Oin bat bestearen aurrean etengabe

IƱaki Zabala

2016, Urtarrila 18
Arloa: Kirolak

Korrika egitea. Hori baino ekintza sinpleagorik ez da kirolaren munduan. Oin bat bestearen aurretik jartzea, eta ahalik eta lasterren distantzia betetzea. Punto. Horrela esanda, eman dezake oso kirol soila dela, apenas berritu daitekeela. Bada, ez da hala. Eta ez gara soilik korrika egitearen barnean antolatu diren disziplina anitzetaz ari. Urtero urtero elementu berriak asmatzen dira, oraindik ere dena sortua ez dagoela adierazteko. Bi adibide beha ditzagun, erabat desberdinak elkarren artean.

San Silvestre korrikalariek gorriz markaturik duten eguna da. Sao Paulon, Brasilen, sortu zen sustraian dagoen lasterketa, XX. mendeko 20. hamarkada erdialdean, eta ordutik munduan barrena hedatu zen. Beti ere abenduak 31an, kirolak bere baitan biltzen dituen baloreak eta gabonetako jai giroa uztartzen dituen proba gisa. Euskal Herrian ere ugariak dira antolatzen diren ekimenak. Galdakaoko herri bizkaitarrean, esaterako, 1961a geroztik urteko azken egunean ehundaka korrikalarik hartzen dituzte kaleak. Edo Bilboko Errekaldeko auzotik abiatuta ere hiria zeharkatzen duen martxa jendetsua ere biltzen da urteko azken egun hortan. Urtetik urtera osagai berriak txertatu dira, eta ekintza alaia den heinean, korrikalariak zein baino zein mozorro xelebreagoarekin ikustea ohiko bilakatu da.

Bestalde, badira tradizioa haustea xede duten lasterketak. Hortan espezialista bilakatu dira Javi Conde eta Jon Salvador. Helburu solidarioa tarteko dela (momenturarte gobernuz kanpoko erakundeentzat 152.000 euro lortu dituzte), maratoietan parte hartzen dute, eta tarteka maratoi arrotzak antolatu. Gabon hauetan, urrutira joan gabe, Bilboko ibai azpiko hodietan jorraturiko lasterketa jarri dute martxan. Gezurra badirudi ere, maratoiak behar dituen 42,195 kilometroak burutu zituzten horrela, eta Bizkaian horren estimatua den Ibaizabal ibaiari omenaldia egin zioten korrika egiteaz batera.

Irabazteko, ondo pasatzeko, dirua biltzeko, osasuntsu egoteko. Ziztu bizian edo lasaitasunez. Kirol arropa soinean dugula edo pailazoz jantzita goazela. Kalean, mendian, edo ibai azpikaldean. Bai, ekintza berdina da, oin bat bestearen aurrean jarri eta nonbaitera iristea. Baina korrika egitearen ekimen hutsala, gure arbaso urrunetatik gaur egungo belaunaldietara mantendu dena, ez da inolaz ere agortu.