Bizkaiko eskolarteko idatzizko txapelketa; hasierako pausoak gogoratzen

Iñaki Iturriotz

2017, Ekaina 07
Arloa: Bertsoleku

Bertsotan bat-batean egiteak eramaten badu ere komunikabide eta jendartearen arreta, asko dira urtean zehar antolatzen diren bertso idatzien inguruko sariketak.

Garai batean bertso paperak erabiltzen ziren herrian eta inguru hurbilean gertatutakoaren berri izateko. Gaur egun, ostera asko dira bat-batean hasi orduko idatzizko bidea egiten duten gazteak. Lehen hezkuntzan bertsotan dabiltzan gazte ia guztiek aukeratzen dute ideiak borobildu eta errimak idazteko papera.

Bizkaia mailan, eskolarteko idatzizko bertso txapelketa da oihartzun handiena duena. Bizkaiko Bertsozale elkarteak eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteak elkarlanean antolatzen dute eta bizkaiko ikastetxe guztietatik sailkatzen dira gazteak final handira.

Aurtengo edizioan, Bizkaia osoko 200 gazte inguru batu ziren goizean goiz Markina-Xemeingo frontoi txikian, eta gai-jartzaileek proposatutako ariketak egiteko ordu bete inguru izan zuten. Hiru bertso idaztea izaten da egin beharreko lana: Lau oinak edo errimak emanda bertso bat zortziko txikian, hitz bat gaitzat hartuta bertso bat eta gero nagusienek irudi bati bertso bat idatzi behar izaten diote.

Ordu beteko lanaren ostean, itxaropentsu agertzen dira lehiakideetako batzuk, burumakur besteak, gehiago egin ez izanaren penaz ere egoten da baten bat, baina azkenean antolatzaileek parte hartzea bera nahiko sari dela diote, bizkaiko bertsogintza anitza eta indartsua dela ikusten delako urtez urte horrelako ekimen jendetsuen bidez.

Bitartean, publikoarengandik urruti, isiltasunean irakurtzen dituzte bertso lan guztiak epaile taldeko bertso irakasleek. Sariak adinka banatzen dira, bosgarren mailatik hasi eta batxilergoraino. Sari banaketan, kategoria bakoitzeko irabazleek gehien gustatu zaien bertsoa abesten dute. Zorionak saritutako bertsoen egileei!!!

 Sarituak:

  • 5. maila
    • 1. saria: Ihart Arakistain, Betiko ikastola, Sopela
    • 2. saria: Paule Musatadi, Bekobenta Eskola, Markina-Xemein
    • 3. saria: Ander Larrozea Apraiz, Urretxindorra, Muxika
  • 6. Maila
    • 1. saria: June Diaz, San Nikolas ikastola, Algorta
    • 2. saria: Zuberoa Apiazu, Bera Kruz ikastetxea, Markina-Xemein
    • 3. saria: Peio Lopez, Astileku ikastola, Portugalete
  • DBH1. maila
    • 1. saria: Araitz Katarain, Berrizko institutua, Mallabia
    • 2. saria: Izaro Bilbao, Larramendi ikastola, Mungia
    • 3. saria: Zaloa Garate, Betiko ikastola, Getxo
  • DBH2. maila
    • 1. saria: Maddi Egiguren, Karmelo ikastola, Bilbo
    • 2. saria: Peio Lago, Betiko ikastola, Getxo
    • 3. saria: Iker Portillo, Iturriotz Bertso Eskola, Turtzioz
  • DBH3. maila
    • 1. saria: Maddi Zabalo, Arratia BHI, Zeberio
    • 2. saria: Maria Atutxa, Arratia BHI, Igorre
    • 3. saria: Maider Altuna, Arrigorriaga BHI, Arrigorriaga
  • DBH4 eta batxilergoa
    • 1. saria: Peru Irastorza, San Nikolas ikastola, Algorta
    • 2. saria: Enara Falagan, Txorierri BHI, Larrabetzu
    • 3. saria: Uxue Elgorriaga, Solokoetxe, Bilbo