Estreinuaren tximeletak

Iker Zabala

2016, Abendua 03
Arloa: Kirolak

Gauzak lehen aldiz egitea nolakoa da? Zein da daukagun oroitzapena lehen aldiz herriko plazan, urteroko festetan, biraka zioazen zaldi koloretsuetan igo ginenekoa? Edo estreinekoz eskolara joan ginenekoa? Laneko lehen egun hura gogoratzen? Bada, egun garen pertsonek atzera begiratzean ziur asko positibotzat hartuko dute ondoren akaso ohiko bilakatu den egoeraren estreinua, baina momentuan bertan akaso ezin daiteke irmoki adierazi. Sabeleko tximeleten fenomenoa ezin baitugu era zuzenean ulertu, zirrara eta beldurra nahasi egiten baitira gure gorputzean egoera ezezaguna aurrean dugunean.

Zuazo Barakaldo eskubaloi taldeak historia labur samarra duela esan genezake, 1990ean sortua, bere 25. urteurrena ibilbideko momenturik onenean ospatu du talde bizkaitarrak, izan ere, iazko denboradan lehen finala lehiatu zuen (derbya izan zen, gainera, Bera Bera izan baitzuten aurkari), eta irabazi ez bazuten ere, Europan lehiatzeko sailkatu ziren, Challenge Cup txapelketan hain zuzen ere. Zenbaitetan lorpen dena, halere, konpromezu ere bilaka daiteke, ekonomikoa kasu hontan. Hala, lehia kontinentalari aurre egiteko dirua lortzea abentura suertatu da, Barakaldoko auzo hontako neskentzat, izan ere, hainbat instituziorenga joan behar izan dute laguntza eske klub humil bezala ezin baitzuten desplazamenduek esigitzen zuten kostua jasan. Hala, hasiera batean ezezkoa tramitatu bazen ere, azken orduan inskribatzea lortu zuten, eta lehen aurkari, jada kanporaketa zuzenean, Suediako Höörs HK talde sendoa egokitu zitzaion.

Beraz, hasieran aipatzen genuen egoera aurrean zutela, Europan estreina burutzear ziren Barakaldoko taldeko neskak. Suediako kantxara grinatsu atera ziren, eta une orotan intentsitatez jardun bazuten ere, 31 eta 25 erori ziren. Itzulelarako partidari begira erronka zaila zen, baina ez gauzaezina. Hala, herri bizkaitarra Europa lehen aldiz etortzeko zen hortarako prestatu zen, eta Lasesarreko harmailak 1.500 pertsonaz hornitu ziren emaitzari buelta ematea kimera ez zela sinisteko. Gauzak, nolanahi, ez ziren ondo hasi euskaldunentzat, laster 1 eta 4 baitziren aurretik eskandinabiarrak. Halere, galtzeko ezer ez zela ulertuta, Zuazok gora egin zuen, eta partida orekatzeaz bat, tartea ireki zitekeela ulertu zuten Juanjo Gonzalezek zuzentzen dituen neskek. Horrela, emaitza 21 eta 18 zela, Naiara Egozkue, partida bikaina gauzatu zuen jokalariak aldeko penaltya zuen, oraindik 6 minutu geratzen zirela. Neurketako inflexio puntu erabatekoa izan zitekeen, sei goletako abantaila txikien izan zen unea, Höörs-eko jokalariak ahulen egon ziren momentua. Halere, nafarrak ez zuen jaurtiketa sareratzea lortu, eta une hortatik aurrera partida doi doi agortu zen, nahiz eta garrantzizkoa den nabarmentzea, akaso kanporaketa ez zela gainditu, baina Zuazo bere hisoriako lehen Europako partida irabazi zuela, 21 eta 20, eta hauxe ezbairik gabe goraipatzek zerbait badela.

Izan ere, lehen aldi baten saiakera egiteak duen aspektu bazterrezina da, bigarren bat datorren unean jada ez garela hasiberriak izango. Eta horrela hornitzen da esperientziaren zorro baliotsua.