Landatik mendian gora

Iker Zabala

2015, Ekaina 06
Arloa: Kirolak

Euskal txirrindularitzaren heroien erreferenteak urruti ezartzen direnaren sentsazioa dago. Egia da azken garaietan etapa irabazle ugari izan dela, euskal zalegoari egun ederrak eskaini dizkiotenak, tartean Igor Anton, Mikel Nieve edo Mikel Astarloza (nahiz eta azken honen estanpa liluragarriak amesgaizto bilakatu ziren doping leporaketak tarteko egon ondoren). Halere, bizikletaren disziplinaren handienen artean, itzuli handietan garaile izateko hautagaien artean, hutsune hori bazegoen, Miguel Indurain eta Abraham Olanoren erretiroa iritsi zen garaietatik, Joseba Belokik gauzatu zituen  Tour zoragarriak ahaztu gabe.

Gutxien espero zen unean, halere, Mikel Landaren irrupzioa iritsi da, 2015 hontako Italiako giroan. Astana talde boteretsuaren barnean, arabarrak itzuli gogoangarria gauzatu du. Zarata gehiegi egin gabe probaren lehen etapetan, eta gutxinaka goikaldean egoteko bere hautagaitza azalduz. Hala, bi garaipen distiratsu burutu ditu, lehenengo Madonna di Campiglioko gailurrean bere indarra erakutsiz, eta hurrengo egunean bertan, Mortiroloko tontorra hartu zuen etapan helmugara bakarrik iritsita, mendian gora era izugarrian moldatzen dela erakutsiz.

Gauzak horren ondo joan dira arabarrarentzat Italia inguruko errepideetan, sailkapen orokorra begiz jota ere izan duela. Alberto Contador faborito argienaren etsai nabarmenetarikoa izan da, eta hainbat pasartetan Pintokoa baino indartsuago zegoela erakutsi du. Are gehiago, bere taldeak Fabio Aru taldekidearen alde egin izanak kaltetu du gasteiztarra, eta Landa berak eginiko adierazpenetan irakur daitekeenaren arabera, Giroa irabazteko aukeraren bat izan zezakeen bere taldekidearentzat lan egitea egokitu izan ez balitzaio. Hori dela eta, erdietsiriko podiumeko solairu baxua, hirugarren tokiak, zapore gazigozoa izan du, nahiz eta itzulia hasi aurretik itsuan sinatzeko moduko emaitza izan.

Kirolak duen onena, halere, arantzak ateratzeko aukerak etengabe ematen direla. Hurrengo helburua begiz jota du 25 urteko arabarrak. Tourra joaten utziko du Espaniako itzulia ahalik eta aukera indartsuekin hasteko asmoz. Euskal garaile batekin amets egiteko oinarriak eraikitzen ari ote dira?