eMuseoak

Gorka Julio

sa41.jpg

Opor garaia gerturatzen ari zaigula ikusita askok egun libre hauetako plangintza egiteari ekin diote. Joaten garen tokira joaten garela, tokiko kultura, artea, ohiturak... ezagutzen saiatzen gara gehienetan eta horretarako museoetara gerturatzeko joera izaten dugu.

Museo aniztasuna handia da, arte museoak, arkeologikoak, etnografikoak, zientzietakoak, ondare industrialari lotutakoak... Gero eta oparoagoa da eskaintza eta sarritan gero eta urrunagoa egiten zaigun aukera bat da. Oporrekin edota oso une zehatzekin erlazionatzen dugun zerbait da museoa.

Beste edozein jarduera kultural bezala, museoek ere euren tokia aurkitu dute Interneten. Gaur egun, sarean ez dagoena ez dela existitzen entzuten dugu sarritan. Jendeak gero eta gehiago erabiltzen du erreminta hau bilaketak egiteko, informazioa topatzeko, sarrerak erosteko edota bidaiak antolatzeko orduan. Hau ikusita, museoek esparru berri honen protagonistetako bat izatea erabaki dute.

Museo bakoitzak egiten duen eskaintza desberdina den bezala, museo bakoitzaren web orria ere desberdina da. Batzuek museoari buruzko informazio ematera mugatzen dira: ordutegia, sarrerak, bisita gidatuak, zerbitzuak, erakusketari buruzko informazioa... Beste batzuek pauso bat gehiago eman dute eta erakusketen bisita birtualak eskaintzen dituzte.

Gaurko honetan, maiatza museoen hilabetea dela aprobetxatuz, museoek Interneten duten tokia erakutsiko dizuet. Alde batetik, gugandik gertu dauden zenbait adibide ikusiko ditugu eta bestetik, beti bisitatu nahi izan ditugun museo famatu eta handietan sartuko dugu muturra.

Euskal Herriko Museoak Interneten

Gure inguruan ditugun museo gehienek euren tokia eraiki dute eremu birtualean, baina bakoitzak bere modura egin du. Batzuek museoaren inguruko informazioa ematera mugatu dira eta beste batzuek orria museo bilakatu dute. Azken apustu hau egiten dutenek, baliabide ekonomiko handiagoa duten museoak izaten dira.

San Telmo Museoa (Donostia): Gaur egun berregituratze prozesu batean murgildurik dagoen museo honek bere apustua egin du Interneten. Bere orrian informazio orokorra, museoak dituen bildumak, jarduerak, erakusketak, ikerketa eta berrikuntzei buruzko berriak ikus daitezke.

Guggenheim (Bilbo): Harrigarria badirudi ere, museo honen orriak aurrekoaren bide berbera jarraitu duela esan daiteke. Baliabide gehiago dituen museo bat izan arren, orrian topatuko duguna informazioa da, hori bat museoaren esparru guztien inguruko informazioa.

Santa Maria Katedrala (Gasteiz): Honako hau ez da ohiko museo bat, zaharberritze lanak aurrera doazen bitartean, hauek, jendearentzako ikusgai egotearen erabakiaren ondorioz museo bilakatu den gunea dela esan daiteke. Bisitatzen den bitartean bertan burutzen diren lanak eta aldaketak ikusteko aukera du bisitariak. Filosofia honi jarraiki, fundazio honen orrian era guztietako informazioa bilatzeaz gain, katedralaren zirrikituetan barneratzeko aukera ematen digun bisi birtuala topa dezakegu.

Trenbidearen Euskal Museoa: Orri propiorik ez duen arren (Euskotren orriaren barnean dago) zenbait argazki ikus daitezke. Ez da beste munduko ezer baina bai museo honen inguruan egin duten hiru dimentsiotako irudikapena.

Munduko Museoak Interneten

Ziur nago guztiok dugula bisitatu nahiko genukeen herri, hiri edota museoren bat. Nonbaitera joanez gero bisitatu beharreko gertatzen den museoren bat ikusi gabe utzi duzula?. Parisera joan zara eta ez dituzu museoak ikusi? Mexikon egon zara eta ez duzu hiriburuko museo famatua bisitatu? Lasai! Gaur egun ez dago etxetik mugitu beharrik munduko museo famatuenak ikus ahal izateko. Etxean ordenagailua eta Internet izanez gero bidaiatzeko prest egotea besterik ez duzu. Hona hemen gomendio batzuk.

Louvre (Paris): Pariseko museo famatuaren web gunea. Bertako zenbait arte lanen irudi eta dokumentazioa aurki daiteke.

Hermitage (San Petersburgo): Bisita birtual polit bat egiteko aukera ematen du museoak eta bertako gela ezberdinetatik nabigatu dezakegu.

Museo Nacional de Antropología (Mexico): Hiru dimentsiotako ibilaldi bat eskaintzeaz gain pieza ezberdinak 3 dimentsiotan ikusteko aukera ematen du museo eder honek.

Thyssen-Bornemisza (Madrid): Museo honen orria interesgarria gertatzen da. Alde batetik museoaren inguruko informazio zabala topa dezakegu bertan, baina honez gain Educa Thyssen-en klik eginez gero, umeentzako bereziki prestaturiko txokoa topatuko dugu. Bertan, Thyssen txikiaren laguntzaz arteari buruz zenbait gauza ikasteko aukera izango duzue. Helduek ere bertan gordetzen den bildumaren bisita birtuala egiteko aukera dute.

Museo askok dute euren tokia Interneten, baina honako artikulu honek amaiera izan behar du nonbait. Hala ere, munduko museoen direktorioa kuriositatez beteriko pertsonen zain duzue.

Gorka Julio

2007, Ekaina 01
Arloa: Sarean