Hitzak eta irudiak, uharte libre bat morrontzaz betetako gizartean

letrArt

2017, Abendua 01
Arloa: Letra Dantza

Uste baino maizago gertatu arren uste baino ezezagunagoa den mundua erakutsi nahi digu urtarrilaren 17ra arte Donostiako San Telmo Museoko Laborategian ikusgai izango den "Uhartearen Altxorra" erakusketak: letren eta irudiaren arteko batuketa; bertan, bat egiten dute euskarazko literaturatik sortutako pertsonaiek, ilustrazizoek, gaiek eta garaiek. Haur eta gazte literatura: benetako hitz, benetako irudi. 8 detektibe eta 11 pirata, 11 leku eta 18 garai, 20 piztia eta 10 poema, 26 heroi txiki eta handi, 42 idazle eta 35 artista. Halaxe laburtzen da erakusketa honen mamia. Mundua ehun liburutan interpretatzeko sortutako erakusketa da; errealismo fantastiko, zientzia-fikzioa, abentura-liburuak, umorea, misterioa eta polizia nobeleak tartekatu dituzte hausnarketa hori egiteko. Koldo Izagirre idazleak hautatu ditu 100 liburuak, eta 1980ko hamarkadatik 2010.urtera arteko (eta aurreragokoak ere) liburuak bildu ditu, beraren hitzetan Uhartearen Altxorraren ardatza literatura bera eta hura irudikatzen duten ilustrazioak dira.

Liburuen zerrenda ikusteko: https://www.santelmomuseoa.eus/uploads/Exposiciones/Uhartearen_altxorra/UHARTEAREN_ALTXORRA_LIBURU_ZERRENDA_STM.pdf

Erakusketa bera gaika antolatuta dago, ez da kronologikoa, eta ilustrazioak agertzeaz gain, erakusketa osatzen duten pertsonaien liburuetan lantzen diren gaien zerrenda ere ikus daiteke: bakardadea, migrazioa, adopzioa, Down-en sindromea, haztea, nortasuna, zahartzaroa, sexismoa... egunerokotasunari loturiko gaiak, eta horiekin batera, idazle eta ilustratzaileen hitzak ere bai: Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide, Mikel Valverde, Karlos Linazasoro, Eider Eibar, Bernardo Atxaga, Antton Olariaga, Aitziber Alonso, Bruno Hidalgo, Marimar Agirre, besteeak beste. Erakusketa osatzen duten paneletan ilustrazioak eta pertsonaien esanak jasotzen dira, eta horrekin batera, taula bakoitzaren ertz batean pertsonaien izenak zerrendatzen dira; zerrenda luzeak irakurtzen ez aspertzeko, joko modura proposatu dute erakusketa, eta gerta liteke ikusleak izena irakurtzea lehenengo eta, pisten bidez, pertsonaia bilatu behar izatea. Benetako altxorra hitzen eta irudien adin guztietako zaleentzat.

Ikastetxeek bisita egin nahi izanez gero stm_erreserbak@donostia.eus helbidera jo behar dute, eta hala nahi dutenei gida-didaktikoa helaraziko zaie.

Info gehiago: https://www.santelmomuseoa.eus/index.php?id=1557&cid=11858&fid=36&task=download&option=com_flexicontent