Joko solasa

Gero eta ordu gehiago pasatzen ditugu mugikorrari begira eta tartean, ordu horietako asko, sare sozialetan edo jolasean igarotzen ditugu. Hori ez da kasualitatea, izan ere, sare sozialetan denbora gehiago igarotzeko programatuta daude sare sozial asko.

 

Gauza bera gertatzen ari da zabaltzen ari diren zenbait jokorekin. Azkenaldian jokatzen dugun joko guzti horietan gure datuak eskatzen dizkigute edo, bestela, jokoaren onura batzuk lortu ahal izateko ordaindu egin behar izaten da. Diru eta atentzio kasino txikiak bihurtu dira gaur egungo zenbait; jolasetik gutxi eta jokotik asko.

 

Aisia ere merkantilizatu nahi diguten honetan, inoiz baina beharrezkoagoak ditugu logika hori ez duten jolasak. Azken aldian, sortzen ari dira logika horretan sartu nahi ez duten jokoak ere. Hona hemen adibide horietako batzuk euskaraz:

 

Egunean behin mugikorretarako sortu zuten aplikazioa da. Euskaratik eta euskaraz pentsatutako jokoa. Tribial estiloko galdera-erantzunen jokoa da Egunean Behin. Egunean behin partida bakarra jokatzeko aukera izango dugu. 10 galdera erantzun beharko dituzu, ahalik eta azkarren. Zenbat eta gehiago asmatu, zenbat eta azkarrago asmatu, hobeto.

 

Berbaxerka, ordea, Katalunian arrakasta izugarria izan zuen Paraulògic jokoaren itzulpena da. Joko honetan abaraska formako 7 letrekin ahalik eta hitz gehien topatu beharko ditugu.

 

WordleEUS Euskarazko bost letrako hitzekin jolasteko jokoa. Sei saiakeratan eguneko hitza zein den asmatu behar dugu. Mekanika erraza da, hildako eta zauritu joko-mekanika ezaguna darabil. Asmatzen diren letrak kolore berdez markatzen dira eta hitzan dauden, baina bere tokian ez daudenak horiz. Horrela errazagoa da amaieran hitza asmatzea.

 

Worldleh joko honetan silueta zein Euskal Herriko herrirena asmatu beharko dugu. Hala ere, saiaketa bakoitzaren ostean, pista bat emango digu: zenbat kilometrotara dagoen herria eta zein norabidetan. Ez da joko erraza eta batzuetan mapa bat ondoan izatea lagungarria da oso.

 

Wikitribia Wikipediako datuekin jolasteko jokoa da. Milaka txartel sortzen dira Wikipediako datuekin eta, ondoren, txartelak denbora lerroan orden egokian kokatu beharko ditugu orden kronologikoaren arabera.

 

Entzule Heardleren euskarazko bertsioa da. Kantu baten hasiera entzungo dugu eta ahalik eta gutxien entzunez jakin beharko dugu zein abesti den entzuten ari garena. Euskal kantu zahar eta berriak izan ohi dira asmatu beharrekoak.

 

Azken aplikazio hauek software librea dira. Hau da, joko originalen kodeak zuen lizentzia baliatuz, euskaratu eta publikatu dira.Edozeinek kodea hartu, hobetu eta bere bertsioa argitaratu dezake. Beste behin ere, argi ikusi da zenbat lagundu diezaioken software libreak euskarari eta zein garrantzitsua den aisialdian.

 

Joko hauek eta askoz gehiago topatu ditzakezue Gamerauntsiak egin duen gidan. Bide batez, Gamerauntsia euskarazko bideo-jokoen kopuru eta hauei lotutako edukien eskaintza urriari aurre egiteko jaio zen. Horregatik hasieratik oinarrizko helburua bideo-jokoak eta euskara uztartzea izan da. Egitasmoa elkarte bihurtu zen eta helburua lortzeko bi bide nagusi finkatu zituen

  • Euskara eta bideo-jokoak lotzen dituzten ekintza orotarikoak bideratu: gamer gelak, txapelketak, argitalpenak, streamingak, hitzaldiak, tailerrak…

  • Bideo-jokozale euskaldunak elkartzeko espazioak sortzea.

Jokoei buruz solasten, jolas behar zuten askok joko bihurtzen amaitu badute ere, jolasa ezinbestekoa da eta izango da gure bizitzetan.

 

Gorka Julio

2023, Otsaila 01
Arloa: Sarean