Ahots bete sormen egonaldia

Iñaki Iturriotz

2018, Azaroa 29
Arloa: Bertsoleku

Ahots bete sormen egonaldia

 

Antzerkia, bertsolaritza, kantugintza eta literatura uztartzen dituen sormen egonaldia egingo da laugarren aldiz jarraian. Gabonetako oporraldian Aubixako aterpetxean, Elgoibarren (Gipuzkoa), elkartuko dira antzerkiarekin, bertsoarekin, kantuarekin eta literaturarekin esperimentatzen duten gazte sortzaileak.

Urtean zehar antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura lantzen duten gazte sortzaileei zuzenduriko egonaldia da; 1998 eta 2002 urteen artean jaiotakoentzat, hain zuzen. Egun bakoitzean diziplina batekin esperimentatuko dute gazteek: lehen egunean antzerkia landuko da; bigarrenean, literatura; hirugarren jardunaldian kantua; eta azken egunean, bertsolaritza. Horiek lantzeko egun bakoitzean aditu bat izango da beraiekin: besteak beste, Oier Guillan antzezlea, Danele Sarriugarte idazlea edota Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak.

Gazteen sen sortzailea hauspotzeko helburuz eta haien artean harreman sareak osatzeko sortu zen ekimena. Euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak beren artean harreman sareak egin eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburua du egonaldiak 1998 eta 2002 urte bitartean jaiotakoei zuzendutako deialdia da.Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen du, Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin, Bertsozale Elkartearekin eta ipuingintzari loturiko zenbait eragilerekin elkarlanean.

Jada hiru urtez egin da egonaldia eta emaitzarekin gustura geratu izan dira bai izena emandako gazteak, begiraleak zein parte hartu duten adituak.

atzera begiratu bat

Zestoako Sastarrain baserri eskolan izan zen 2017ko Ahots Baten sormen egonaldia. Euskal Herri osoko ia 40 gazte bildu ziren eta Eider Rodriguez idazlearen, Eneko Sagardoy aktorearen, Ines Osinaga musikari eta abeslariaren eta Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolarien bisita izan zuten. 

2016an Lekore literatura aldizkaria sustatzen duten ITU bandakoak izan ziren lehen egunean; hurrengoan, Joxe Mari Agirretxe "Porrotx" pailazoa; segidan, Anari kantaria; eta azken egunean, Miren Amuriza eta Julio Soto bertsolariak izan ziren egonaldian.

2015ean lehen egunean ipuingintza landu zuten Beatriz Egizabal gonbidatuarekin, antzerkigintza Eñaut Gantxegirekin, Mikel Markezen eskutik landu zuten kantagintza eta bertsolaritza Andoni Egaña , Beñat Gaztelumendi eta Xabier Lizaso piano jolearekin.