WhatsApp baino gehiago

Gorka Julio

2014, Otsaila 14
Arloa: Sarean
Telegram logo

WhatsApp zabaldu zenetik asko izan dira honen alternatiba bezala aurkeztu diren tresnak. Aurretik baziren beste batzuk ere eta berriak ere etorriko dira. Berehalako mezularitzaren historian bidai txiki bat proposatzen dizuet gaurkoan.

Berehalako mezularitza mugikorretara iritsi aurretik, ordenagailuetan erabiltzen genuen. Txat gelatan sortutako harremanekin kontaktua mantentzeko tresna paregabea zen. Hasieran oso jende gutxik erabiltzen zituenean oraindik, ICQ zen erreferentzia. Beranduago etorriko ziren AOL messenger, Yahoo Messenger eta MSN Messenger ezagunagoak. Urte askotan azken hau izan zen jende artean ezagunena eta hedapen handiena lortu zuena.

Internet mugikorretara iristen hasi zenean berehalako mezularitza tresnak bertara salto egiten saiatu ziren. Hasieran, ez zuen arrakasta handirik izan, orduan SMSakzuen komunikazio mota honen monopolio ia erabatekoa. Interneteko konexioak merkatzen hasten direnean berehalako mezularitzako tresna batzuk lortzen dute saltoa ematea. Oraindik ezaguna zen MSN Messengerrek hedapen apur bat lortu zuen orduan. Hala ere, oraindik ere SMSak eta Push bezalako mezuak elkartrukatzeko aukera ematen zuten Blackberry-ek nagusigoa zuten.

Telefono adimendunak (Smartphone-ak) eta Internet abiadura azkarragoa hedatzen hasten direnean beste aldaketa bat gertatzen da. Ordura arte ezagunak ziren tresnez aparte beste tresna batzuk agertzen dira, horien artean WhatsApp. Gure agenda hartu eta izena eman behar izan gabe, ezagunekin hitz egiteko aukera ematen duen berehalako mezularitza tresna bat besterik ez da WhatsApp.

Beste bat izanik ere, jendartean garrantzi berezia hartu duen tresna izan da.  Hau baino lehen, telefono deiak, SMSak eta baita hein batean Facebook bezalako sareetako komunikazioak ohikoak ziren. Horietako komunikazio asko orain WhatsApp bidez ematen dira, baita talde mailan ere. Jende askok bere kuadrila, lagunak, familia... WhatsApp talde bihurtu ditu. Sare efektu handia lortu duen tresna da WhatsApp. Gero eta jende gehiago sarera gehitu, gero eta balio handiagoa du jendearentzat sarean egoteak; horixe da sare efektua.

Hala ere, WhatsApp-ek arazo batzuk ere izan ditu. Batzuk ordainpekoa izategatik izan dira, jende bat ez baitago prest euro bat baina gutxiago ere ordaintzeko, nahiz eta berarentzat aplikazio interesgarria izan. Beste batzuk aldiz segurtasunari lotuta izan dira. Hasieran behintzat WhatsApp-ek arazo garrantzitsuak izan zituen komunikazio segurtasunarekin, baina gehienak konpondu ditu.

Bidean bere ahuldadeak baliatuz, beste hainbat aukera eta hobekuntza proposatzen dituzten tresnak agertzen joan dira: Line, SpotBros eta Telegram kasu. Lehen biek arrakasta erlatiboa lortu badute, azkenak hedapen handia lortu du gurean. Estrategia nahiko "lotsagabea" erabili dute zabaltzeko. Agendako lagunen bat sartzen den bakoitzean jakinarazpen bat jasotzen du erabiltzaileak jendea erakartzeko.

WhatsApp-ekin alderatzea saihestezina da. Sortzaileak VKontakt enpresako buruak dira, Europan, Facebooken ondoren, erabiltzaile gehien dituen sare soziala omen dena. Irabazi asmorik gabe egin omen dute proiektua eta gainera aplikazioa software librea da. WhatsApp-ekin antzekotasun handiak ditu, ez dago inongo arazorik batetik bestera igarotzeko, interfazea oso antzekoa baita. WhatsApp bidez ezagunak egin diren emoji-ak ere aurkituko dituzu bertan.

Ikuspuntu teknikotik, WhatsApp ez bezala beste gailu batzuetatik (tablet, ordenagailu, eramangarri...) erabil daiteke. Horrez gain fitxategi elkartrukean edozein motako fitxategiak trukatzeko aukera ematen du, beti ere 1GB baino txikiagoa bada. Taldeen kasuan, WhatsApp-ek 50 pertsona onartzen baditu, honek 200 erabiltzailera zabaltzen du aukera.

Segurtasunari begira Telegramek bezero-zerbitzari komunikazioan algoritmo sorta propioa erabiltzen du, ustez seguruagoa omen dena, nahiz eta kritika batzuk ere jaso dituen. Garrantzitsuena aldiz, pertsonen arteko komunikazio zuzena egiteko aukeran dago. Txat seguruen bidez, bi pertsonen arteko komunikazio zifratua ahalbidetzen duten txat gelak daude. Txat horietan automatikoki definitutako denbora batean desagertzen diren mezuen bidez komunikatzeko aukera ere ematen du.

Esan daiteke beraz, Telegram aukera interesgarria izan daitekeela WhatsApp ordezkatzeko, baina ikusteko daude oraindik segurtasunari dagozkion zenbait gauza. Librea izanik behintzat ikuskatzeko aukera ematen du tresnak. Ez hori bakarrik, arrazoi berdinarengatik euskaratzeko aukera ere ematen du eta horixe da euskal bi enpresen artean egin dutena.

Historia errepasatu dugu, baina historia horretan guztian oso garrantzitsua izan den Jabber protokoloa ezin aipatu gabe utzi. Jabber edo XMPP protokolo irekiari esker bereahalako mezularitza tresna askok egin izan du aurrera. Horien artean Google Talk edo WhatsApp bera horren moldaketak dira. Honekin, nahi izanez gero zure berehalako mezularitza propioa sor zenezake. Mugikorretan adibidez Xabber eta Beem bezalako aplikazioak daude horretarako. Hauek ere libreak dira, zifratuak (OTR erabiliz) eta euskaraz daude edo bestela badakizu euskaratu.