Jólabókaflóð, gabonetan liburuak oparitu eta gabon gaua irakurtzen ematen dute Islandian

letrArt

2016, Abendua 20
Arloa: Arteder

Islandian Gabonetako opari kutunena liburuak dira. Paperezko liburua gainera, ez elektronikoa. Ohitura horrek Jólabókaflóð izeneko tradizioan du jatorria. Hitz luze horrek “Gabonetako liburu-oldea” esan nahi du, eta azaroa eta abendua hartzen ditu. Tarte horretan, islandiarrak buru belarri jartzen dira liburuak erosten, eta horietako asko abenduaren 24an ematen dituzte opari. Ondorengoa gozamen hutsa da: Gabon gaua eta Eguberri eguna patsadaz irakurtzen ematea. Tentagarria, ezta?

Liburuekin maiteminduta bazaude, baduzu leku bat munduan: Islandia. Bertan, egin eta jaso dezakezun oparirik onena liburu bat da. Gabonetan bereziki. Islandian estimu handitan dituzte liburuak, eta familiek Gabonak oporralditzat hartzen dituzte, haietaz gozatzeko aukera bikaina, beraz.

Jólabókaflód azaroan hasten da, etxe bakoitzeko postontzian Bókatíðindi izenekoa doan jasotzen dutenean. Bókatíðindi liburuen katalogoa da, eta Islandiako Argitaratzaileen Elkartearen argitalpen berrien laburpena jasotzen da bertan. Horrek ematen dio hasieta guztiari. Ordutik aurrera, abenduan zehar, liburuak dira Gabonetako erosketetan nagusi. Opariak abenduaren 24ko gauean ematen dituzte, eta gaua eta hurrengo eguna irakurtzen ematen dituzte. Liburuekin joaten dira ohera, txokolate bero batekin. Nagusiki paperezko liburuak erosten dituzte, ez horrenbeste liburu elektronikoak. Izan ere, Islandiak beste edozein herrialdek baino liburu gehiago argitaratzen ditu per capita, eta nagusiki Gabonen inguruan argitaratzen dituzte.

Ba horixe, Jólabókaflód zoriontsua Eguberri eguna txokolate bero batekin eta irakurtzen emango duzuenoi! (baten bat animatzen bada).