LOS MOÑAS Mungiatik datozen pop doinu alaiak

Gotzon Uribe

bm52_1.jpg


bm52_2.jpg

Mungiako hirukoteak “Vitaminas” (Baga-Biga 08) bigarren lana plazaratu du egunotan. Disko bikoitz honetan rock arina eta alaia jotzen dute, beti ere kontutan izanda taldearen ezaugarririk nagusiena kantatzerako orduan ahotsak duen melodía dela, pop estilo klasikora begiratuaz. Orain dela hiru urte plazaratu zuten beren estreineko lana Oihuka diskoetxearekin eta gerora zenbait kontzertu eman ondoren taldea buru belarri ibili da disko berri hau prestatzen. Aipatu dugun bezela disko bikoitza da, lehena 2007an grabatua, eta bigarrena, 2006an. Hamar kantu gauzatu dituzte ale bakoitzean: lehenengoa zuzenagoa eta gogorragoa, ohiko melodiak baztertu gabe; bigarrena, berriz, pop rock txukunetik hurbilago dago. Bere musika The Uski’s eta Pignoise moduko taldeen erdian aurkitu dezakegu, freskotasuna eta jarrera duen hirukotea da, presentzia eskenatoki gainean eta kantuak egiterako orduan pop musikarekiko sentsibilitate berezi bat. Ramones, R.E.M, Good Charlotte, Simple Plan, Green Day edota El Canto del Loco moduko taldeen eraginak aipa ditzakegu bere musika ulertzeko orduan.

Guzti honekin lotuta esan taldearen buru Aitor Ganboa kitarrajolea dugula, garai batean -90. hamarkadaren erdialdean- Uribe-Kosta inguruan ezaguna bilakatu zen XXL taldeko kantaria eta kitarrajolea. Aurrerakoia izan zen talde hau, momentuan Bad Religion eta Green Day moduko taldeak puri-puri zeudenean hauek ere estilo erakusketa ederra egiten zuten bi disko plazaratuz. Garai haretan hainbat kontzertu eman zituzten eta horietako zenbait nazioarteko talde haundirekin batera. Los Moñas taldearen izena taldeko baxujolea den Ivan Fernandez lagunari jarritako izengoitiaren ondorioz dator, berau rugby jokalaria da eta taldeko kideek “moñas” izengoitia jarri zioten, honek gustora hartu eta taldea Los Moñas izango zela erabaki zuten. Orotara udan gustora entzuteko diskoa da. Punk eta pop doinu alaiak eta baziloiak ere, neskak, parranda, rock’n’rolla, eguzkia… eta beste hainbat gauzari abesten dion talde alai eta baikorra dira Los Moñas.

Gotzon Uribe

2008, Ekaina 01