Belako

Gotzon Uribe

2018, Martxoa 07
Arloa: Barri music
Belako taldearen disko berria

“Render Me Numb, Trivial Violence” deitzen da Mungiako Belako taldearen disko berria. Berriki atzerrian ibili dira hainbat kontzertu ematen, bai Europa aldetik, AEBatuetan eta baita Txina aldean ere. Joan den otsailaren 24ean aurkeztu zuten Bilbon, Euskalduna jauregiko “Urban Hall” areto berrian bere lan berria. Bertan bildu ziren 1500 zale inguru taldearen abesti berriak zuzenean entzuteko.

Bartzelonako El Segell del Primavera Sound zigiluarekin argitaratu dute beraiek autoekoiztutako lana eta munduko leku ezberdinetan zehar zabaltzea dute helburu. 14 abestik osatzen dute disko eta tartean euskaraz abesturiko kantu bat. Aurrerapausu bat bilatu nahi izan dutela nabaria da. Garai bateko kitarra zorrotz eta distortsioz beteak moldatu egin dira beste sonoritate batzuetara hurbildu dira. Sintetizadore eta teklatuen erabilera nabarmena, 80. hamarkadako poparen ikutua eta elektronikaren erabilera nabarmentzen dira kantu berrietan. Zuzenak, energiaz beteak eta ahotsa eta melodia zainduekin egituratutako abestiak dira.

Laukotearen etorkizun hurbilari dagokioenez hainbat kontzertu dituzte eskeintzeko, areto zein jaialdi ugaritan. Nabarmentzekoa da ekainaren 30ean New Yorkeko Fishbury Parken eskeiniko duten kontzertua, besteak beste The Hives, Queens Of The Stone Age edota Curtis Harding moduko artistekin.