Solte

Rock eta hardcore doinuetan murgiltzen den taldea da Solte. Hamar urte daramatzate musika munduan eta disko berrian kolaboratzaile eta laguntzaile ugari izan dituzte. Oihana Bartra bertsolariak “Arratoiek katuak jan” abestiaren letrak idatzi ditu, Gose taldeko Ines Osinaga eta Lehiotikan taldeko Gorka Armendarizek beren ahotsa sartu dute “Amets Karratuak” eta “Zurrunbilo traingeluarra” abestietan eta Norte Apache taldeko kidea den Aitor Dj Kanakyk gauza bera egin du “Auto-Mute” kantuan.

Taldearen ibilbidean hirugarren diskoa da “Ixa” eta bederatzi abestiz osaturiko lana da. Rocka, metala eta hardcore estiloen eraginpean injustizia ezberdinak salatzen dituzten kantu biziak dituzte hizpide.

Diskoa autoekoizpen bat da eta Creative Commons lizentzia librearenpean argitaratu da eta diskoaren diseinuaz Unai Bergara diseinatzailea arduratu da.

Taldea Haritz Txipi (ahotsa), Aritza (bateria), Jon Tolo (kitarra), Aingeru (kitarra) eta Oskar Txitxo (baxua) osatzen dute.

 

 

Gotzon Uribe

2016, Uztaila 15