Bermeotar bat Santanderreko uretan

Kontaizu

2003, Urria 01
Arloa: Kirolak

izortz2


Kotxea tailerrean duenetik, bizikletaz egiten ditu Bilboko pisutik Eraikuntza eskolaraino dauden sei kilometroak. Izortz Zabalak ongi neurturik dauzka egunean zehar egin beharreko kontuak: goizean goiz jeiki, gosaldu, klaseak ematera joan, bazkaldu, hurrengo eguneko irakasgaiak prestatu, arineketan Santanderrerantz abiatu, taldekoekin entrenatu, eta iluntzerako berriro da etxean. Bere bizimoduak zerikusi gutxi dauka telebistan agertzen diren kirol izar horiek dutenarekin. "Kirolari guztiak profesionalak direla emoten du, baina hori bakarrik gertatzen da pelotan, futbolan, eta goi-mailako kiroletan. Arraun munduan, zoritxarrez, ez da horrela. Arraunean dagozenak, lanean zortzi ordu egiten dabe, eta entrenatzen beste hiru ordu. Nahiko gogorra egiten da, neure kasuan batez be, kotxeagaz atzera eta aurrera ibili behar naizelako". Gazterik hasi zen Izortz arraunean. 11 urte besterik ez zituen lehen aldiz itsasoratu zenean. "Udan, Bermeoko umeentzat klubera joatea zen arratsaldea pasatzeko modurik onena. Asko disfrutatzen neban kirol honegaz, batez be jolas moduan hartzen nebalako". Ondoren, Mundakako taldera pasa zen, eta urte dezente igaro zituen han. "Mundakan 16 urtegaz traineruko patroi hasi nintzen, baina senior kategoriara pasa nintzenean arraunlari moduan jarraitu neban". Mundakan zegoela arraunlari ororen ametsa errealitate bihurtu zitzaion Izortzi: 18 urterekin, lehen aldiz, Kontxako banderan arraunlari aritu zen. "Nahiz eta urte hartan seigarren geratu ginen, jende guztia zu animatzen ikustea txundigarria zen. Giroa bera zoragarria zen". Hortik aurrera, arraunean zein patroi lanetan, biak tartekatzen ibili zen Bermeokoa. Baita hainbat taldetatik igaro ere: Bermeo, Lutxana, Elantxobe... Bietatik zein duen gustukoen galdetuta, argi dauka erantzuna: "Biak. Arraunlari moduan gauzak beste modu batera ikusten dituzu. Taldearentzat lan egiten dozu, eta entrenamenduak oso gogorrak izaten dira. Baina gero estropada bat egin eta gehiago disfrutatzen dozu. Egunero entrenamenduetan irabazitakoa erakusten duzu itsasoan. Patroi lanetan zabiltzanean ardura eta erantzukizun handia daukazu, eta adi egon behar dozunez ez dozu estropada hainbeste gozatzen". Gainera, zerbait gaizki joatekotan erru guztiak patroiarengana zuzentzen dituzte jarraitzaileek. "Futboleko atezainarekin gertatzen den bezala, bai. Beraren lana ondo egiten badu, igarri be ez da egiten zelaian. Baina espero ez den gol bat jasotzen duenean, denek errua botatzen deutsie. Patroiagaz berdin". Orain dela urte bi, Santanderreko Astillerokoen deia jaso zuen Izortzek. Patroia behar zuten udarako (abuzturako eta irailerako), eta baietz esan zien. Iaz, berriz, Mundakan arraunlari laguntzaile izateaz gain, Bizkaia Irratirako estropadak komentatzen igaro zuen denboraldia. Baina aurten nobedade handirik espero ez zuen arren, Santanderrekoek proposamen berri batekin etorri zitzaizkion. "Patroi izateko eskatu eustien, eta Astilleroren plantilla ikusita baietz esan neban. Ganera, gogoa neukan lan horretan aritzeko, eta, egia esateko, urte polita izan da".

Kontxako bandera Bermeora

Bai, ederto ibili da oraingo denboraldian Astillero. Lehen estropadatik ondo hasi ziren, baina denboraldiko lorpenik handiena Kontxako bandera irabaztea izan da. "Klub gehienen helburua hori izaten da, Kontxan egotea eta bandera irabaztea. Estropadarik garrantzitsuena denez, bandera eramaten duen taldea handiena dela emoten du". Bermeon ezin hobeto ospatu zuten Izortzen taldearen garaipena. "Nahiz eta herriko taldea Urdabai den eta ni Astilleron nagoen, animo handiak emoten deustie. Kontxa aurretik be Astillerok irabaztea gura eben, Urdaibai kanpoan geratu zelako. Beti dago polemikatxoren bat, esate baterako Urdaibairen aurretik ez geratzeko esaten deustie, baina eurek ulertzen dabe kirol bat dela eta nik neurea egin behar dodala". Izortz ez da Kantabria aldean dabilen Euskal Herriko arraunlari bakarra. Bere aurretik, hainbatek jo zuten hara. "Orain arte, euskal traineruak goi mailan egon dira. Baina Kantabrian diru asko sartu da, eta euren arrauna indartu gura dabe. Horretarako, Euskal Herriko arraunlariak eroan dabez hara, eta azken urteetan euren mailak gora egin du". Denboraldia amaitzera doa, baina ez entrenamenduak. Hain zuzen, neguan izaten dira saiorik gogorrenak eta haietarako Izortzekin kontatzea espero du Astillerok. Bermeokoak, baina, ez du aukera hori batere argi ikusten. "Denboraldia oso nekatuta amaitu dot. Astillerokoek urte beterako eskaintza egin deustie, baina mementoz ezetz esan dot. Ondo pentsateko esan deustie, eta erabakitzeko epea luzatu egin dabe. Kontua da arraunean jarraitu gura dodan ala ez erabaki behar dodala, eta jarraitzekotan zer baldintzatan izango den"

 

 

 

Argazkiak: Iñigo Azkona