Euskarazko podkastak entzuten

Podcastak asko hedatzen ari dira eta euskarazko sorkuntza oparoa da. Euskal hedabide hedatuenek :EITB, Argia, Berria, Naiz…beren podcast propioak sortu dituzte. Hedabide txikiagoek, irrati libre eta komunitarioek ere ekin diote lanari: Euskal Herria, Bilbo Hiria, Antxeta, Arraio, Irola, TTanTTakun irratiak… horien artean. Hortik kanpo ere badira modu independentean jaiotako podcastak ere, batzuek gero hedabide horietatik anplifikatuak badira ere.

Horietako asko podcast plataforma ezberdinetan topatuko dituzue EITBpodkast plataformaz gain, iVoox, Spotify, Google podcast edo Apple podcast plataformetan ere. Goazen hauetako batzuk ezagutzera:

_Bertikala_

Laura Ré-k eta Sara del Río-k, sorturiko podcasta dugu.  Bertan euren interes, bizipen zein desiretatik abiatuta ordubete inguruko solasaldia eskaintzen digute.

Artxipielagoa

Fikziozko podcast seriea. Etorkizun hurbil batean, itsas-maila ustekabean bortizki igo da eta urpean geratu da ordura arteko mundua. Bizirik atera direnak, uharte bakanduetan bizi dira, artxipelagoetan.

Barruan Gaude

Elkarrizketa podcast bat da ‘Barruan gaude’, Oier Aranzabalek gidatua. Protagonista baten etxera saio bakoitzean sartu eta solasaldi lasai bat, intimoa, barru-barrutik…

Basilika

Basilika podcasting espazio bat da. Pentsamendu konparatuan, hausnarketa kritikoan eta gaur egungo kultur ekoizpenaren forma desberdinen gaurkotasun-harremanetan arakatzea.

Benetan zabiz?

Aitziber Grados eta Malen Altunak, umoretik, entretenimendurako podcasta da. Gaien aldetik mugarik ez dago eta istorio pertsonaletik abiatuta, gonbidtauaren sekretu ilunenak argitara ematen dituzte.

Beranduegi

Aktualitateko gaiak ironia demokratikoz lantzen dituen podcasta da Beranduegi. Ostegunero Argiaren web orrialdean aurkituko duzue ordubete inguruko irratsaioa.

Berria FM

2019an abiatu zen Berria FM podcasta, eta ziklo berri bat hastekoa da. Aurrerantzean, Uxue Rey eta Ane Eslaba kazetariak izanen ditu gidari.

Bilynch

Zinemazaleentzako gozagarri izango den saio monografikoa da, estiloz ganberroa eta edukiz aberatsa Beñat Iturriotz, Oskarbi Sein, Mikel Zumeta eta Maite Bidartek egina.

Dunbala

Badok ataria lemazain duela, euskal musikari begiratua ematen dio Dunbala ’podcast’-ak, Ihintza Orbegozo eta Jagoba Salvadorren gidaritzapean.

Gure garaian

Klak ekimenetik bultzatuta, gazteok ahots propioz egina eta zabaldua. Gure gogo, kezka eta arazoen inguruan hitz egiteko leku bat. Filtrorik gabe eta grazia askorekin. Zikintzeko prest ez bazaude, hau ez da zure podcasta.

Harpa jotzen

Umorezko poZkasta, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umore biko ezagunak gidatzen dutena.

Haustura Metabolikoa

Bero olatuak, suteak, lehorteak, energiaren prezioaren igoera, gasaren eskasia Gertaera hauek, gertaera puntual eta isolatuak direla pentsa dezakezu, baina Irola irratiko podcast honetan argi uzten digute ezetz.

Holobiontea

Ulumediak EITBrentzako ekoiztutako fikzioa. Donostiako Zurriolako hondartzan izaki bat agertu da hilda. Izenik ez duen espezie arraro bateko izakia surflari batek topatu du itsasertzean.

Kinka

Klima larrialdiari eta ingurumenari buruzko azken berriak zabaltzen dituen podcasta, Nagore Arin eta Oli Artola solaskideek gidatua.

Lokatza

Pentsamendu feministan narrasean, Amagoia Gurrutxaga, Idurre Eskisabel, Ainara Lasa eta Lorea Agirre sortzaileek gidatuta.

Lore Hostoak

Ekain Perezek musika egileak hostokatzen ditu podcast honetan, hauen sorkuntza moduak eta musika gustuak hobeto ezagutu ahal izateko.

Marruma kulturalak

Donostiako Marruma elkartean egiten dituzten ekimen kulturalen euskarazko podcasta da.

Oroimen histerikoa

Historia diren istorioek txoratzen gaituztenontzako podcasta egiten du Nagore Irazustabarrena historialariak Axier Lopez kazetariaren konpainian.

Radio Venceremos

Munduko borroken berri ematen duen Fedibertsoko podcasta.

Uhin ultramoreak

Uhin ultramoreak,zientzia eta teknologiari buruzko podcasta, Elhuyar Fundazioaren ekoizpena EITB podkast atarirako. Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileek gidatutako podcasta.

Xerezaderen Artxiboa

Gure literatur podcastean Xerezadek belarrira esango dizkizu nahi dituzun kontu guztiak: ipuinak, kontakizun laburrak eta luzeak, bai eta fikziozkoak ez diren testuak ere. Jasone Larrinagak eta Ana I. Moralesek Bilbo Hiria Irratiko estudiotatik egina.

Zozoak beleari

Laura Rék eta Daneliciousek gidatutako ikus-entzunezko podcast honetan, beldur bati buruz hitz egingo dugu astero-astero gonbidatu berezi batekin, baina gonbidatuak ez du jakingo zeri buruz hitz egingo duen.

Euskal kulturak sortzaileez gain, hartzaileak, zaleak behar ditu entzun eta zabaldu.

Gorka Julio

2024, Apirila 04
Arloa: Sarean