Iñigo Azkona - Argazkilar

Kontaizu

ber21_1.jpg

"Niretzat argazkilaritza zerbait kontatzeko bitartekoa da, bizitza islatzeko modua"

  • Gernika, 1975.
  • Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioan.
  • Ikasketak amaitzeko zituela, zenbait egunkari eta aldizkarirekin kolaboratzen hasi zen.
  • Kontaizu-ko argazkilaria ez ezik, Kahlo media proiektuaren sustatzaileetako bat da.

Ohituta gaude Iñigo Azkona kamerarekin gora eta behera ikusteaz. Oraingoan, baina, bere besoaren luzapen bihurtu den tramankulua bulegoan utzi du, elkarrizketaren protagonista izatea egokitu baitzaio.

ber21_2.jpg

 

Nola sartu zinen argazkilaritzaren munduan?

Betidanik ikus-entzunezkoen mundua interesatu egin zait, eta orduan pentsatu nuen Arte Ederretako fakultatean sartu eta ikus-entzunezkoen arloan sakontzea. Bertan gerturatu nintzen argazkilaritzara eta lehen unetik bete-betean harrapatu ninduen.

Zortea eduki zenuen ikasketak amaitu baino lehen argazkilari moduan lanean hasi baitzinen.

Bai, Euskaldunon Egunkaria-rekin kolaboratzen hasi nintzen. Alde handia zegoen ikasten ari nintzenarekin eta lanean eskatzen zidatenaren artean. Izan ere, fakultatean alde artistikoa lantzen genuen eta ikuspegi hura ez zetorren bat kazetaritza munduan argazkilaritzak duen funtzioarekin.

Orduz geroztik, argazki kazetaritzara bideratu dituzu zeure urratsak eta azken urteetan zuk zeuk bilaturiko gaietan sakontzen aritu zara.

Bai, betidanik gustatu zait buruari bueltak ematea eta gauza berriak egitea. Dena den, prentsa munduan harturiko esperientzia ezin dut ahaztu, hortxe dago, egiten dudan lanaren oinarrian. Niretzat argazkilaritza zerbait kontatzeko bitartekoa da, bizitza islatzeko modua. Argazkilaritza artistikoa aspaldi alboratu nuen.

 

Eta istorioak kontatzeko nahi horrek munduko hainbat lurraldeetara eraman zaitu. Izan ere, Hegoamerikan eta Afrikan egon zara, hango zenbait herriren bizimodua erretratatzen.

Bidaia bat egiten dudanean kamera eramaten dut aldean, zerbait zehatza egiteko helburuarekin.Hegoamerikara birritan joan naiz azken hiru urte hauetan. Lehenengo aldian, inmigrazioaren inguruko erreportaje bat egiteko joan nintzen hara. Jendeak Ekuadorretik alde egitearen arrazoiak aztertu nahi nituen, eta, aldi berean, lurraldean geratzen direnen bizi baldintzak islatu. Hara iritsi eta familia batekin jarri nintzen harremanetan, eta haien bitartez Ekuadorreko familien egoera ezagutu ahal izan nuen. Gustura geratu nintzen esperientzia harekin, eta gauzak gehiegi planifikatu gabe joan nintzela kontuan harturik, oso ondo atera zen. Egindako argazkiekin erakusketa bat antolatu nuen eta Ekuadorren bertan ikusgai izan zen. Gerora, Kolonbian eta Bartzelonan ere egon zen. Hegoamerikara egindako bigarren bidaian, ordea, egin beharreko erreportajeak ondo zehaztuta eraman nituen. Hilabetez Perun egon nintzen, eta denbora horretan lau gai landu nituen: lau mila metrotik gora bizi diren herriak –antzinako inken moduan bizi dira, gainerako herrialdeekin inolako harremanik eduki gabe-, Titikaka lakua eta haren ingurukoen bizimodua, urre meatzaritza, eta iparraldeko arrantza sistema. Azken gai hori asko interesatzen zitzaidan, Peru iparraldeko biztanleek oso arrantza teknika bitxia –hainbat mendez iraun duena, gainera- baitute. Totoraz edo tokiko landare batez egindako txalupa batzuetan abiatzen dira lakuan zehar. Ondoren, Ekuadorrera joan nintzen eta bertan petrolioari buruzko erreportaje bat egin nuen. Petrolioaren ustiaketak tokiko biztanleen bizimoduan duen eragina aztertu nahi nuen, eta esperientzia interesgarria izan zen. Azkenaldi honetan, bi gai sakontzen nabil batez ere: arrantza tradizionala –Peruko erreportajea abiapuntua izan zen- eta petrolio ustiaketak Hirugarren Munduan duen eragina. Zentzu horretan, Mauritaniara (Afrika) duela hilabete batzuk egindako bidaia bi gai horien harira etorri zen. Mauritanian bada herri bat izurdeen laguntzarekin arrantza egiten duena. Hondartzatik gertu arrain-sarda ikusten dutenean, makilekin ura astintzen dute izurdeak erakarriz. Izurdeek arrainak hondartza ertzeraino eramaten dituzte, eta, modu horretan, herritarrek harrapatu ahal dituzte. Esan daiteke izurdeek eta herritarrek elkarri laguntzen diotela, arrantza gertatu bitartean izurdeek jan egiten baitute. Teknika ederra da, aspaldi-aspaldikoa gainera. Bestetik, Mauritanian bertan petrolioa ustiatzen hasi dira eta ondorio nahiko larriak izan ditu horrek tokikoen bizimoduan. ber21_3.jpg

 

Kamera batekin halako lurralde batera iritsi eta zaila izaten da tokikoen egunerokotasunean sartzea?

Jendearen eta herrialdearen arabera izaten da hori. Nik, adibidez, zonaldearen arabera ezberdintasun ugari aurkitu ditut Ekuadorren. Turismoagatik nahikoa ohituta daude kamerarekin doan jendea ikustera. Nahiko abegikorrak izaten dira, eta beren bizimodua azaltzen saiatzen dira. Baina turismoak oraindik esplotatu ez dituen tokietan bestelakoa da. Haiengana gerturatzeko modua zaindu behar duzu, eta, normalean, ondo erreakzionatzen dute.

Une honetan baduzu beste proiekturik esku artean?

Orain beste proiektu batekin nabil hemen, Bilbon, eta bi urtez, behintzat, ezingo naiz kanpora gehiegi joan. Dena den, ez diot etor daitekeenari aterik ixten, oso interesgarria baita bestelako kulturak ezagutzea. Gainera, aipatu bi gaiekin jarraitzeko asmoa dut. Iñigo Azkonaren azken urteetako lana hobeto ezagutu nahi baduzu, haren web orrira jo dezakezu: www.zoomart.info ber21_4.jpg

Kontaizu

2005, Abuztua 01
Arloa: Berba Bi