Bikotekideek asmatu ezinik

Agurtzane Hormatza

Aupa denoi!

Zelan zaudete udan murgildurik? Oporretan, goxotan? Beharbada batzuk lanean ere egongo zarete, besteek eskolak hartzen edota ematen, aitari edota amari laguntzen … baina seguru nago bestelako gauzak egiteko ere aukera paregabea daukazuela, eta  ezer ezean egoteko ere bai… dena delakoarekin gozatu!

Ikastolatan zuokin sex- aholkularitza egiten dudanean bikote gazteen artean sarri agertzen den zalantza edo bizipen bat zuokin konpartitu nahi dut .

Bikote askorentzako euren harremana garatzea ez da izaten bidaia leuna, gora- beheratxoa baino.Hau da, momentu gazi-gozoez beterik; euren desioen eta beldurren arteko talka bikotekideek gura duten baino gehiagoetan ematen da.Sarri ahalegin handiak egiten dituzte lagunaren desioak betetzeko baina ez da harritzekoa ez bata ez besteak  asmatzea. Ezta  lagunak antzematea norberaren ahalegina. Gustura egindakoa baina ahalegina azken finean: arratsalde horretan lagunarekin ez geratzea bikotekidearekin geratzeko. Bikotekideak aintzat ematen badu lagunaren jokabidea frustrazioa, elkar ulertezinak,haserreak, mina eta abarrekoak euren bidearen  ezinbesteko osagaiak izango dira.

Gehienoi sinestarazi digute maitasuna, maiteminduta egotea, sentsazio hori, sentipen hori  … nahiko izango zela gure lagunarekin pozarren egoteko, lagunaren desioak asmatzeko eta bera ulertzeko. Behar duen laguntzeko gaitasuna izateko, maitasuna oso lagungarria da bidea leundu egiten duelako, bikotekidearekin egoteko eta laguntzeko bidea jorratzen duelako.

Baina ze gogorra izaten da maitasunak berez zer egin behar dugun edota zelan jokatu behar dugun irakasten ez digula konturatzen garenean. Zorigaitza bihurtzen da bikotekideak asmatu ezinean daudenean eta maitasun faltagatik dela pentsatzen dutenean. Baina ez da horrela izaten.

Aurrekoari lotutako burutazio lagungarri batzuk:


  • Maitasunaren jokoan  inon idatzita dago “lagunak maite banau nire desioak asmatu behar ditu”. Egiatzat hartzen badugu harremanaren jokoa krudela bihur daitekeela hori ez da egia. Baina jolastzat hartzen badugu oso joko polita izan daiteke. Olgetan dugun bitartean asmatzea, jakitea, galtzea, desioak ez betetzea, ikertzea, bilatzea, aurkitzea , pistak ematea… jolasaren parte dira. Beraz jolastea, konpartitzea, irakastea, ondo pasatzea, ikastea, gozatzea… jolasaren helburu zoragarriak dira, presiorik ez!!

 

  • Lagunaren asmatzearen atzean ez dago maitasun txatxu horren eredua soilik, gure beldurrak ere badaude, gure gabeziak azaltzen dira . Zein zaila egiten zaigun lagunari esatea benetan zer nahi dugun, zelako moduetan gura dugun gu tratatzea, ferekatzea … Ze zaila egiten zaigun onartzea lagunak guri esan behar izatea zer egin behar dugun, onartzea ez dakigula ze modutan gustatzen zaion … Ez da bat ere erreza esatea, entzutea, komunikatzea .. Harremanaren, hartu-emanaren gakoetariko bat hor dago.

Bidea berez korapilatsua da eta ikertuz erraztuko dugu : galdera zuzenak egin jakiteko, baieztapen zuzenak guraria adierazteko, galderen jokoa laguna galtzeko eta bitartean informazio ugari biltzeko, saiakera desberdinak asmatzen joateko , laguna gertutik begiratu informazioa biltzeko … irudimena oso lagungarria izaten da bikote joko honetan.

Elkarrekin jolastu dezagun ba!

Besarkada handi bana

agurtzane

Agurtzane Hormatza

2013, Abuztua 06
Arloa: Jo ta jo