Oporretan partekatu

Gorka Julio

2014, Uztaila 07
Arloa: Sarean

Laster udara eta askorentzat oporrak datoz. Azken urteetan gero eta gehiago dira bidaiak antolatzeko aukera ematen diguten zerbitzu eta webguneak.

Laster udara eta askorentzat oporrak datoz. Azken urteetan gero eta gehiago dira bidaiak antolatzeko aukera ematen diguten zerbitzu eta webguneak. Gero eta gehiago direnez, aukeraketa bat egin nahi izan dut.

Oraindik jende asko ohitu ez bada ere, gero eta ohikoagoa da era ezberdin batean bidaiatu nahi duten pertsonak aurkitzea. Batzuk bidai merkeagoak bilatzen dituzte, beste batzuk bidai ezberdinak, gai zehatzekin lotutako bidaiariak adibidez gero eta gehiago dira... Bidai agentzien pakete itxien mundutik, pertsonen araberako bidaietara igarotzen ari gara, sareak eskaintzen dituen aukerei esker.

Azken urteetan Sharing economy edo partekatze ekonomia delakoaren izenpean, bidaiekin lotutako hainbat zerbitzu sortu dira. Zerbait nahi eta eskaini dezakeenaren arteko lotura zuzena egiten duten zerbitzuak dira hauek. Webgune edo mugikorreko aplikazio baten bidez, pertsonak harremanetan jarri eta ondoren bi pertsona horien artean tratu zuzena bieratzen da, batzuetan ekonomikoa.

Jendearen logela, etxe edo apartamentuak aurki daitezke adibidez Airbnb.com webgunean. Lo egiteko tokia behar duenak, aukerak aztertu eta bat aukeratu ostean jabearekin jartzen da harremanetan. Konfiantza garrantzitsua da eta horretarako gure profilean aurreko esperientziak agertuko dira (erosle edo saltzaile moduan), jendearen gomendioekin batera. Proposamena egokia ikusiz gero ordaindu besterik ez dugu egin behar.

Hala ere, zerbitzu hauetan tratua ezberdina izan ohi da. Norbaiten etxera zoaz egotera, horrek askotan anfitrioia eta gonbidatuaren arteko harreman abegikor bat sustatzen du, gertukoa. Windu.com atari berri batek antzeko zerbait egin nahi du. Aurrekoak bezala, leku askotako apartamentuak eskaintzen dituzte, baina beren proposamenean, esperientzia bertakoa izango bazina bezala bizitzea espero dute; hori da behintzat esaten dutena.

Badira dohain lo egiteko aukerak ere. Horien artean ezagunena Couchsurfing.org zerbitzua. Pertsona sare global honetan, milaka dira beren etxea uztearekin batera, beste batzuen etxeetan egoteko aukera baliatzen dutenak. Sofa bat, gela bat edota etxe osoa zuretzat izan dezakezu sarean egonez gero.

Diru trukerik gabeko alojamendu, esperientzia eta lana bilatuz gero beharbada WWOOF mugimendua interesatuko zaizu. Ehun herrialdeetan zehar zabaldu den mugimendua da hauxe. Baserri ekologikoetan lan egitearen truke, lo egiteko tokia eskura zenezake. Hemen normalean ez dago dirurik tarteko. Etortzen denak, ikasteaz gain, janaria eta lo egiteko tokia eskuratzen ditu.

Zure aukera kanpina bada jakin, gure inguruan badirela kanpin oso interesgarriak, baita Europa osoan ere. Azken aldian, joera berri eta harrigarri bat ere agertu da, kanpina bai, baina luxua uztartu nahi duenarentzat, Glamping-a. Naturarekin kontaktuan egon bai, baina erosotasuna eta luxua ahaztu gabe. Joera berri honen erreferentziazko webgune bat Mundoglamping.com duzue.

Bidaiatzea ez da soilik, beste nonbaiten ostatu hartzea, bidaia bera eta bizitzen direnak garrantzia bera edo gehiago dute. Bada, horretarako ere proposamen ezberdinak badaude.

Lehena, kotxea partekatzearen inguruan sortutako BlaBlaCar.com. Aplikazio mugikor honen bidez kotxea partekatzeko aukera izango duzu. Egin behar duzun bidaian kotxerik dagoen ikusi eta aukeren artean aukeratu. Gidari eta bidaiariaren arteko zuzeneko tratua ahalbidetzen duen tresna honekin, diru bat ere aurreztu dezakezu kotxeko gastuak partekatuz.

Esperientziak bilatzen badituzu aldiz Trip4real.com webgunea interesatuko zaizu. Bidaiatzen duzun tokiko jendeak, bertakoek proposatutako ibilbide, ekintza, toki... ezberdinak probatzeko aukera izango duzu. Prezio egoki batean eta tratu ezin gertuagoko batean, bertakoak hobeto ezagutzeko balio duten esperientziak izateko aukera paregabea.

Zure bidaietako gauzarik garrantzitsuena janaria bada aldiz Eatwith.com bezalako webguneak oso interesgarriak dira. Bertako jendeak proposatutako jaki goxoak eta esperientzia bikainak probatu ahal izango dituzu honela. Galduta ibili gabe eta prezio egoki batean bertakoek prestatutako janaria dastatzeko aukera berezi bat. Euskaldunok badakigu, mahai baten inguruan denak, ez bakarrik janariak, beste zapore bat hartzen du.