Joseba Irazoki. Musikaria

Gotzon Uribe

"Kulturari lotuta gabiltzanok ekarpen bat egiten dugula uste dut"

joseba_irazoki_kontaizu_1

Nafarroako Bera herrikoa da Joseba Irazoki. Musikarekin lotua, disziplina ezberdinetan lan egiten duen artista da. Onddo edo On Benito moduko proiektu pertsonalak desarroilatu izan ditu, hala ere Euskal Herriko musika eszenan ezaguna da gitarrajole moduan. Trebea eta sormen handiko musikaria.

Nola aurkezten da uda. Zer plan?

Nahiko lasaia, Atom Rhumbakin diska grabatzen ibili gara uztaila hasieran eta hemendik aurrera kontzertu gutxi batzuk ditut. Udazken alderako indarrak batuko ditut.

Konta eiguzu ze proiektu/taldetan zauden sartuta orain.

Esan bezala Atom Rhumbakin disko berria egiten ari gara udazkenean aurkezteko; Mikel Erentxunekin ere banabil, eta bestetik Petti eta Rafa Ruedarekin segitzen dut. Nire proiektuei dagokienez On Benito taldearekin disko berria aurkezten gabiltza eta nere bakarko diskoa Felix Buffekin batera baita ere.

Zure ibilbide musikalari atzetik aurrera errepaso eginez ze balantze egiten duzu?

Balantze ona, nere proiektuekin ez dut oihartzun handirik lortu baina beti eduki dut kontzertuak emateko aukera eta jende ezberdin ugarik deitu dit beraiekin kolaboratzeko, ezin naiz kexatu!

Gaztetan pentsatzen zenuen lekuraino heldu zara ?

Ez nuen gauz horietan pentsatzen, azken urteetan honetaz bizitzea nuen helburu eta pixkanaka lortzen ari naiz, beraz pozik nago.

Nafarra zara. Talde eta musikari askoren herria da Bera. Zer nolako giro musikala dago bertan gaur egun?

Egia da Beratik azkenengo urtetan talde ugari ateratzen ari direla eta gehienak gainera kritika oso onak izan dituzte. Herrian bertan ez da somatzen horrelako giro berezirik baina erlazio nahiko estua dugu gure artean eta ongi moldatzen gara. Inguruan hainbeste jende edukita proiektu berriak sortzeko aukera nahiko erreza da .

Zer egiten du Beratar batek Getxon Atom Rhumbarekin ensaiatzen?

Gauzak horrela suertatu dira, deitu nindutenean sekulako poza hartu nuen eta ikaragarri gustora joaten naiz bertara ensaiatzera. Batzutan hala ere, distantziagatik "pereza" pixka bat ematen du. Musika egiten hasitakoan aldiz hori dena ahazten zaigu.

Mikel Erentxun kantariarekin ere aritzen zara. Estilo anitzeko gitarrajolea?

Gustatzen zait eta saiatzen naiz musika hagitz desberdinak aditzen. Sortzerakoan hagitz lagungarria egiten zaidala uste dut.

Proiektu ezberdin ugari dituzu edo izan dituzu, Onddo, On Benito...nondik datorkizu sormenerako grina?

Aipatu dudan bezala, musika ezberdin ugari aditzeak sortzeko garaian erreztasuna eskeini eta musika ezberdinak egiteko gogoa pizten dit.


Petti, Anje Duhalde, Rafa Rueda...bakoitzari berea?

Hori da. Gehienetan askatasun ia totala utzi izan didate, hala ere, bakoitzak bere nahiak eta eskaerak badauzka eta ni horiexek betetzen ere saiatu behar dut.

Zer botatzen duzu faltan Euskal Herriko musika eszenan?

Musikalki hagitz osasuntsu ikusten dut; agian publiko gehiago izateak lagunduko luke, baina saturazio handia ere badago.

Behin erantzun zenidan zure kantagintza euskal kulturari egiten diozun ekarpen bat bezela ikusten duzula. Iritzi berdinarekin jarraitzen duzu?

Ba bai. Euskal musikaria izanda eta euskaraz abestuz sentimendu hori dut, eta egia esan gustoko dut: kulturari lotuta gabiltzanok ekarpen bat egiten dugula uste dut.

Hala ere azken boladan etsipena somatzen dut euskal musikarien artean...

Ni ez nago batere etsitua.... krisiak erruren bat edukiko du? Saturazioak?

Bertute bat, ofiziodun gizona zarela uste dut. Zure ofizioa musika egitea da, gitarra jotzea, beste batzuek etxeak egiten dituzten gisa.

Ba... ez dakit bertutea den baina horrela funtzionatzen dut nik. Nere hobbia ofizio bihurtu dut eta pozik nago. Hala ere amateur-ismoa ere asko maite dut.

Gomendatu egiguzu diska bat, liburu bat eta oporretan joateko leku bat.

Diska bat: David Grubbsen "An optimist notes the dust".
Liburu bat: Nick Draken biografia.
Bidai bat: Mali.

Behin gitarrajole bati entzun nion esaten sentipenik ez badago jotzen duzun horretan berdin dela munduko gitarrajole onena izatea. Zer deritzozu?

Segun eta zer bilatzen duzun; pop musikan seguraski bai baina agian musika kontzeptuala egiten baduzu ez du horren beharrik.

Non igaro behar duzu uda?

Beran, Pirineoetan eta landetan seguruenik.

Non ikusten duzu zure burua hemendik 30 urtera?

Ez dut hortan gehiegi pentsatzen, baina, oraindik musikari bezala ikusten dut nere burua, kontzertuak ematen.

 

 

 

Gotzon Uribe

2010, Uztaila 11
Arloa: Berba Bi