Oztopo guztien gainetik

Kontaizu

kir09_01.jpg


kir09_02.jpg

Hamargarren denboraldia bete du aurten Zuharrak saskibaloi taldeak. Ziurrenik ezezaguna egingo zaizue Txurdinagako kiroldegian egoitza duen taldearen izena, azken batean zenbat saskibaloi talde amateur ez ote dauden Bizkaian! Alabaina, Zuharrak-ek badu zerbait gainerako taldeetatik bereizten duena: jokalariak aulki gurpildun baten gainean ibiltzen dira. Haietako batzuk jaiotzetik daude egoera horretan; beste batzuk, berriz, istripu baten ondorioz galdu zuten hanketako mugikortasuna. Dena den, horrek gutxi inporta du orain. Garrantzitsuena zera da: batzuentzat ezabantaila handia izan daitekeen horri buelta ematen jakin dutela, eta, gaur egun, trebetasun handiz aritzen dira saskibaloi zelaiaren gainean. Zuharrak sortzearen ideia 1992an izan zuten Bilboko mahai teniseko klubean zebiltzan gazte batzuek. Hasiera batean, astean behin elkartzen ziren bi orduko entrenamenduak egiteko, baina berehala hainbat lagun elkartu zitzaizkien. Txapelketa ofizialetan parte hartzeko nahikoa jokalari zituztela ikusita, hurrengo urratsa entrenatzaile bat eta material egokia lortzea izan zen. Hura ere eskutan aulki gurpilduneko saskibaloiko Liga Nazionaleko Bigarren Mailan lehiatzen hasi ziren. Harrigarria izan zen talde hark lehen urteetan izan zuen bilakaera. Hain zuzen, bigarren denboraldian ia partida guztiak irabazi zituen bigarren postua eskuratuz. Zuzendaritzak bakarrik abiatzeko nahikoa indarra zutela konprobaturik, taldea sortzen ikusi zuen mahai teniseko taldetik banatzea erabaki eta Zuharrak kluba izango zena abian jarri zuten.

kir09_03.jpg

1999 / 2000. denboraldi amaieran opari ezin hobea jaso zuen Zuharrak-ek, Ohorezko Mailara igotzea lortu baitzuen. Alabaina, zoriontasunak urte bete besterik ez zuen iraun: lesioek eta bestelako arazoek kategoria galarazi zien. Dena den, taldeak ez du amorerik eman, eta jokalariek euren esku dagoen guztia egingo dute behin lorturikoa berreskuratzeko. Hain zuzen, klubaren helburuen artean Ohorezko Mailara itzultzea ez ezik talde semiprofesionala bihurtzea dago. Aulki gurpilduneko saskibaloiaren inguruan aritzen diren klubak aspalditik dabiltza ACB ligaren moduko bat eratzearen alde borrokan. Oraingoz Espainiako Saskibaloi Federazioak ez die baiezkorik eman, baina urte batzuen bueltan ametsa egia bihurtzea espero dute. Izan ere, Zuharrak-eko zuzendaritzak esaten duen bezala, gutxieneko profesionalizazioa lortzeak onura handiak ekarriko lizkioke aulki gurpilduneko saskibaloiari.

Aulki gurpilduneko saskibaloia: historia pixka bat

Aulki gurpilduneko saskibaloia 1946an sortu zuten Amerikako Estatu Batuetan saskibaloi arruntean aritzen ziren jokalari batzuek. Gerran jasandako lesioak zirela-eta norgehiagoka arruntera bueltatu ezin zirenez, euren egoera berrira egokitzen zen kategoria asmatzea erabaki zuten. Gaur egun, aulki gurpilduneko saskibaloia munduko 75 herrialdetan praktikatzen dute, hainbat kategoriatan gainera: tokian tokikoa, lurraldekoa, nazionala eta nazioartekoa. kir09_04.jpg

Kirol honetako arauak ohiko saskibaloian daudenen antzekoak dira (bietan taldeek bost jokalari dituzte). Batetik bestera aldaketa gutxi batzuk besterik ez daude, eta, orokorrean, aulki gurpildunek bete behar dituzten ezaugarrien ingurukoak dira. Partidak bi zatitan banaturik daude, 20 minutukoa bakoitza. Jokalariak ezin dira aulkitik altxatu (falta teknikoa litzateke bestela), eta zelaitik kanpo dagoela kontsideratuko da baldin eta aulkiaren zati bat marra ukitzen edo hura gainditzen badu. Era berean, baloia eskutan duela jokalariak ezingo ditu aulkiko gurpilak bi aldiz baino gehiago mugitu.

Olinpiar Jokuetan ere presente

Denok dakizuenez, duela urte batzuetatik hona ohiko Olinpiar Jokuak amaitu eta jarraian ezinduentzako probak antolatzen dira. Aurten ere halaxe egingo dute, Atenasen. Eta jakina, aulki gurpilduneko saskibaloiak bere tokitxoa izango du bertan. Aurreko Jokuetan Zuharrak-eko jokalari batek parte hartzeko aukera izan zuen. Agian oraingoan ere Bilboko taldeak nor animatu izango du Greziako hiriburuan. Laster jakingo dugu hori horrela den, beraz, adi jarraitu klubaren web orrian ateratzen diren albisteak: www.zuharrak.net

Kontaizu

2004, Uztaila 01
Arloa: Kirolak