BARRENAK ASKATZEN (II)

Agurtzane Ormatza Imatz

2004, Abuztua 01
Arloa: Jo ta jo

jot10_1.jpg

Aupa danoi: Zelan oporretan? Zelan amaitu zen ikastolako azken txanpa? Negarrak, pozak eta denetarikoa egon zen, ezta? Baina, animo, orain oporretan zaudete datorren ikasturtera arte, beraz gozatu ahal duzuen neurrian. Gu oraindino oporretan joan gabe, baina zuon moduan egoteko irrikan gaude. Dena dela, oporretan joan aurretik aurreko hileko artikuluari eman behar diogu amaiera. Norbaitek egin al du komentatutako ariketa, hau da, emozioak, sentsazioak, pentsamenduak… atrapatzea eta ateratzea? Beharbada, oporretan zaudetenez ez duzue astirik, ezta gogorik holakorik egiteko... Bueno, bakoitzak har dezala behar duen denbora, eta bere erritmoari eutsi diezaiola, bakoitzak bere bidea baitauka. Besteei gaia gogoraziko dizuet. Sarritan oso zaila egiten zaigu gure sentimenduak, sentsazioak edota pentsamenduak beste pertsona bati azaltzea, gure bihotzeko kuttuna izan arren. Alde batetik, norberak ere ez daukalako oso argi zer gertatzen zaion eta bestetik, bestearen erantzunaren beldur garelako. Pasadan hilean gehien bat lehenengo zergatia jorratu genuen, eta gaurkoan bigarrenari errepasotxo bat egingo diogu. Behin argi daukagunean zer gertatzen zaigun errazagoa da esateko daukaguna esatea. Hala ere, askotan ez dakigu zer den, baina bai zelako egonezina sortarazten digun, beraz egonezin hori be azaltzeko modukoa da, besterik oso argia ez badugu ere. Lehen aipatu dudan lez, askotan zerbait esan gura dugu baina erantzunaren beldurraren poderioz, ez dugu ezer esaten, eta gure buruak bere lana egingo du gure esateko gaitasuna txikituz. Gaur egun, eta aspaldian be horrela izan zelakoan nago, bestearen ezetzak edota ez adostasunak min asko sortarazten digu. Alde batetik, oso argi eduki arren besteak maite gaituela edo bestea ez dela nirekin beti ados egon behar, gure barrenean horretarikoak entzuterakoan askotan zerbait hautsi egiten da, ezta? Gehienetan, besteen pentsura denbora lar ematen dugu eta bestearen onarpenak askotan ekartzen du geuk geure burua onartzea. Beharbada, bidea bestelakoa da, hau da, guk geure burua onartu eta maitatzen dugu besteek geu maitatzeko eta onartzeko, ezpabere, gehienetan, bestearen onarpena edukitzeko ia edozer egiteko prest egongo gara gustatu ala ez gustatu, gurekin bat datorren ala ez ez dugu zalantzan ipiniko. Orduan, kasu honetan, lehengo pausua da geure burua eta emozioak diren modukoan onartzea, eta gure buruarekin edota gure lagunarekin gertatzen zaiguna agertzea. Beti ere, norberaren emozioetatik, hau da, zelan sentitzen garen adieraziz, errua bota gabe.


Badakit sarritan berbak gogora eta ezpainetara datozkizuela, baina ez direla hortik kanporatzen, beharbada, errazagoa egingo zaizue berari be esaten badiozue zelan sentitzen zareten egoera horretan, juxtu momentu horretan... “Urduri nau"," ez dakit zer esan", "denbora asko momentu honetaz pentsatzen eta orain ez dakit zer esan edo zer egin"," ez zaitut mindu gure", " beldur naz ", " guztiz lotsatuta nago", "oso gustura nago"... Ez dugu zertan poesia bat esan behar, edo pentsamendu logikoren bat luzatu, gehienetan emozioz josita gaude eta horiek ahal dugun moduan ateratzen dira. Inork ere ez daki zelan egiten den hau egin arte eta behin baino gehiagotan hanka sartu arte. Guk nagusiagoak garenok askotan emozioen alorretan hanka sartzen dugu, geuk be asko daukagu ikasteko eta. Beraz, ez ipini horrenbeste presio zure buruari, maite zaituenak zareten moduagatik maite zaitu eta. Berbak ezin badira izan zuon emozioen bidaide beharbada gorputza izango da, egiozue kasu berari. Gorputzak beti esaten digu zer gustatzen zaion, zer ez, zeren beldur edo lotsa den eta beti dauka moduren bat hori adierazteko. Batzutan gu konturatu baino lehenago berak guri eta gure bikotekideari gure sentsazioen edota pentsamenduen ikurrak dabil ematen...eta guk jaik gabe. Beraz erne ibili eta begiratu. Beste batzutan gure gorputzak ematen digun baliabideak aprobetxa behar ditugu eta segur aski egiten duzuela. Askotan besarkada edo musu baten bidez adierazten digu maite dugula berbekin esatea zaila delako, nahi badugu gure bikotekideak gure titia ukitzea bere eskuetara eramaten dugu, edo ez badugu nahi gure bikotekideak gure ipurdia ukitzea eskua kentzen diogu... Erabili itzazu eskuak, begirada, ezpainak, hankak... ez duzuena nahi eta nahi duzuena adierazteko! Ez da erraza esatea berbekin ezta gorputzekin baina zailagoa da nahi ez duguna egitea, zailagoa da berari uztea berak gura duena egiten eta gainera pentsatzea ni gustura nagoela, zailagoa da, zailagoa nire barrenean gordetzea benetan gura dudana, zailagoa da esan behar diodana ezkutatzea ....zailagoa da gure emozioak, sentsazioak eta pentsamenduak zapaltzea eta erreprimitzea, zama handiegia da norberarentzako eta baita bestearentzako ere. Animo eta gozatu uda honetaz! Laster arte. Besarkada bana, Agurtzane