da. Sare sozial zentralizatuetan (Twitter, Facebook...) instantzia bakarra egoten da. Mastodonen kasuan hori ez da horrela, elkarren artean federatutako hainbat instantzia baitaude.
  • Instantzia: Federazioaren parte den zerbitzari bakoitzari instantzia esaten zaio. Instantzia bakoitzak bere arau propioak ditu. Elkarren artean konektatutako milaka instantzia daude. Batzuk erabilera orokorrekoak dira, beste batzuk hizkuntz komunitate baten inguruan sortuak, badira gai edo afizio baten inguruan sortutakoak ere. Edozein kasutan, lasai, elkarren artean federatuta daudenez beste instantzietako erabiltzaileak jarraitu eta haiekin komunikatzeko aukera izango duzu eta. Nahi izanez gero kontu bat baino gehiago sor ditzakezu instantzia desberdinetan.
  • Fedibertsoa: Fedibertsoa bateragarriak diren sare sozialen unibertso federatua da. Sare sozial horiek (Mastodon, GNU social, Friendica, Hubzilla, Diaspora, Peertube...) desberdinak izan arren elkarrekin komunikatzeko gai dira. Mastodonen instantzia desberdinetako jendea jarraitu dezakezun bezala, posible da fedibertsoko beste sare sozialetako erabiltzaileak jarraitu eta beraiekin elkarrekintzak izatea.

Erabiltzeko webgunera zuzenean sartu eta kontu bat sortzerik ez da egin behar. Hortik aurrera hasten da abentura. Zutabe ezberdinak berezituko dituzu bertan, lehena zuk jarraitzen dituzun erabiltzailearena da, bere ondoan instantzia horretan (zure komunitatean) dauden erabiltzaileen instantzia ikusiko duzu eta azkenik federatutako erabiltzaileen berri ematen duena.

Azken hau beharbada ulertzen zailagoa da; goazen apur bat gehiago azaltzera. Erabiltzaile bakoitzak nahi duen pertsonak jarrai ditzake, izan instantzia berekoak edo kanpokoak. Bada, azken zerrenda honek, gure instantziako edozein erabiltzailek jarraitutako kanpoko erabiltzaileen mezuak kanpokoak (edo tut-ak, horrela esaten baitzaio Mastodon sarean) erakutsiko dizkigu.

Zaila den sentsazioa izan dezakezu, baina gero bere horretan sare soziala benetan erraza eta erabilgarria da. Webguneaz gain, sakelakoentzako aplikazioak ere eskuragarri daude erabiltzeko. Horien artean bi, Tusky eta Mastalab, biak Android gailuentzako erabilgarri eta euskaraz.

Aurkezpen moduan Mastodon.eus sustatzaile taldeak, bideotxo bat ere egin du eta baita lehen pausoak ematen hasteko tutorial txiki bat ere. Merezi du probatzea, animatu!