Noa & The Hell Drinkers talde donostiarra “European Blues Challenge” lehiaketaren irabazle

European Blues Challenge” deitzen da Europa mailan blues estiloaren barruan dagoen jaialdirik esanguratsuena. Aurtengo edizioaren irabazlea Noa & The Hell Drinkers blues-rock talde donostiarra izan da. 2016an Donostian sortuak, azken bi urteetan 2 disko argitaratu dituzte, 2018an izen bereko “Noa & The Hell Drinkers” eta 2020an “Craft Blues” deituriko lana.  Taldeak nazio mailako blues jaialdi askotan parte hartu du: Hondarribia, Benicassim, Jazzaldia, Cerdanyola, Tolosanblues, Burlata, Udazkena Blues, Agorri Jazz Plentzia edo Bilbao Blues Festival besteak beste.

“European Blues Challenge” lehiaketa Poloniako Chorzow hirian ospatzen da eta talde donostiarra Espainiako estatuko ordezkaria zen. Hogei bat herrialdetako taldeak lehiatu dira eta Noa & The Hell Drinkers taldearen atzetik Soft City norvegiarrak izan dira bigarren eta Cinelli Brothers Ingalaterrako taldea hirugarren.

Noa Egiguren kantariak gidatzen duen taldeak sari gisa jaialdi ezberdinetan jotzeko aukera izango du. Horrela, 8 jaialdi ezberdinetan arituko dira:  BB Blues Festival (Portugal), Gothenburg Blues Festival (Suedia), Santa Maria Blues Festival (Portugal), Swing Wespelaar (Belgika), Blues in the Garden (Errumania), Blues in Hell (Norvegia), Lucerne Blues Festival (Suitza) eta Blues Alive Festival (Txekiako Errepublika).

Iazko urrian hautatu zuten Noa & The Hell Drinkers estatuko ordezkari gisa. Hautaketa prozesua Bartzelonako Blues Elkarteak koordinatu zuen, eta aholkularien kontseiluko kideek bozkatu zuten; bluesaren munduko estatuko hainbat kazetari adituk, dibulgatzailek, jaialdi antolatzailek eta musikari beteranok osatzen dute aipatuko kontseilua eta hamabost talderen artean hautatu zuten talde donostiarra.

Noa & The Hell Drinkers taldea 2016an sortu zen, Donostian, Noa Voll Damn & The Hell Drinkers izenarekin, baina izena sinplifikatu zuten gerora, gaur egungoa izateko.  Gaur egun, Paul San Martin Beldarrain pianistak, Manu Gestido Martinez baxu jotzaileak, Noa Egiguren Arretxea abeslariak, Gonzalo Portugal Alvarez gitarristak eta Igor Telletxea Irazoki bateria jotzaileak osatzen dute taldea.

Blues doinuen maitale, soul eta rythm & blues doinuak batzen dituen proiektua jarri zuten martxan 2016an Manu Gestido (Casual Blues, Mal de Muchos), Gus González (The Billie Jeans, Sky Beats) eta Sergio VIllar (LosDelGás, Sky Beats) musikariek Les Fous taldetik zetorren Ainhoa Eguiguren kantariarekin batera.

Taldea 2016an hasten da elkarrekin entsaiatzen eta pixkanaka kantutegi bat eratzen, non Robert Johnson, Willie Dixon edota Etta James moduko artisten abestiak biltzen dituzten eta baita Ana Popovic, ZZ Hill zein Samantha Fish moduko artisten doinuak.

Aipatu behar dugu egun Noa Egiguren kantaria Travellin’ Brothers taldeko partaidea ere badela. Leioako taldearekin batera kantari gisa aritzen da. Datorren irailaren 16an, larunbata, Bilboko Kafe Antzokian izango dira beraien hirugarren lan berria izango dena aurkezten.

Gotzon Uribe

2023, Uztaila 25