Ageda Blasco - "Harreman parekideak sortzeko sexualitateari heldu behar diogu"

Ageda Blasco Egia hezitzailea, ikertzailea eta artista da. Gizarte-bazterketaren prebentzio lanean dihardu.

Bere jarduera begirada feministak, arteak, gorputz lanketak eta Gestalt terapiak eskaintzen dituzten tresnetan oinarritzen da. Doktoretza tesia egiten ari da subjektibitate normatiboak gorputzean eta harremanetan dituen eraginen inguruan.

Azken urte hauetan proiektu askotan zaude sartuta, baita Tesi bat egiten ere. Gazteekin egiten dituzun lanetan zentratuz, zeintzuk dira lantzen dituzun gaiak?

Egiten ditugun egitasmoak aterki handi baten barruan bilduta daude. Esango genuke hezkuntza ulertzeko modu bat dela: hezkidetza, feminismoaren begiradatik lantzen den hezkuntza. Hor barruan lerro desberdinak jorratzen dira, baina elkarren artean loturik daude. Bat litzateke aniztasunaren aitortza: hierarkiak sortzen dituzten arauak identifikatu, normaltzat zer dugun ohartu... Eta horren paraleloan ere berdintasuna lantzen dugu, baina homogeneizatzen ez gaituen berdintasun bat, alegia, ezberdintasunak onartuko dituen berdintasun eredu bat.

Parekidetasunaz edo boterearen berdintasunaz ari gara. Izan ere, gaude gizarte batean non hierarkia eta bazterketa latzak dauden (nahiz eta aurkakoa saltzen zaigun), desigualdad esaten zaiona, ezberdinkeria iruditzen zait hitz argiena. Ezberdinkeria horiek ikasgeletan erreproduzitzen dira eta marko honen baitan egiten dugu lan, gazteekin egunerokoaren analisi bat eginez eta galderen bidez: nola funtzionatzen duen ezberdinkeriak, zer sortzen duen taldeetan, zer sortzen duen maila intimoan eta gure harremanetan... Asko entzun izan dugu berdintasunari buruz, protagonismo handia eskaintzen zaiolako mendebaldeko diskurtsoetan (hizkuntza juridikoa, demokraziari lotua), baina pluraltasunari tokia egitea erronka izugarria da: ezberdinkeriaren aurka egon gaitezke ezberdintasunak balioan jarriz. Diferentziak badira gure artean: jatorri eta klase aldetik, kulturalak, eta baita gorputzetan, izaeran, egiteko moduetan, sensibilitatean… Ezberinkeriaren biolentzia eteteko, beharrezkoa da aitortzea ez ditugula aukera berdinak, ez gatozela toki beretik eta errealitate ezberdinak bizi ditugula.Hau litzateke begirada orokorra, zeren horren barruan gero egitasmo ezberdinak bideratzen ditut: sexu hezkuntza integrala, kontsumo harremanak globalizazioan, indarkeria matxistaren prebentzioa maitasun erromantikoa landuz, bullyinga eta bazterketa, sufrimendu psikikoa…

Talde-lanketa horiek nolakoak izan ohi dira? Zein teknika erabiltzen dituzu?

Guri gustatzen zaigu gazteekin lotura sortzea: harremanak harremanaren bitartez lantzen ditugu. Ez da hitzaldi bat edo klase bat harreman “osasuntsuak” zer diren azaltzen dituena, baizik beraiekin hitz egiteko erabiltzen ditugun saioak dira.

Galderak egiten ditugu: nola bizitzen dituzte gai hauek? Beraiek bizipenak badituzte, berdin du zein adin duten. Beti dago esperientzia jakin bat, beti daude erlazioak sortzeko praktika batzuk... Horregatik, lehenengo, euren egunerokoa nolakoa den jakin behar da. Abiapuntu horretatik, kontzientzia hartze horretatik, joan gaitezke beste norabide batzuetara. Ondoeza sortzen digu dagoenak? Zer behar dugu aldatzeko? Nola nahi dugu bizi? Nola nahi genuke erlazionatu besteekin? Eta sakontzen goaz pixkanaka, eztabaida eta ariketa praktikoen bidez.

Ikus-entzunezkoak, fikziozko egoerak edota arte teknikak erabiltzen ditugu eta beraiek bertan topatutako egoeretan proiektatzen dira, adibidez antzerki eszenak sortuz. Pertsonai horien bidez pentsatzen dute: “zuk zer egingo zenuke bere egoeran?”. Gorputza erdigunean jartzen dut, inkontzientea eta automatikoa den hori ere barneratzeko: keinuak, emozioak, fobiak eta filiak... Edo sexu-hezkuntzan, adibidez, plazerean pentsatzeko, lehenengo plazera gorputzean kokatzeko eskatzen diet gorputz mapa baten bidez, eta behin marrazkia osatuta galdetu: Zergatik plazerean pentsatzean berehala joaten gara genitaletara? Gorputzaren marrazkiak sortzea benetan baliagarria da, bisualki eta oso argi informatzen dutelako.

Ikuspegi kritikoa bideratzen dugu, baina beraien aldamenean jarriz eta ez kontra, beraien esperientziak aintzat hartuz.

Zergatik iruditzen zaizkizu garrantzitsuak gazteekin horrelako gaiak lantzea? Beharra dagoela sumatzen al duzu?

Azkenean sexualitateak eta afektuek dena gurutzatzen dute, sexualitatea modu zabalean ulertzen badugu behintzat bai. Hori da sexu-hezkuntza integrala: afektuak, desira, gorputza, besteekin konexioak... Dena gurutzatzen dute, eta adin tarte guztietan da garrantzitsua lantzea. Sexualitatea maiz jakintzat ematen da baina hor normaltasun ikasi bat dago, erreproduzitzen doana gizartean. Zorionez azken urteetan gero eta gehiago egiten da sexu hezkuntza ikasgeletan, eta orokorrean gai honi daukan garrantzia ematen ari zaio gizartea, batez ere feminismoaren ondorioz. Bizitza askeagoa eta harreman parekideak sortu nahi baditugu, sexualitateari heldu behar diogu: afektuen munduan sartu eta nola binkulatzen garen politizatu.

Zer nolako harrera izaten dute lanketa horiek? Zein balorazio egiten dute ikasleek? Prest daude horrelako gaiak lantzeko?

Orokorrean oso ondo hartzen gaituzte. Gai interesgarria da eta oso bakarrik egoten dira. Hor bide-laguntza bat izatea esker onez hartzen dute. Gainera helduekin lotzen den gai bat da: sexualitatea genitalekin, koitoarekin eta ugalketarekin lotzen ikasi denez, eta haur edo nerabeentzat debekatuta dagoenez, erakarpen handi bat sortzen du. Gazte bati jakin-min handia sortzen dion gai bat da helduen gai bat delako. Besoak irekita jasotzen gaituzte. Egia da baita ere hezkuntza formalean lan egiteak, hor dauden egiturazko dinamikekin, dena kondizionatzen duela: zuzenean topatzen dugu apatia, presio handia, lehiakortasuna beraien artean, gatazkak blokeatuta (gatazkak arazo bezala irakurtzen direlako eta ez zaielako interesik jartzen)... Denbora eta arreta behar dira taldeak behar duena eskaintzeko. Eta gainera, bide-laguntza emateko gai izan behar gara helduak ere.

Eta helduek zer?

Ikusten dut formakuntza eta kuestionamenduaren behar handia dagoela ere helduen artean, zeren gazteak dira gure erreflexu bat. Kritikatzen dira gazteen ideiak, baina nondik datoz? Sinesmen horiek herentzia bat dira. Eraberrituta, sare sozialek eraginda etabar, baina berez belaunaldien arteko transmisioa da. Ezin zaie gazteei eskatu helduek egin ez duguna. Ez da errudunak bilatzea, baizik eta erantzukizuna hartzea eta lanketa bideratzea.

Nire ikuspegitik, naturaltzat jotzen dugun hori ezbaian jarri behar da. Pausu bat atzera eman eta esan: “Ea, jarriak dauzkagun betaurrekoek zer eragiten didate? Nondik datoz? Nori egiten diote mesede?” Deseraikuntzari lotuta doa. Lana gehiago da norberaren pentsamendua zalantzan jartzea, zerbait berria txertatzea baino. Ez da behar sexualitatean espertoak bihurtzea edo asko jakitea, baizik eta daukazun hori irekitzea eta begiratzea zerez osatuta dagoen. Ez naiz gauza sakonez ari, eguneroko harremanen hausnarketari buruz baizik.

Mattin Solis

2023, Iraila 30
Arloa: Berba Bi