Udan gozatuz ikasi

Kontaizu

ika32

 

Euskal Herri osoko 1.800 ume eta gazte inguruk hartu du parte Ikastolen Elkarteak udarako antolatu duen hizkuntza eskaintza oparoan: euskal udalekuak, euskal udaleku irekiak, ingeles udalekuak, enjoy english eta atzerriko egonaldiak. Honez gain, pilota udalekua ere antolatu da Euskal Herriko pilota eskoletako pilotari kimuentzat. Euskal Udalekuak: Opor garaian ere euskaraz bizitzeaz gain, haurrek era guztietako aisialdi eta kultur ekintzetaz disfrutatu eta ikasteko aukera izan dute (txangoak, tailerrak, herri kirolak, Korrika txiki, San Fermin eguna…) Hiru txanda antolatu dira Etxarriko Andra Mari ikastolan, 10 eguneko iraupenarekin, eta guztira 160tik gora partaide izan dira. Euskal udaleku irekietan, goizetan euren ikastoletan gora eta behera ibili dira haurrak, euskaraz bizi eta aisialdiko dinamiketan parte hartuz. Ingeles Udalekuak: Bermeo, Ondarroa, Zarautz eta Sopelan egin diren udalekuetan, ingelesa ikasteaz gain, hainbat ekintzetan parte hartu dute, hala nola, eskalada, piragua, irteerak…Orotara, 580 ikasle izan dira hamabost egun iraun duten udalekuetan. Enjoy English: Euskal Herriko 17 ikastoletan egin den Enjoy English ikastaro trinkoan 752 ikaslek ingelesa ikasi eta praktikatu dute 60 monitore natiboen gidaritzapean. Bost eta hamabi urte bitarteko ikasleek ikastolan euskaraz ezik ingelesez egin behar izan dute. Ingeles udaleku irekiak Paz Ziganda eta Laudio Ikastoletan burutu dira. 10 begirale egon dira lanean eta 102 ikaslek hartu dute parte. Atzerriko egonaldiak: Irlandan, Maynoothen eta Carlowen, AEBn San Franciscon eta Ipar Irlandan Magheran, Magherafelten eta Dungivenen antolatu dira aurten egonaldiak. Guztira, ia 100 gaztek bidaiatu dute helmuga hauetara. Gazteek, ingelesa ikasteaz gain beste bizimodu batzuk ezagutzeko aukera aparta izan dute. Pilota udalekuak: Euskal Herriko 18 herritik etorritako 10 eta 12 urte bitarteko 47 neska-mutilek parte hartu dute. Udaleku honek Lekeitioko R. M. Azkue ikastola izan du kokaleku eta udalerriak eskaintzen dituen lau frontoietan, hain zuzen, frontoi laburrean, plaza librean, frontoi luzean eta trinketean pilotari gazteek pala, esku pilota, zesta punta eta xarea praktikatzeko aukera izan dute. Honez gain, pilota edo zestak nola egiten diren ikasi eta pilotari ospetsuekin solasean aritzeko ere.

 

Kontaizu

2006, Abuztua 01