"Euskaratik deskonektatua den gazte asko dago oraindik. Hor ere erronka handia dugu."

Irati eta Kamila Plazara elkarteko kide dira, 2023an Ipar Euskal Herrian sortutako ekimena. Bere xedea, euskara suspertu eta plazara ekartzea da eta, horretarako, hainbat lan-ildo lantzen dituzte. Beraiekin elkartu gara proiektua gertutik ezagutzeko.

Ia urte bete egin du Plazara proiektuak, baina, zer da? Nola sortu zen?

Plazara, boskote ameslari batek abiatutako abentura berri bat da. Gure burua diziplinarteko kolektibo bezala definitzen dugu, soziolinguistika, pedagogia, itzulpengintza, komunikazioa edo proiektu kudeaketa bezalako arloak uztartuz, euskararen biziberritzean eragin nahi dugulako.

Azken urteetan euskalgintzan, kulturgintzan, hezkuntzan edo herrigintzan ibilitako pertsonek osatzen dugu Plazara. 2023 urte hasieratik, tresna berri bat sortzeko beharra partekatzen hasi ginen gure artean; astez aste, beharretik gogora pasa ginen. Eta urratsez urrats horren egikaritzeko jauzia egin genuen.

Euskalgintzaren egoera biziki prekarioa da Ipar Euskal Herrian eta urteak pasako dira Plazara bezalako eragile batentzat eredu ekonomiko bat lortu aitzin. Zentzu horretan, eskertzekoa da lehen hilabeteetan herritarrek eta Euskal Herriko eragile sozial batzuek ekarritako sustengua. Gaur egun, 200 Plazakideren sarea dugu inguruan. Eta goxo da.

Zer da egiten duzuena? Norekin egiten duzue lan?

12 hilabetez, Plazarak 71 egiturekin lan egin du. Izugarria da! %62a elkarteak dira, %24 instituzio publikoak eta ondotik datoz enpresak eta kooperatibak.

Gure lana definitzea ez da errex, zeregin desberdinetan ari baigira. Plazarak badu sustapenetik, aholkularitzatik, hizkuntza lankidetzatik… Sinplifikatzeko, erran dezagun gure jarduna bi ardatzen artean banatzen dela:

Alde batetik, egituren bidelagun gira. Enpresak, herriko etxeak, elkarteak eta kolektiboak laguntzen ditugu euskara erdigunera ekartzen. Horretarako lan desberdinak egiten ditugu: aholkularitza, euskara planen sortzea, formakuntzak, euskara deskubrimenduak, itzulpenak, komunikazio tresnen sorrera, ekitaldi antolaketa…

Baina bestalde, guk identifikatzen ditugun behar batzuei erantzunak ematen saiatzen gira. Adibidez: euskararen inguruko sentsibilizazioan eragin nahi dugu, mediazio ekintza eta tresnak sortuz eta hedatuz; Hizkuntza ohituretan eragiteko familia barnetegiak sortu nahi ditugu; Euskara eragileen eskola ibiltaria plantan eman nahi dugu; Haien hizkuntzen alde mundu zabalean lan egiten duten komunitateengandik ikasi nahi dugu; eta beste hainbat lan ere.

Zein da euskarak duen egoera Ipar Euskal Herrian? Horrelako lanketak behar dira?

Azken hamarkadetako lanari esker, hiztun kopuruaren galtzea oztopatu ahal izan dugu. Hezkuntzaren bidez egindako lana izugarria da. Belaunaldi gazteak geroz eta euskaldunagoak datoz. Baina gure herrialdeen erakargarritasunarengatik, urtero 3.000 erdaldun berri bizitzera datoz Ipar Euskal Herrira eta euskalduntze estrategia eraginkorrik gabe hiztun proportzioak apaltzen segituko du.

1950. hamarkadako berpizkunde kulturaletik hona, gure komunitatea mobilizatu da gure hizkuntzari etorkizun baten emateko. Ikastolak sortu ditugu, aisialdiak, hedabideak, haurtzaindegiak, ziurtagiriak, … arloz arlo lanean ari gira. Baina argi da batak bestea gabe, ez duela funtzionatzen. Osagarritasun eta interdependentzia horren bistarazteko, sinergiak sortzeko eta elkarlanak sustatzeko sortzen da Plazara.

Gazteak euskaldunagoak datoz, baina, euskaratik hurbil bizi dira?

Erran bezala, gazte belaunaldiak geroz eta euskaldunagoak dira 1996tik goiti. Hori esperantza iturri da. Eta hizkuntza gaitasunaz gain, erran dezakegu ere euskararekiko nolabaiteko leialtasuna eta militantzia duen belaunaldi bat badela. Gaztetxe, besta komite, kultur elkarte, libertimendu eta hedabideetan, gazteek euskaraz hartzen dituzte espazioak. Plazer bat da.

Gero, euskararen munduetan kostatzen zaigu jendartea bere aniztasunean ikustea batzuetan. Euskaratik deskonektatua den gazte asko dago oraindik. Eta hor ere erronka handia dugu.

Ze motatako lanketak egitea dituzue buruan aurrera begira?

Orain arte asko lan egin izan dugu instituzio publikoekin (Herriko etxe eta Herri elkargo) eta zerbitzuak eskaintzen. 2025era begira, sektore sozio-ekonomikoaren euskalduntzean parte hartu nahi dugu Bai euskarari, Euskal Moneta eta gisako egiturekin. Eta gure proiektuak ere lurretik atera nahi ditugu: euskararen munduak agerian uzten dituen webgune erreferentziala, hizkuntzari buruzko ihes-joko konektatua, familien barnetegia, euskalgintzaren etxe partekatua Baionan…

Baliabideak bai, baina ametsak ez ditugu falta!

Mattin Solis

2024, Apirila 12
Arloa: Berba Bi