Zerua eta infernua

Iker Zabala

2014, Otsaila 18
Arloa: Kirolak

Egungo kirolak etengabeko paradoxak aurkezten dituela ukaezina da. Egia esan garai guztietako kirol eszenatokiek utzi dizkigute bi norabidetako argazki eta egoerak, arrazoia zalantzan jartzen duten horietakoak. Baina egia da kirola eta dirua geroz eta hertsiago daude garai hontan, irria eta negarraren arteko momentuak aniztu egin direla. Horren adibide Eibarko futbol taldea. Bere garaian bigarren mailako talde klasikoa, zilarrezko kategoria horri ezin izan zion eutsi duela 5 urte, eta bigarren B mailan lehiakor egon ondoren, talde gipuzkoarrak berriro ere bigarren maila erdietsi zuen iaz, Gaizka Garitano entrenatzailearen gizonek buruturiko lan bikainari esker. Aurtengoa ilusioz beteriko urtea zen armeroentzat, berriro ere historiagatik dagokion mailara buelta baitzen.

Halere, aurreikuspenak zeharo hautsi ditu Ipuruako taldeak, izan ere, lehen itzuli sendoa burutu dute, eta 2014ean zoragarri aritu izanaren ondoren, sailkapenaren gorenera iritsi dira eibartarrak, urteko errebelazio eztabaidaezina bilakatuz, eta ekainerako, liga bukatzen denerako, goian egoteko bere hautagaitza azalduz. Harmailetako zalegoak oraindik ere gogoan du lidertza gozatu zuen aurreko aldia, 2005 urtean eta Jose Luis Mendilibar Ipuruako aulkian eserita zegoela. Orduan oso gertu geratu zen lehen mailarako igoera, baina denboraldi bikaina ederki ospatu zen udalherrian. Aurten bere garaian ezarririko mugarria gainditzeko erronka planteatu zaio Alex Aranzabal presidente duen taldeari.

 

Baina hori kirol arloa baino ez da. Errealitatearen beste aurpegia askoz ere ilunagoa da. Izan ere, zelaian igoeraz mintzatzen ari garen bitartean, bulegoetan jaitsiera hipotetikoa ari da planteatzen. Maila profesionaletan lehiatzeko behar den bazkide kapitalaren mugak handitu egingo ditu Ligaren antolakuntzak, eta Eibarri 1,7 milioiko eskakizuna burutu zaio, egun dituen 400,000 euro pasatxo horietatik oso urruti ezartzen den kopurua. 3 milioi euroko aurrekontuarekin, mailako talderik umilenetarikoa da gipuzkoarra, eta hala, profesionaletan jokatzeko baimena erretiratu ahalko litzaioke, iaz Guadalajararekin gertatu bezala. Ez da inolaz ere kontutan hartzen ekonomikoki oso talde osasuntsua izatea, ez eta inolako zorrik ez izatea; are gehiago, estatuko futbol instituzioek zenbaitetan aipatu izan dute Eibar egungo egoera kaotikoan jarraitu beharreko bide bezala. Baina txirotasuna ez da barkatzen, dirudienaren arabera. Alex Aranzabal presidenteak posible den guztia egiteko borondate irmoa azaldu badu ere, urruti dago bildu beharreko dirua, eta oso gertu abuztuko epemuga. Kategoriaz jaisten den txapelketako irabazlearen kasua izan ahalko litzateke?