Beltzezkoen panorama beltza

Saskibaloia baino kirol numerikoagorik ez da egongo ziur asko. Dena neur daiteke saskiraketa eta birrintzeen munduan, jokalari eta taldeak estatistikoki eraginkorrak diren behatze xedez. Beti esan da, halere, kirola zenbakietara mugatzea arima bidetik galtzea dela, benetako kalitatea, zenbakiek adierazten ez duten faktore hori baita. Bilbao Basket-eko jokalariek aurtengo hontan nahi baino gehiago behatu izan dituzte zenbakiak...nahiz eta zifra horiek kantxan gertaturikoarekin oso zer ikusi gutxi izan.

Taldeak momentu oso hauskorra bizi du. Patrozinatzailerik gabe, lehen mailako talde bat mantentzearen erronka ez da gauzagarria, eta hala, azken urteetako hazkundeari eten erabatekoa eman eta bideragarritasuna oso zalantzan geratu da. Zuzendaritzak ulertu zuen lehenbizi, jokalariek ondoren eta Miribillako zalegoak azkenik. Azken asteetan eman den egoera tamalgarriaren islada bortitzena, jokalariek deituriko greba, hilabete ugaritako soldata aldarrikatzeko azken neurri gisa, Real Madrilen partidaren ondoren hasi zena. Neurketa hura bukatzean beltzezko gizonek, malkoak masailetan eta talde madrildarraren jokalariek eginiko pasilloa zeharkatuz Bilbao Arenako harmailekin egin zuten bat, egoera muturrekoari tamaina hartzeko prest.

Aste bete igaro zen bilera eta negoziaketa artean. Enpresa, akziodun eta sponsor auzietan sartzea ez da lerroon xede, baina kontuak kontu, asteburua baino lehen greba utzia zuten jokalariek, eta hala liga jardunaldirik ez galtzea baliatu dute. Beste aurkari mitiko bat, bi aste malkartsuak ixteko, Bartzelona boteretsua. Berriro ere, konpromezuaren elastikoa soinean, saskibaloiaren izena handitze xedez atera dira Palauko pistara. Porrota ez zen beste ezer lortzea ezuste galanta izango litzateke, aste guztia entrenatu gabe igaro ondoren, eta miraria ez da gertatu. Era argian erori dira bilbotarrak, 29 puntuko aldearekin. Halere, zenbaki horiek errelebantziarik ez duten sentsazioa dago, bulegoetako dokumentuetan idazten diren zenbakiak baitira garrantzitsuak azken urteetan hazi eta hazi egin den taldearentzat, Euroliga jokatzera iritsi egin zen arte. Gehiagi puztutako proiektua dela entzun izan da, gihar ekonomiko ahularekin neurri gabe altxatu zen taldea, era gordinean gizarteak bere baitan dituen gaitzen adierazlea. Kontuak kontu, bere inguruan zalego bat piztu da, saskibaloiaren kultura errotu da Bilbon, eta egoera konpontzetik urruti egonda ere, goi mailako lehiak jarraituko duenaren esperantza ez da urratu.

Iker Zabala

2014, Martxoa 31
Arloa: Kirolak