Gazteluaren oinarriak

Iker Zabala

2015, Abendua 04
Arloa: Kirolak

Zenbat aldiz entzun ote dugu Mozart-ek 8 urte eskasekin konposaturiko lanen adibidea, maisutasuna gaztetatik landu behar dela azaltzeko? 

Zenbat aldiz entzun ote dugu Mozart-ek 8 urte eskasekin konposaturiko lanen adibidea, maisutasuna gaztetatik landu behar dela azaltzeko? Edo hizkuntza bat txikitan ikasi beharraren presak, burua lehortzen hasi baino lehen? Bada, egia da edozein diziplinatan egon daitekeen konpetentzia basatia gainditu ahal izateko, gorputza eta garuna fresko eta berri dauden uneak nekez berreskura daitezkeela nagusitan buru dezakegun esfortzu nekaezinarekin. Automatismoen garaia omen da txikitan pasatzen dugun fase horixe, eta behin hauxe igarota, bueltatuko ez den trenaren sindromea paira dezakegu. Tira, ez da akaso horren muturrekoa, baina oso eskasak dira txikitan hasi ez diren puntako kirolarien kasuak. Baita beti kirolaren mugetan ezartzen den xakean ere. Gaztetasunak horren premiazkoa ematen ez duen disziplinan, berez burua fresko izatearen garrantzia azpimarratu beharra dago. Ez da kasualitate, esaterako, munduko jokalari onenen zerrendan, lehen 100 sailkatuen artean, 1990 urtetik aurrera jaiotakoak izatea gehientsuenak. Eta salbuespenik gabe, zerrenda horretako kasu denek txikitan mugituriko lehen pieza haien oinarri sendoen gainean eraiki dute bere kirolari nortasuna.

Hau esanik, beha dezagun Eihartze Buiza gazte bizkaitarraren kasua. 16 urte beteberri dituen hontan, euskal xakearen barnean dagoen promesa esanguratsuenetarikoa da. Arrigorriagakoak gazte gaztetatik bere talentua adierazi du euskal mugen barnean, baita federakuntzetatik erraztasun gutxi jaso izan duenean ere (bere adinaren ondorioz zailtasunak izan ditu eskolarteko txapelketatik kanporako lehiaketetan parte hartzeko, nahiz eta maila aldetik arazorik ez adierazi). Kontuak kontu urratsak ematen jarraitu du, eta 64 laukien eremuan bere eztanda gauzatu du azken urte ikusgarrian. Lehenik eta behin Benidorm-eko ireki entzutetsuan zirrara piztu zuen zalegoaren artean, eta soilik azken partida galdu izanak ekidin zuen B txapelketa beregana zezala. Ondoren, Euskadiko txapelketa absolutoan ere hartu du parte, emaitza onargarria lortuz. Eta urte miragarria borobilduz, Espainiako emakumezko 16 urte azpiko txapelketa bereganatu du, beste erkidegoetako (xakeak tradizio gehiago duen tokietako) aurkariak gaindituz. Guzti honen emaitza WFM titulua lortu izana da, FIDE nazioarteko federakuntzak egozten duen agiria.

Gaztetasuna hasiera baino ez da, etorriko denaren oinarria. Momentuz Eihartze Buiza xakelari proiektua besterik ez dela esatea ez litzateke zuzena, baina etorkizun distiratsua izan dezakeenaren susmoa geroz eta nabarmenagoa da. Momentuz, 16 urte azpiko munduko txapelketan hartu du parte, Grezian. Emaitza ez da akaso aipagarriegia izan (30. sailkatu da), baina beste herrialdeetako jokalariek kulturalki azpiegitura askoz ere garatuagoak dituzte xakean urratsak emateko.

Gazteluak bazterretan ezarri ditu Eihartze Buiza gazteak beraz. Hauxe ez da erraza, baina partidarik zailena orain datorkio, hain zuzen ere oinarri sendo hauen gainean eraikitzearen ardura. Gaztetasuna heldutzen denean behatzen baita, beti ere, telentuaren balioa.