Zelan esan?

Agurtzane Ormatza Imatz

2004, Otsaila 01
Arloa: Jo ta jo

jot04_1.jpg

Zorionak eta Urte Barri On denoi. Ziur antzean aspertuta egongo zarete esaldi hau horrenbeste bider entzun eta gero, baina ni ez nazenez egon zuekin ba hor doakizue. Ea aurton iazko asmoak betetzen diren, sikiera baten bat, ezta? Zer? Kontaidazu, zer edo nor etorri zaizu gogora iazko asmoak aipatu ditudanean? Zer zaude pentsatzen? Zelako irribarretxua agertu da zure aurpegian, e? Eta zure bekoki ilun hori zergatik? Ia-ia asmatu egin dut zer daukazun bihotzean gordeta! Bai... aspalditik zure burua jira bueltan darabilzu, gogo gitxigaz, eta irribarretxua bera ikusten duzunean bakarrik agertzen zaizu. Tamalez, irribarre hori kentzen saiatzen zara askotan inork ere ez dezan jakin berak pizten duela zure barne poza. Bera ikusten duzunean sua sentitzen duzu zure barrenean, batzutan zure masailak gorritu ere egiten dira. Alboan jesartzen bazaizu eskuak izerditan hasten zaizkizu eta bihotzaren taupadaren burrunbada entzuten duen galdetzen diozu zeure buruari. Beragaz berba egitea oso gogokoa duzu, baina aldi berean ahoa sikatzen zaizu eta, ez zaizu berba inteligente bat bera ere ateratzen, memeloa ematen duzu. Askotan, bera ikusten duzunean zugana zer edo zer galdetzera datorrela zuk ospa egiten duzu, ez duzu nahi berak zu urduri ikustea, beste batzutan paso egiten duzu berataz eta, oso txarto ikusten baduzu zeure burua haserretu ere egiten zara berarekin.... Gero etxerako bidean triste joaten zara, zeure burua madarikatzen behin eta berriro. Asteburuetan koadrilagaz tabernan egoten zara, klaseko kontuak kontetan, zuon kirol taldeari dagokiona aztertzen, nesken eta mutilen arteko harremanez berba egiten, kontu kontari. Batzuk euren "ligeei" buruz jarduten dute eta besteek euren ametsetako pertsona horretaz. Erretzekoa eta edatekoa tartean dagoelarik berbetea errazagoa izaten da, baina holakoetan ere zure benetako barrena ez duzu ateratzen, ez duzu nahi inork jakitea nor den zure benetako kuttuna, are gehiago pista faltsuak ematen dituzu inor konturatu ez dadin. Maiteminduta ala? Ez dakizula? Bueno argi dago bera oso gustuko duzula. Nor edo nor modu horretan gustatzen zaigunean ondo eta txarto pasatzen dugu aldi berean. Alde batetik, pozarren bera ikusten dugunean eta gugana hurbiltzen danean, eta beste aldetik goibel ez dugulako nahi berak gu mintzea gu bere gustukoa ez bagara. Askotan, ez ditugu gure benetako sentimenduak azalarazten min hori ez hartzeko eta gure ikasturteko bidaide sekretua bihurtzen dira, baina bidaide horrek hainbat egoera eta harreman baldintzatzen du. Batzutan egoera jasanezina da, ezta? Ta zenbat denbora daroazu horrela? Beti da lar! Ez dakit zenbat denbora pasatu duzun maite-min hori ezkutuan dela. Badakit zure lagunei ere ez diezula esan, barre egingo dizutelakoan edo zerbait okerragoa, zure ustez lagunek ez dute ulertuko piperrik ere. Klaseko askok ziria sartzen dizute ez duzulako inoiz esan nor den zure gustukoa, ez zaituelako inoiz ikusi beste batekin tonteatzen. Pentsatzen dute buruan dituzun gauza bakarrak kirola eta zure herriko "mobidak" direla. Lehengo astean pasatutakoa pasatuta, orain zailagoa egiten zaizu ezer esatea, batez ere zure koadrilakoei, agian noiz edo noiz beste norbaiti.


Sexu Heziketa ikastarorik eduki duzue azken aste bietan? Sexologo bat etorri zitzaizuen zuon zalantzak eta galderak aztertzeko? Benetan ondo pasatu zenuen? Klaseko giroa ere hobetu egin zen eta gai asko aztertu ziren, denok hitz egin zenuten eta benetan pentsatu zenuen hartutako indarrak zenituela zurea zure kuttunari kontatzeko -edo sikiera lagunen bati- eta behingoz zure barrenak askatzeko. Baina ez, ez zen gertatuko zuk nahi zenuen moduan. Ikastaroko egun batean irakasleak joko baten bidez neska eta mutilen harremanak, gustuak, desioak, aztertu arazi zizkizuen, neska-mutil, mutil-neska, neska-neska, mutil-mutil.... Hasieran dena barre eta algara, denbora joan ahala algara gutxiago eta barre gehiago. Klasean gehienek azalean ulertzen zuten edozein konbinazio baina aldi berean argi geratu zitzaizun gehienek ez zutela nahi bere sexuko batekin istorio sentimentalik eta are gutxiago, erotikorik, urduri jartzen zirela, batzuei nazka ematen zietela horrelako kontuak eta barre baino ez zutela egiten. Benetan esperientzi gogorra. Zelan esan, ez da Jon, aspalditik Mikel maite duzula? Bera ikusten duzun bakoitzean urduri jartzen zarela? Zelan esan partiduak jokatzen dituzunean hainbat gozatzen duzula sikiera gertu daukazulako? Zelan esan zenbatetan amestu duzun berarekin solasaldi goxoa daukazula? Zelan esan klasekoei eurek esaten duten moduan euren harremanen gazi-gozoak zeuk ere gurako zenituela azaldu problema barik? Zelan esan zuk ere gurako zeniokeela ikastolako sarreran musu bat eman zure kuttunari, Idoiak eta Urkok egiten duten moduan klasera sartu orduko? Zelan esan zenbaterainoko mina hartzen duzun bere neskalagunarekin ikusten duzunean? Zelan esan zein inportantea den zuretzako bera zure laguna izatea batzutan jasanezina izan arren? Zelan esan zure sentimenduak egunero zapaltzeak negar gurea ematen dizula? Zelan esan ez duzula nahi Mikel gustatzea eta, Miren edo Ainara gustatzea desiratzen zaudela? Errazagoa egingo zitzaizun, ezta? Zelan esan zuk ez duzula aukeratu nor gustatzen zaizun? Zelan esan jadanik hasi zarela pentsatzen Bilbora joatea zure kabuz ea zer aurkitzen duzun han? Zelan esan gurasoei eta beste senitartekoei "ligeei buruz" galdetzen dizutenean benetan sentitzen duzuna? Zelan esan kokoteraino zaudela euren galderekin? Zelan esan beldurtuta zaudela, eurek ulertuko ote duten ala ez? Zelan esan zure buruari hau ez dela azken boladako kontu bat betidanikoa baino? Ez, ez da batere erreza, zure lekuan egon behar da hori benetan zer den jakiteko. Nik gura nuke "barita magiko" bat eduki baina ez daukat Jon. Uste dut lehenengo urratsa eman duzula, zuk zeure buruari onartzean zure benetako sentimenduak. Beharbada hemendik aurrera ez da erreza izango , baina ez zapaldu nor zaren. Ez da inor errudun, errudun bakarra izatekotan bihotza da . Benetako lagunak alboan edukiko dituzu zure barrena askatzen duzunean, eta zure gurasoak ere bai. Hasieran "flipatu" egingo dute , batzuek berehala onartuko dute eta batzuei ez zaie erreza egingo . Daukagun gizartea aurrera doa poliki-poliki baina oraindik urrats asko eman behar ditugu. Nerabezaroan gazte guztiek finkatzen dute zein sexukoa den gustatzen zaiona, hau da mutilenganako edo neskenganako desioa sustraitzen da. Batzuek denbora gehiago behar dute besteek baino, baina nerabezaroaren prozesuaren amaierarako finkatuta dago. Gure gizartean beste sexukoa gustatzen bazaizu prozesu hori askoz ere errazagoa izaten da hainbat modu daudelako ondo bideratzeko baina sexu berdinekoak direnean desioaren jomuga, zailagoa izaten da prozesua osatzea. Diskurtso mailan homosexualitatea oso ondo dago aztertuta, are gehiago denek ezagutzen dute zer den politikoki zuzena esatea, baina askotan jarreren eta jokabideen aldetik hutsune latzak ikusten ditugu . Beste alor askotan moduan gauza bat da zer diogun eta bestea zer egiten dugun, biak bat etortzea ez da erreza. Baina saiatu behar dugu, sikiera, kontraesanez jabetzen eta lantzen. Hau denon ardura baita.