Gau beltza bertsotan

Udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak ospatu izan dira Europa osoan, baita Euskal Herrian ere. Jatorrian, udaren amaiera ospatzeko jai egun bat zen. Garai batean, ama-lurraren zikloen arabera bizi ziren gizakiak, berebiziko garrantzia baitzuten urtaroek eguneroko bizimoduan. Neguaren etorrerarekin, laburtzen doaz egunak eta luzatzen gauak. Urteko urtaro ilunenean sartu baino lehen, festa egiten zuten aitzina gure arbasoek. Urtearen heriotza, uzta bilketa, hildako senideen oroimena… Aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolas antzeko bat proposatzen du.

Kontakizun beldurgarriak, kalabazak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu… askotariko ekintzak egiten dira. Gaua, beldurra, gozokiak, gauez lagunekin ateratzea, mozorroak… Gazteenentzat erakargarritasun handia duten elementuak bateratzen dituzte jai hauek. Guk heriotzaren inguruko bertso sortak ekartzeko baliatu dugu aukera gau beltzaren inguruko atal hau. Bereterretxeren kanthoria, Martin Larraldek ustez heriotza batekin izandako harremanaren gartzelaratzea eta Bizkaia aldean kokatuko hamalau heriotzen trajeria.

Bereterretxeren heriotza

Gertaera hau kontatzen duen baladak XV. mendera egiten du atzera, agramondarren eta beaumontarren artekora. Eta Zuberoa ez zen libratzen gudatik. Baxenafarroko zenbait familiak botere handia zuten Donibane Garazin eta Baionan. 1440. urtean Luis II. Beaumontekoa izendatu zuten Mauleko gazteluzain. Oraindik ere bere heriotzaren inguruan jarraitzen dugu abesten.

Haltzak ez dü bihotzik,
Ez gaztanberak ezürrik.
Ez nian uste erraiten ziela aitunen semek gezürrik.

Andozeko ibarra,
Ala zer ibar lüzea!
Hiruretan ebaki zaitan armarik gabe bihotza.

Bereterretxek oheti
Neskatuari eztiki:
«Habil, eta so egin ezan gizonik denez ageri».

Neskatuak ber'hala,
Ikusi zian bezala
Hiru dozena bazabiltzala borta batetik besteala.

Bereterretxek leihoti
Jaun Kunteari goraintzi:
Ehun behi bazereitzola, beren zezena ondoti.

Jaun Kunteak ber'hala,
Traidore batek bezala:
«Bereterrex, haigü bortala: ützüliren hiz berhala».

«Ama, indazüt atorra
Mentüraz sekulakoa!
Bizi denak orit ükenen dü Bazko gaüerdi ondoa!

Heltü nintzan Ligira,
Buneta erori lürrera,
Buneta erori lürrera eta eskürik ezin behera.

Heltü nintzan Ezpeldoira,
Han haritx bati esteki,
Han haritx bati esteki eta bizia zeitan idoki.

Marisantzen lasterra
Bost mendietan behera!
Bi belaünez herrestan sartü da Lakarri-Büstanobila.

«Büstanobi gaztea,
Ene anaie maitia,
Hitzaz honik ez balinbada, ene semea joan da».

«Arreba, hago ixilik!
Ez otoi egin nigarrik
Hire semea bizi bada, Mauleala dün joanik.

Marisantzen lasterra
Jaun Kuntearen bortala!
«Ai, ei, eta, jauna, nun düzie ene seme galanta?»

«Hik bahüena semerik
Bereterretxez besterik?
Ezpeldoi altean dün hilik; habil, eraikan bizirik...»

Ezpeldoiko jenteak,
Ala sendimentü gabeak!
Hila hain hüllan üken eta deüsere ez zakienak!

Ezpeldoiko alaba
Margarita deitzen da:
Bereterretxen odoletik ahürka biltzen ari da.

Ezpeldoiko bukata,
Ala bukata ederra!
Bereterretxen atorretarik hirur dozena ümen da

Martin Larralde Iturbide, Bordaxuri izenez ezaguna, Hazparnen jaio zen 1782ko urtarrilaren 7an. Ogibidez zapataria izan zen.

Baionara eraman zuten atxilotuta eta azaroaren 28an auzitaratu zuten Pauen: galeretara kondenatu zuten bizi osorako gizon bat hiltzea leporatuta. Zazpi epaile agertu ziren erabaki honen alde, eta bost kontra. Rochefort hiriko galeretara eraman zuten abuztuaren 5ean, 35 urte zituela, eta bertan hil zen 1821ko abenduaren 19an, 40 urterekin.

Epaiketak dio Bordaxurik ez zuela jasan auzotar bat bere ustez bereak izan behar ziren lurretan lanean ikustea, eta horregatik hil zuela. Auzotar ugari izan ziren lekuko, eta beraien testigantzak erdaraz jasota daude, nahiz eta ez ziren gai frantsezez mintzatzeko. Epaiketan Martin Larraldek eta lekukoek xiberotar bat izan zuten itzultzaile.

Galerianoaren kantua

Kantatzera nihazu alegera gabe,
ez baitut probetxurik trixkaturik ere;
nehun ebatsi gabe, gizonik hil gabe,
sekulazko galereak enetako dire...

Mila zortzi ehun ta hamabortzgarena
ni Hazparnen preso hartu nindutena
pluma gaineko premu orok dakitena
galeretan higatu beharko naizena...

Ala, zorigaitzeko premu izaitea!
Harek eman baiteraut betikotz kaltea;
aitari galde eginik sortzeko partea,
galeretan eman nau, hauxe duk dotea!

Ene aita da gizon kontsideratua,
semia galeretan du segurtatua;
nun-nahi otoitzean, belaunikatua,
saindu iduri, debru madarikatua!

Ene lehen ikusia, Kadet Bordaxuri
Fagore bat banuke galdatzeko zuri:
Ongi adreza zaite ene arrebari
Ene saltzeko zonbat ukan duen sari?

Aita aitzinean ta arreba ondoko
Osaba burjes hori diru fornitzeko
Ez ordian enetzat bost sei liberako
Galeretan bederen leher egiteko!

Elizan sartzen dire debozionerekin;
Iduriz badoatzila saindu guziekin;
Beren liburu eta arrosarioekin,
Deabruak pesta onik einen du herekin.

Zortzigarren bertsua anaiarendako:
Kontseilu bar banikek hiri emaiteko!
Untsa goberna hadi, etzauk dolutuko,
Ni baitan etsenplua errex duk hartzeko.

Zuri mintzo nitzaizu, oi, aita zilarra!
Ardura dutalarik begiau nigarra;
Zure eta ene arraza Bordaxuritarra,
Galeretan naizeno ni bainiz bakarra.

Kantu hauk eman ditut Paube-ko hirian,
Burdinez kargaturik, oi! presondegian;
Bai eta kopiatu denbora berian,
Orok kanta ditzaten Hazparne herrian.

Hok eman izan ditut, ez xangrinatzeko;
Ahide, adixkidek, kuraie hartzeko,
Eta partikulazki, aita, zuretako,
Kantu hok aditzean, semiaz oroitzeko.

 

Hamalau heriotzena Euskal Herrian gertaturiko krimen ugarik abesten ditugun kantuetan gordeta biziraun dute, urte luzeetan zehar. 1801ean Joxe Larrañaga Juaristi izeneko haur bat jaio zen Mendaroko baserri batean. Inork ez zuen susmatzen orduan mundura etorri berri zen gisaseme hark 14 heriotza eragingo zituenik azken hatsa eman aurretik… Hemen bere ekintzak kontatzen dituen bertsoak berak eskatuta bertsolari batek idatzi zituenak. Seigarren bertsotik hamabigarrenera artekoak aukeratu ditugu.

6.
Milla zortzireun eta
ogeita bostean
amairugarrena zan
Urriko illean,
Markin Etxeberriko
Altzibarrenean
ateak jo nituen
ongi illunean,
bai eta iriki ere
borondate onean.

7.
Estimatu ninduten
konde bat bezela;
sillan eseririkan
afaldu nezala,
nagusia eta biok
etziñen giñala
konformatu ziraden
familia ala
petxutik sartu nion
berari puñala.

8.
Oietik saltatu zan
erio igasi,
nigandik alakorik
etzuen merezi.
Alabak zuenean
aita ala ikusi
apaiza ekartzera
bertatik zan asi,
aizkora triste batez
nion burua ausi.

9.
Ogei eta iru urteko
neskatxa gaztea
ez da bada lastima
ala tratatzea,
aizkora triste batez
muñak ateratzea;
ez dago milagrorik
ni laster galtzea,
aisa merezi nuen
bertan urkatzea.

10.
Estadu triste artan
alaba eta senarra,
Katalina gaxoak
ay, ura negarra!
Dirua erakusteko
non zan bereala
ezbazuen jarri nai
besteak bezala;
banekiela ongi
dirurik etzala.

11.
Erretxina triste bat
eskuan eman ta
niri argi egiten
gora eraman ta,
argatik paratzen det
onenbeste kanta;
berriz orrelakorik
ez deila gerta,
ongi ezaguturik
dala nere falta.

12.
Aurrena aita-alabak
azkenean ama
nere eskutik zuten
eriotza bana;
orain akordatzen naiz
gaizki egin dedana,
erakutsi zadazu,
arren, nere Jauna
nola pagatuko dan
onelako lana.
 

Iñaki Iturriotz

2023, Urria 30
Arloa: Bertsoleku