Golik gabeko marka

Iker Zabala

2016, Maiatza 20
Arloa: Kirolak

Errekorrak beti urruti daude. Beste inor iritsi ez den tokira iristea literalki ezinezko izan da lortzen den momentu hortararte. Halere, egungo kirolarien erabateko profesionalizazioak eta trebatzeko geroz eta baliabide garatuagoak izateak errekor ugari uzten dizkigu urtean zehar kirol ezberdinetan. Atletismo probetan, igeriketan… ez da horren ezohikoa modalitate ugaritan momenturarte lorturikoak hobetu eta birrintzea. Bada, halere, komuneko puntua. Denboraren aurka, edo norberaren aurka jokatzen diren erronkak gainditzea eskura egon daiteke akaso, lehen aipaturiko giltzarriak direla medio. Baina beste norbaiten aurrean jokatzean, logikoa den bezala, askoz zailagoa da. Egun duela urte batzuk baino ‘hobeto’ lehiatzea bi norabidetan dabilen haizea baita.

Gola da beti ere futbolaren saltsa. Baina aurtengoan Tudelano talde nafarrak, 2. B mailan, gol eza bilakatu du kirolaren gatz eta piperra. Manix Mandiolak entrenaturiko taldeak defentsan hortzak estutu ditu, eta aurkariaren eraso sorta etengabe uxatzen asmatu. 24. Jardunaldian Tudelanok 2 eta 1 hartu zuen mendean Valladolid B. Bada, liga bukatu da, eta ez du beste golik jaso denborada bukatu den hontan. Guztiaren protagonismoa Mikel Pagola atezain nafarrari dagokio, berarena baita 1.286 minutu golik jaso gabe egotearen marka. Hala, 1991tik Abel Resino Atletico Madrileko atezainak zeukan errekorra kendu dio Pagolak estatu ligei dagokionean.

Pentsa genezake Pagola erabateko sasoian den kirolaria dela, bere ibilbideko gorenean den futbolaria, zenbakiek era agerian erakusten dutela goiko mailetara salto egiteko prest dagoen atezaina badela. Bada, ez. Mikel Pagola futbolak horren era ugarian dituen pertsona anonimoetako bat izan da azken urteetan. Denboradaz denborada, helmugaz helmuga, 2. B mailako taldeetako sabaia erabat gainditzea lortzen ez duen jokalaria (Salamancan, 2. mailan igarotako bi urteak kenduta). Estatuko 13 talde ezagutu ditu Osasunako harrobia utzi zuenetik, egon den tokian minutuak pilatu ditu, baina sekula inon egonkortzea lortu gabe. 34 urterekin, bere ibilbideko azken fasean da Pagola. Bada lortu berri duen marka hontan futbolaren langile horiei eginiko zorioneko omenaldia ikusi duenik.

Portzierto, marka lortu izanak ez du esan nahi Pagolaren errekorra bizirik ez dagoenik, oraindik ez baitu golik jaso. Irrikitan gara play off-etan ere marka noraino luza daitekeen behatzeko. Golik jaso gabe jarraitzeak 2. mailara igotzeko bide zoragarria ematen du, ezbairik gabe.