X. Atlantikaldia jaialdia ospatuko da irailaren 14tik 17ra

Urtero bezela Gipuzkoako Errenteria herrian ospatuko da munduko kulturen bilgune den Atlatikaldia jaialdia. 4 egunetako egitaraua eratu dute bertan eta musika emanaldiez gain dantzak, gastronomia, kirolak edota erakustaldiek bere lekua izango dute. Lehendakari Agirre plazak, Panier orubeak, Herriko plazak eta Foru plazan banaturiko eskenatokietan arituko dira leku ezberdinetatik hurbildutako artistak.

Rodrigo Cuevas (Asturias), Fémina (Argentina), Aywa (Magreb), Nidia Gongora (Colombia), Bia Ferreira (Brasil), EDE (Madril), Rebeca Lane (Guatemala) eta Olaia Inziarte (Euskal Herria) dira momentuz eta aurrerapen gisa, aurtengo edizioak konfirmatuta dituen artistak.

 

Arte diziplina ezberdinen bidez, Errenteria munduko kulturen arteko elkarrizketez betetzen duen musika jaialdia eta kultur topaketa da Atlantikaldia. “Bitakora” da aurten jaialdiaren leloa: itsas ibilbide luzeetan marinelek erabiltzen zituzten bidaia-koadernoak dira bitakorak eta Atlantikaldiak berez idatzitako orrialdeei egin nahi izan die gorazarre. 

Publiko guztientzako jaialdia izan nahi du Atlantikaldiak eta musika eskaintza ere horrelakoa partekatzen du: anitza eta koloretsua. Kalitate handiko musikari, talde eta sortzailez osaturiko programa. 

Halaber, jaialdiak hasieratik egin duen sorkuntzaren aldeko apustuari jarraituz, aurten ere ez dira faltako “Itsas Elkarrizketak”. Jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimen honek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek jaialdiaren bereizgarri nagusienetako bat bilakatu dira. 

Gotzon Uribe

2023, Uztaila 28