Petti & Etxeko Uzta

Gotzon Uribe

10 abesti sendoz osaturiko lan berria aurkezten digu Berako kantariak. “Hotzikarak” du izena Pettiren azken diskoak. Barruan rock ikutua duten abesti biribilak, larriak, sakonak eta entzulea haratago eramateko gai direnak. Erruz eta erraz aurkitzen da musika ona, batetik konposizioek berez dakarten mailagatik eta, bestetik, Etxeko Uzta taldearen interpretazio bikainarengatik.

“Etxeko Uzta” Joseba Irazokik -lap steel, banjoa eta gitarra elektrikoak-, Iñigo Telletxeak -baxua- eta Igor Telletxeak -bateria eta perkusioak- osatzen dute.

Hotsak zigiluarekin plazaratu ditu bere azken lanak, oraingoan ostera Elkarren eskutik dator. Bakarlari moduan eta folk doinuak jorratzen ikusi izan dugu aurretik beratarra, hala nola, lan berriaren nobedaderik handiena rock elektrikoan datorkigula da. Rock musika hizpide hartuta, blues eta folk doinuak ikutzen ditu, baita hard rock ikutuko abestiak ere, tempusa jeitsi eta abesti lasaiago batekin ere ausartzen delarik.

Gu Ta Gutarrak taldearen “Bi Bide” abestiaren bertsioa guztiz aldatua ere azaltzen da diskoan edota “Sekula ez erortzea” abestia non Joseba B. Lenoir -kitarretan-, Felix Buff -baterian- eta Xan Bidegain baxuan izan ditu.

Disko bikainarekin itzuli da Petti eta alboan taldekide apartak ditu bere burutazio, soinu, melodia eta abestiak aurrera eramateko, tinko eta indarrez. Euskal kantagintzak badu ahots esanguratsua berako kantariarekin.

Gotzon Uribe

2016, Maiatza 08