Urrezko garaian zilarrik ez

Iker Zabala

2016, Urria 04
Arloa: Kirolak

Urte hau ez da besteak bezalakoa euskal futbolari dagokionean. Bere historiako denboradarik onena dela esatea gehiegikeria ote? 5 euskal taldek osatzen dute maila goreneko sailkapena, eta hori sekulako marka dela ezin ukatu, benetan gozatzeko modukoa ezbairik gabe. Datu esanguratsu gisa, urtean zehar ikusiko ditugun derbiak 20 izango dira. Eta nabarmendu dezagun Athletic, Real Sociedad, Eibar, Alaves eta Osasunak bere futbolarien artean dituzten jokalariak hein nabarmenean euskaldunak direla. Beraz eliteko euskal ordezkaritza sekula baino indartsuagoa da.

Halere, honek ondorioak ere ekarri ditu. Jakina, arrakastarekin alderatuta bigarren mailako eraginak dira. Eta hain zuzen ere bigarren maila izan da kalteturik geratu den eremua. Iaz Alaves eta Osasunarekin batera Bilbao Athletic-en jaitsiera ere gauzatu baitzen, eta hala, bigarren maila aspaldiko partez euskal talderik gabe geratu da.

Egia da 2010 eta 2011 denboradetan ere euskal futbolak ez zuela ordezkaririk izan bigarren mailan, baina hauxe salbuespen gisa hartuta, oso atzera joan beharko ginateke euskal kolorerik gabeko zilarrezko maila aurkitzeko... horren atzera dokumentazio lan mardula esigitzen duela, izan ere 90 eta 80. hamarkadetan, egun lehen mailan diren taldeak tarteko zirela, Bilbao Athletic, Barakaldo, Indautxu, Real Union edo Sestao River bertan zirela beti egon zen gutxienik euskal talde bat lehen mailara igotzeko aukerak bazituena. 1971/72 denboradara bueltatu beharko ginateke tankera hontako denborada bat aurkitzeko.

Datu hauxe anekdota baino ez da akaso, egia da. Baina patuaren gutiziak izateaz gainera, egungo euskal futbolaren adierazle ere bada, panorama lehiakorra behatuta lehen mailaren laurdena euskalduna izatearen balioa izugarria baita.

Nabarmendu nahi duguna da ez dela egungo kontua soilik. Iragan historikoan akaso gauzak ondo egin izanaren ondorio ere badela, beti ere, lehen mailako ordezkaritza zabala izateaz gainera, beheko solairuko jarduna ere oso emankorra izan baita euskal futbolari dagokionean (eta akaso are beherago, 2. B mailan, profesionalismoaren ertzetan gauzak nola egiten diren horrek ere analisi sakona beharko luke).

Eta gauzak abian dugun ikasturtean distiratsuak izanagatik ere, euskal futbolzaleak ezinbestean bigarren mailako sailkapenari ere so egiten dio, identifikaturik sentituarazten duen taldearen bila.