Amamak amamekin

Kontaizu

2018, Otsaila 07
Arloa: Jo ta jo

Zein da adinik egokiena hau edo bestea egiteko? sentitzeko?

Kaixo Agurtzane!
Hamen gatoz koadrilakoak galderatxo bat egiten. Herrian zabaldu da ezagun baten amamak gustokoak dauzkala andreak, eta antza denez Bilbon andra bategaz gelditzen dela, amorante moduan edo. Guri bost zer egiten duen andre horrek, baina posiblea da adin batetik aurrera holakoetan ibiltzea?
Mila esker

Kaixo Koadrila!
Zelan pozten naizen hain zuzenak eta garbiak izatea! Batzuetan hitzetan galtzen gara eta. Azpimarratzekoa da argi izatea zuon herriko zein beste herriko andra-gizonak zer egiten duten euren kontua dela, euren intimitateari dagokion afera bat baino ez.
Gutariko bakoitzak istori bat daukagu, biografia bat, gure zergatiak, gure moduak...sarri norberak baino ez ditu ezagutzen...Beraz inportantea da kritikatzeko joera mugatzea, moztea.
Baina zuok diozuen moduan, gaia ekartzeko aitzaki paregabea zuon herriko lagunaren istorioa.

Egia esan, zein gutxi dakigun gure amama eta aititen gainean. Askotan, nagusien gaiei buruz, eurek baino, besteok egiten dugu berba, beraz sarri informazio sasi modukoa erabiltzen dugu.
Azkekengo boladan gure andrea nagusiekin lan egitea tokatu zait, lan zoragarria...Ikusgarria da zelako indarra daukaten, zelako ahalmena euren ganean barre egiteko, zelako gogoa ikasteko, zelako gaitasuna bizitzako, zati honetaz gozatzeko, eta zelako jakinduria daukaten gordeta euren barrenean ...

Ez da erraza zahartzea gure gizartearen gorputzaren eredua gaztetasuna denean, erotika harremanak bizkortasunean eta bikote ereduan oinarritzen direnean, gure nagusien jakinduria baztertzen denean... Ahaztu egiten zaigu bizitza osoa eman dutela lanean, familia bat eraiki dutela, beste batzuena be eraikitzen lagundu dutela, euren hainbat desioei uko egin dietela...Ez da izan erraza. ez.

Ez da harritzekoa askok euren bizitzaren zehar bildutako indarra, alboratutako gurariak eta beharrak momentu batean batzea eta euren baitan dagoenari jarraitzea .... Bide barri bat, aukera bat... Zuok aipatutako kasuan beharbada aukera hori izan du, orain ikusi du bere burua aske, indartsu eta lasai ekiteko....Beharbada aspalditik gordetako desioa, sua, gogoa... izan da, edota garai berri honetan bere buruari aukera eskaintzeko gogoa.

Batek daki zergatik edota zertarako egin duen...baina niri ekartzen didan ikasgaia zoragarria da...Aukera beti gure esku dago, inoiz ez da berandu, beti da posible!
Uste dot berriz ere gure amamak izugarrizko jakintza dakarkigula!.
Besarkada handi bat