Txuma Murugarrenen disko berria

“Nocturama” Txuma Murugarrenen eskutik

Txuma Murugarren kantariaren lan berriak “Nocturama” izena darama eta disko berezia da bederen. 2014ean Bilboko Campos antzokian aritu ziren zuzenean Izar & Star gorazarre zikloaren barruan. Bertan omendu zuen Nick Cave australiako kantariaren obra bere “Nocturama” diskoa osorik joaz.

 Oraingoan, disko grabaketa batetan gauzatu du maitasun hori. Caven hitzak kontu handiz, xehetasun zoragarriz eta magia izpirik galdu gabe euskarara ekarri ditu. Bertan, aspalditik hainbat grabaketa edota zuzenekotan konfiantza osoko lagun izan dituen Rafa Aceves (pianoa) Miguel Ramirez (gitarra, baxua), Oriol Flores (bateria) eta Angel Unzu (gitarrak) izan dituela alboan lanari behar duen indarra emanez. Kutsu zinematografikoa azaltzen duten abestiak dira, bertsio dotore bezain zintzoak. Era berean bere Nick Cave-ekiko mirespen eta lilura azaltzeaz gain berezko izaera duen sortzaile moduan azaltzen zaigu Murugarren.

Gotzon Uribe

2023, Uztaila 28