Olinpiatik mundura

Kontaizu

kir10_1.jpg


Lau urterik behin, atletak batu egiten dira munduan diren jokorik ezagunenetan parte hartzeko. Bai, asmatu duzue. Oraingoan Olinpiar Jokoak izango ditugu hizpide. Abuztura iritsi garela-eta, ezin genituen ahaztu egun hauetan denon ahotan egongo diren probak. Baina ba ote dakizue nork asmatu zituen jokoak? Jarraian argituko dizkizuegu kontu horiek guztiak. Lehendabiziko proba “olinpikoa” K.a. 776. urtean antolatu zuten Peloponesoko Olinpia hirian –hain zuzen, hortik datorkio probari izena-. Agidanez, ideia Oxilos izeneko gizon bati bururatu zitzaion, baina antolaketen nondik norakoak Elidako Ifitos erregearen esku geratu ziren. Ifitosek hitzarmen bat sinatu zuen inguruko etsaiekin, Espartako Likurgus eta Pisako Klistenes erregeekin, ekitaldia gertatu bitartean gatazkarik egon ez zedin. Lehen joko haietan, proba bakarra egon zen: 192,27 metroko lasterketa. Saioak arrakasta handia lortu zuenez, urtero ekitaldia antolatzea erabaki zuten agintariek. Urteekin, modalitate berriak sartzen joan ziren: pentlatoia –disko jaurtiketa, jabalina jaurtiketa, luzerako jauzia, lasterketa eta borroka uztartzen zituen-, boxeoa, gurdi lasterketa, zaldi lasterketa, eta pankrazio delakoa –boxeoaren antzeko borroka estiloa-. Baina orduko jokoak kirolari gorazarre egin ez ezik, kutsu erlijiotsu handia zeukan. Hain zuzen, irabazle ateratzen ziren atletak jainkoen moduan tratatzen zituzten. Euren herrikideek erakusten zieten miresmenarekin konformatu besterik ez zuten kirolariek, garaipenagatik sari bakarra jasotzen baitzuten: ereinotz orriz egindako koroa, continus izenekoa. Denborarekin, ereinotz orriak olibondo orriengandik ordezkatuko zituzten. Garaikurra 1960. urte arte egon zen indarrean, eta urte horretatik aurrera gaur egun ezagutzen ditugun dominak (urrezkoa, zilarrezkoa eta brontzezkoa) hautatu zituzten.

kir10_2.jpg

K.A. VII. eta V. mendeetan zehar, jokoak indartzen joan ziren, eta 472. urterako ekitaldiak bost egun irauten zituen. Nahiz eta Mediterraneo inguruan probek ospe handia zuten, eta Greziako kirolariek ez ezik inguruko herrialdeetako atletek ere parte har zezaketen haietan, emakumeek sarrera betaturik zeukaten. Hau da, ezin zuten ez parte hartu ezta ikusle moduan egon ere. Joko sakratuak izanik, gizonezkoek bakarrik zeukaten probetan aritzeko aukera. Gainera, biluzik jokatzen zutenez, lotsagarria iruditzen zitzaien emakumeak atleten gorputzari begira egotea. Dena den, hainbat eztabaiden ostean, azkenean onartu zuten emakumeen presentzia jokoetan. Lehendabiziko emakume atleta Cinisca izan zen, Espartako Agelisao erregearen arreba. Gainera, debut ezin hobea eduki zuen: lau zaldik gidaturiko gurdi lasterketan garaile atera zen. Erromatarrek Grezia euren inperioaren parte bihurtu zutenean, Olinpiatik erromatar lurraldeen hiriburura eraman zituzten jokoak. Nazioartean indar handiagoa hartu zuten arren, Grezian zeukaten kutsu kulturala galdu zuten probek kirol lehiaketa huts bihurtuz. Hain zuzen, atletak ia profesionalak ziren, eta, babesle aberatsek ematen zieten diruari esker, maiztasunez entrenatzeko aukera zeukaten.

kir10_3.jpg

 

Coubetingo baroiaren ekarpena

1.172 urtez etenik gabe antolatu ziren jokoak Teodosio enperadoreak debekatu zituen, k. o. 396. urtean, kristautasunaren aurkari kontsideratzen zituelako. Hainbat mende igaro beharko ziren harik eta 1894an, kirol zale amorratua zen Pierre de Fredy –Coubetingo baroia bezala ezaguna- jokoak berreskuratzen tematu zen arte. Negoziazio saio neketsu batzuen ostean, Coubetingo baroiak 1896an garai modernoko estreinako Olinpiar Jokoak Atenasen antolatzea lortu zuen. Egia esateko, ekitaldiak ez zuen oihartzun handirik eduki komunikabideetan, baina baroia ez zen horregatik kezkatu. Jakin bazekien hura urrats bat besterik ez zela, eta denborarekin munduan erreferente bihurtuko zirela Olinpiar Jokoak. Eta bere usteak bete egin ziren. 1896ko ekitaldiaren ostean, Olinpiar Jokoak lau urterik behin antolatzen hasi ziren. Gauzak horrela, Atenasi Parisek hartu zion lekukoa 1900ean, eta ondoren etorri ziren Saint Louis, Londres, Estokolmo, Anberes, Paris, Amsterdam, Los Angeles, Berlin, Londres, Helsinki, Melbourne, Erroma, Tokio, Mexiko, Munich, Montreal, Mosku, Los Angeles, Seul, Bartzelona, Atlanta, Sydney… eta aurten berriro Atenasen egingo dira. Urteekin, probak sendotu ez ezik, beste bi edizio –Neguko Olinpiar Jokoak eta Ezinduen Olinpiar Jokoak- gaineratu zaizkio. Gainera, Lausanan (Suitza) egoitza duen Nazioarteko Komite Olinpikoak ekitaldien nondik norako guztiak kontrolatzen ditu. Argi dago Olinpiar Jokoen historiak zor handia duela Coubetingo baroiarekin. Haiek berriro martxan jartzeaz gain, zuzi olinpikoaren ideia berari bururatu zitzaion, eta Olinpiar Jokoen ikur bilakatu diren bost uztaiak ere erak asmatu zituen, 1913an. Dakizuenez, uztai bakoitzak kontinente bat ordezkatzen du. Era berean, Coubetin baroiarena dugu kirolari buruzko esaldirik ospetsuena: “Olinpiar Jokoek duten onena ez da irabaztea baizik eta lehiatzea. Bizitzan ere garrantzitsuena ez da garaipena baizik eta borroka. Helburua ez da garaipena lortzea, baizik ondo borrokatzea”. Olinpiar Jokoen historiari buruz datu gehiago nahi badituzue, hurrengo helbidera jo dezakezue: www.juegos-olimpicos.com

Kontaizu

2004, Abuztua 01
Arloa: Kirolak