“Nik ez diot nire gorputzari toperik jarriko...berak jarri behar dit niri”

Iker Zabala

2015, Iraila 22
Arloa: Berba Bi

Idoia Etxeberria (Orio, 1992) 22 urte eskasekin, nesken harrijasotzearen historian egon den handiena izan daiteke.

  • Idoia Etxeberria (Orio, 1992) 22 urte eskasekin, nesken harrijasotzearen historian egon den handiena izan daiteke.
  • 157ko harria altxatzea lortu zuen Alegiako frontoian iragan uztailean.
  • Euskal Herriko plazetan barrena bere izena geroz eta ezagunagoa da, harri jasotzea gizonentzako bakarrik denaren ideia gaindituz.

-Urteak daramatzazu harri jasotzearen mundu hontan. Nola hasi zinen gogoan izango duzu oraindik ere.

-Oso presente daukat egun hura. 14 urte nituen, eta Orion herri kirol bat sortu zen. Han ikusi nuen emakume bat harria jasotzen, eta aitari esan nion: “Hori probatu nahi dut nik”. Egun hortan sartu zitzaidan afizioa, eta egunetik egunera haziz joan zen.

-Beraz zure lehen erreferentea emakume bat izan zen. Adierazgarria da, ez duzu uste?

-Bai...30 urte inguru izango zituen, eta nik 14 soilik. Umea nintzela emakume nagusia zen bera, baina kirolak erakarri ninduen. Ordurarte ez zidan atentziorik deitu.

-Momentu horren ondotik hainbat urrats nabarmen eman dituzu kirol hontan, baina aipa dezagun baita ere aurrera jarraitu ahal izateko zailtasun ez ohikoak ere izan dituzula...Superazio puntu bat badauka zure ibilbideak.

-Bai. Bizkarrean arazo ugari izan nituen, eta hortaz gainera preparadorea ere hil egin zitzaidan. Zaila egin zait batxe guzti hauek gainditzea, baina atzera begira, momentu txarretatik gehiago ikasi dudala uste dut onetatik baino.

-Lorpen ugari izan dituzu, azkena, 157 kiloko harria jasotzea, zu zeuk zeneukan marka 7 kilotan hautsiz...

-Bai, oso garrantzitsua izan zen, jendeak kilo gehien altxatzeari ematen dio garrantzia. Egun polita izan zen.

-157 kilo etxean altxatzetik plazan altxatzera...egongo da alderik.

-Oso handia. Etxean banekien ziur jaso nezakeela, baina plaza...beste kontu bat da. Toki berria da, jendearen presioa, aurreko egunetan lo ez da behar beste egiten...baina etxeko lanak ondo eginak badaude gero dena ondo ateratzen da.

- Irudiak ikusita, nahiko erraz altxa zenuela ematen du...

-Bai, jende dexentek esan dit hori...baina batek bakarrik daki zenbat sufritu den. Ni oso gustora geratu nintzen egindako lanarekin, eta hori da garrantzitsuena.

-22 urte dituzu, oso ibilbide luzea geratzen zaizu aurretik. Idoia Etxeberriaren mugak non daude?

-Orain arte bezala jarraitzeko asmoz nago. Ateratzen diren markak eta txapelketak gogoz hartuko ditut eta ea noraino hel naitekeen. Gauzak lortzeko helburuak jarri behar dira aurrera jarraitzeko, zeren helburu gabe ez da erraza izaten entrenatzea, lorpen bat buruan izan gabe. Helburu berriak planteatuta nahi dut aurrera segi, gorputzak nahikoa esaten duen arte. Ailegatuko da momentu bat ezina iritsiko dena, edo aspertuko naizena, eta momentu hori gogorra izango bada ere, neurria hartu beharko zaio.

-Zure markak zenbaitetan hautsi dituzu zu zeuk. 140tik 150era. 150etik 157ra. Noraino?

-(barrez) Ezin dezaket jakin! Denborak emango dizu erantzun hori. Gora egin nahi dut, baina ez dakit noraino. Nik ez diot toperik jarriko nire gorputzari...berak jarri beharko dit niri.

-Zure markak arriskuan egotea eskertuko zenuke? Norbaitek zuk lorturikoa gainditzeko aukeraren bat egotea?

-Norberaren markak urtetik urtera gainditzearen borroka garrantzitsu da niretzat. Beste norbaitekin lehiatzeko aukera? Ba jende gehiago egongo balitz, bai niretzat bai jendearentzat hobea litzateke. Presio puntu horrek entrenatzeko mesede egiten du gehiago saiatzeko. Zure buruaren aurka lehiatzeak aspertzera eraman zaitzake. Estitxu Almanzoz azaldu da orain, eta horrela txapelketa egitea lortu genuen, esaterako. Bi soilik gaude, beraz, gehiago iritsiko balira, duda gabe, askoz hobea litzateke denontzat.

-Euskal Herriko plazetan nolakoa da emakumezko harri jasotzaileari egiten zaion harrera?

-Niri beti harrera ona egin didate toki guztietan. Beti dago kalean norbait gauza ezerosoak esaten dituena, baina beti animatzeko prest dago ikustera datorrena. Nik uste kalte baino, onura gehiago eduki ditudala. Ni neu oso eskertuta nago, behinik behin.

-Ziur naiz askotan iraintzeko moduko gauzak entzungo zenituela...

-Ez, bueno. Onera datorrena entzuten duzu, eta ahal den heinean bere esanak kontutan hartzen saiatzen zara. Kalte egitera datorrenaren hitzak hobe belarri batetik sartu eta bestetik atera. Gauza horiek gainera, ez dira plazan bakarrik gertatzen, bizitzan orokorrean baizik.

-Eboluziorik bada? Duela urte batzuk baino normalagoa da egun emakume bat harria altxatzen ikustea?

-Egun lehen baino plaza gehiago egiten ditut, eta nire izena, esaterako, jende gehiagok ezagutzen du. Harrera eta plazako anbientea bera desberdina da, beraz aldaketa somatzen da. Lehen gizonen kirola baino ez zen, eta orain nesken kirol bezala ere ikusten hasi da. Ea urrats gehiago eman ditzakegun.

-Lehen mintzatu gara txikitan izan zenituen erreferentzien inguruan. Akaso zu izan zaitezke datorren belaunaldiaren erreferente?

-Ba gustatuko litzaidake. Orain oso neska gutxi gaude, eta Estitxu Almanzoz edo ni, edo azken urteetan erretiroa hartu duten neska harrijasotzaileak neska gazteentzat pizgarri izan bagaitezke, oso pozgarria litzateke.